lunes, 15 de octubre de 2012

ASPERRA



Duela hilabete batzuk eskatu zidaten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik idazlan bat indarkeria politikoaren erruz bidean galdutakoek utzitako hutsunei buruzko liburu bat osatze aldera. Esan nien baietz, noski, ni bezalako idazle ezezagun eta ziztrin batendako aparteko aukera baitzen nire izena nolabait ezagutarazteko. Gaur bertan idatzi dit sailburuordeak liburua egingo ez dela esanez euskal idazle gehienek muzin egin diotelako eskaintzari. Pena handia hartu dut, jakina. Baina, hala eta guztiz ere, atsekabetu ez hainbeste. Egia esan ez nau batere harritu, aldez aurretik nahiko proposamen nekoso edo latza zela baineritzon denon gusturako izateko eta hamaika arrazoigatik gainera. Ez ditut aitatuko, zertarako ote, nahiz eta gure euskal kulturaren nondik norako hain berezi, erretxin eta batik bat alderdikoiekin zerikusia duela uste izan.

Edonola ere, eta doala mehatxu gisa edo, badut asmoa nire ipuin honen muinetik tiraka nobelatxo bat idazteko etorkizunean, aspalditik baitarabilt gogoan delako indarkeriak eragindako hutsune zein galereei buruzko gai istorio/estakuru bat, ez dut beraz nire ipuin hau ahanzturaren zakarrontzira zuzen-zuzen botako, oraingoz ez.

                                                                      ASPERRA


 Nire hiriko jaiak gero eta aspergarriagoak begitantzen zaizkit. Edonongoak egia esan. Jendez gainezka egoteaz gain, inora joateko, ezer ikusteko edo edonorekin solasean goxo-goxo egoteko hamaika oztopo topatzeaz gain, bat-bateko eta derrigorrezko bozkario horrek nire onetik ateratzen nau. Zaharkitu naiz sano, noski; agian ez osasuntsu, baina bai aspalditik aisialdi lasaiak zein egunekoak nahiago bezainbeste dezente. Hori da behintzat nik uste dudana. Urteak aurrera joan ahala parranda gogoa gero eta makalagoa egiten da, doi-doi desagertzeraino, ia mehatxu ere bilakatu arte. Geratuko al gara bihar gauean? Berehala edozein aitzakia asmatu behar zure burua hiriko kale zikin, burrunbatsu eta uda minean egonda ere gauean beti hotzetan barrena ez ikustearren. Hobe dugu  astebururo bezala edozein jatetxetara elkarrekin joatea, lasai asko hitz aspertuak egite aldera, tentuz ere jan eta edateko betiko lez. Bestela badakizue, aspaldion biharamunek akabatzen naute, lur jota baino lotsatuagorik. Zer erantzun dizute? Pikutara bidali naute, laztana, jaietan parrandaz ez joateko ez baldin bazen zertarako elkarrekin geratu behar genuen egotzi didate, nahiago zutela jaiak pasa eta gero geratu, haiek ez dakit nik Foru Enparantzako zein kontzertura joango zirela. Ezetz esan diezu, ezta? Jakina, nik ere ez dakusat nire buruan nerabe tropel baten erdian denok elkar bultzaka, denok zirrien keaz blai eta kalimotxo edo garagardo katxiak gure sudurpetik pasatuz zein zipriztinduz, denok ere gure belarrien alboan ziur asko sekula ez entzundako abestiak garrasika basapiztien antzera. Ez, inondik inora ez. Gaur arratsaldean haurrekin El Prado parkean seme-alabekin geratzeko proposatu nien. Ez dakit aurki joango diren. Luis eta Zuriñe ezingo dira, kanpotik etorritako senitarteko batzuekin hitzemanak ziren. Patxik, aldiz, ezin zidan baiezkoa eman, berak gauean egundoko aitzurra harrapatzeko asmoa zuela aspaldiko partez, gogo ikaragarria zuela Virginia eta haurrak bere aita-amaginarrebenean utzitakoan hain zuzen, gurekin ez bazen hogeitaka urteko lankide baten koadrilarekin irtengo zen, beharko.  Zer ordutan? Bostetan geratu nintzen atzo. Berandu da, bai, Martinek debaldeko atrakzio zein jolasez gozatzeko parada izatea nahi baldin dugu lehenbailehen alde egin beharrean gaude.

 Jaietan gaude eta edonora zoazela ezin duzu egitarauko edozein ikuskizun ospatzen den lekutik gertu aparkatu. Izan ere, kotxea lekutan utzi eta gero El Pradoraino zuzendu eta bertan nahitaezko jende andanarekin topo egin dugu. Zer espero zenuen? Teresak sudurra zimurtu dit, jendetzak gorrotatzen ditu, ikaragarri aztoratzen dute, ni bezainbeste, hain zuzen. Ba al dakizu zenbatean dauden barrakak aurten? Bosna euro, seme-alabenganako maitasunak baizik zuritzen ez duen lapurreta garbi-garbia. Horrenbestez, ez nau batere harritzen hemen hainbeste familia pilatuta ikusteak. Eta bai, egia da, zuzen zaude, laztana, jolasgune bakoitzera sartzeko erreskadan jartzekotan arratsalde osoa emango dugu zain. Niri ere guztiz aspergarria egiten zait, noski, baita etsigarria ere. Baina, beranduegi, maitea, dagoeneko Martintxo zure eskutik askatu eta parkera sartu orduko ikusi duen aurreneko atrakzioraino jo egin du ziztu bizian.  Koltxoneta erraldoi batez egindako gaztelua, haurrak almenetaraino igo behar dute bi alboetatik, behin goian euren burua maldan behera botatzeko.  Gaixoak ez daki nondik sartu jolasgunera. Sarreran kokatu egin da, baina ilaran dauden gurasoen begiratu zorrotzek zein haurren mehatxuek usaturik gugana dator kitzikari ezin eutsiz. Begiratu egin diot Teresari burumakur; gureak egin du.

