martes, 6 de diciembre de 2022

ERROMANIKO ETA BIOK


 Goizean goiz jaiki gara Armentiako eliza erromanikoa txikerrari erakustearren, etxetik gertu dugu eta, bertan ere abade zen nire osaba batek bataiatu ninduen, berak eskatuta egunotan ikasten ari delako. Zer esanik ez, azaldu egin diot atzo bertan Hispaniako eliza erromanikorik garrantzitsuenetariko honen nondik norako guztien kontura topatu eta leitu nuen oro. Eta ezer gutxi ez bailitzan, berebiziko zortea izan dugu XVIIIko berriztatze obren ondorioz eliza inguratzen duten harresiak ez baitira batere erromanikoak, gailentzen den absidea kenduta; baina, bertan teilatupeko irudiei begira geundela, ni kontu kontari, noski, eliza zaintzen duen andrea agertu ustekabean. Oso emakume jator eta atsegina, tenplu barrura sartzeko esan eta bertan geundela kanpokoentzat itxita egoten den ate batetik pasatzeko proposatu digu XVIIIko harresi berriek estaltzen dituzten egiazko harresi erromanikoak eta beste ikuste aldera. Aukera benetan ederra txikerrari agindutako bisita borobiltzeko lagundu dit eta. Honezkero, eta seme txikia hain pozik zegoela, beraren antz ikaragarri handia duen irudi baten azpian argazki bat ateratzeko eskatu diot Goi Erdi Aroko Mk mitologikoa eta gaur egungoa alderatzeko asmoz. Gerora ere, haren atzean zegoen harresiko zulotxoak Gasteizko Bataila famatuan frantsesen balek euren ustezko zein egiazko etsaiak fusilatzerakoan egindakoak direla kontatu diot; hori ez omen zaio hainbeste gustatu. Edonola ere, badirudi txikiaren jakinmina edo berak nahi edo behar adina asebete egin dudala. Izan bagenuen ere Estibalitzeraino joateko aukera, baina urrunegi edo zegoen gaur goiz-eguerdian Gasteizko jatetxe batean familia osoa biltzekoa dugunez; dena ezin da iraganera begira egon, lantzean behin orainari ere jaramon egin behar zaio tamalez edo ezinbestez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

EUSKAL IDAZLE IKONIKOA

        - Bart gauean azaldu zitzaidan ametsetan Gabriel Arestiren mamua. - Zer ba? - Euskarazko idazle inonikoaren dekalogoa ematearren. - ...