Betozkoa jarri dit Teresak, errua nirea bailitzan, honelakoetan betiere suertatu bezala nire ustez. Nori otu zitzaion honaino etortzea? Nork zekien parkea bete jende zegoela, eta hala eta guztiz ere… Zer edo zer eta laster asmatu beharrean nago honezkero errietarik ez izateko edozein huskeriaren kontura. Bien bitartean, berriz, tutik ere ez esatea hobe dut. Bestela, edozein txorakeria bota ezkero, lepora botako lidake arratsalde osoa alperrik galdu beharra.

  Martintxok bere amari eskutik oratu dio berriro, badaki koltxoneta gainean zapatak kendu behar dituela, berak gorde egingo dizkion jakin nahi duen; ez zaio batere atsegin gainontzeko haurrenekin nahastea. Erreskadan ama eta semearen atzean kokatu naiz. Baztertu egin naute, egia esan. Gero eta jende gehiago pilatzen da gure ilaran. Baina, gu ez goaz ez aurrera, ez atzera, guk ilaran iltzatuta ematen dugu. Teresa zuzen zegoen, aspertzen hasia naiz, oso.  Nire ingurukoei so egitea dut betekizun bakarra.
 
Egonarria. Egonean harriak bezala ote? Egonean arrastaka eraman beharreko harria? Egiazko harria banintz hobe, ez bainago batere eroso lerroan jolasguneko sarreraraino ezari-ezarian goazela, urkamendirantz urratsez urrats bagindoaz bezala. Ez nago eroso nire sorterri tarteka-marteka bakarrik maite eta betiere gozakaitzean nagoelako, ilaran txikitandik ezagun nazakeen balizko jendearen begiradapean, hauetatiko norbaiten ezustekoaren beldur. Aspalditik nire familiarekin bizi naizen Asturias aldeko hirian oso bestelakoa litzateke. Ezkon-senitartekoak zein emaztearen zenbait lagun edo lankide alde batera utzita, ez dut ia inor ezagutzen, hau da, kaletik lasai-lasai ibili ohi naizela inolako ezusteko handirik beldurtzeke. Nire erbestean bizi naiz lasai bainoago esne mamitan, maite dut niri bizilekua. Beharko, hara joan arte ez bainekien jende gehienak gainontzeko guztiekin gizalegezko, atsegin, eskuzabal eta guzti joka zezakeela, zientzia fikzioko idazle batek asmaturiko gizarte utopiko edo gaixo batean bezala. Hala ere, herriminak eraginda edo etxera itzultzeko gogoa, gurasoak ikusteko zein betiko lagunekin parrandan egoteko aitzakiaz, hilean behin edo birritan, aski ere. Eta orain udako oporretan gaude, Andre Mari Zuriaren jaiak aspaldi bilakatu bainituen gure bikote harremanaren ezinbesteko bat, Teresak berak beste hainbeste sortu eta inposatu bezala, alafede.


Ez dut, ez, nire lerrokideengan erreparatu nahi. Zertarako baldin badakit nor edo nor laster hautemango dudala nahitaez. Nahikotxo dut lehen, ilarara otzan-otzan gehitutakoan, koltxoneta erraldoi honetara igotzeko irrikan dauden haurrekin batera pilaturiko heldu andanari botatako soslaizko begiratuarekin. Polarrak nagusi, noski, zer espero, hemen bildutako gehienak gure adinekoak izanda, guraso gazteak beren kakanarruekin, azken urteotan Euskal Herriko egiazko eta agian erabateko ikurra bilakatutakoa, edonora zoazela zenbat eta polar gehiago ikusi, gero eta leku euskaldunago batean zaudela asma dezakezu segurutik. Euskara ere aditu berri dut aspaldiko partez. Nire adineko eta ustezko euskaltegi edo ikastola-kumeak euren seme-alabekin eskola hizkuntzaz barra-barra, nik esango nuke behar baino ozenago ere egiten ari direla, ondokoek laster jakin dezaten euskaldunak direla, euren seme-alabei Euskal Herriko hizkuntza irakasten dietela ikastolan edo propio irakatsi bezala. Polita da, oso, hunkigarria besteko, euskara nire hirikideen ezpainetan gero eta gehiago entzutea kalean, ikasgelatik at esan nahi dut, sikiera halako jaiegun zein topaguneetan, haurrekin zein txakurrekin, pixka bat asko da, Hizkuntza Politika Sailburuaren leloen menpeko;  beraien artean, ordea, aldamenean lagun zein ikastola-kide ohi dituztenekin –bai jaun-andreok, detaile honi muzin egin diozuenok, hau bezalako hiri txiki batean ia denok elkarren ezagun-, erdaraz ere barra-barra egiten dute eta. Tira ba, ezer berririk ez Euskal Herriko eguzkipean. Harritu eta agian ere benetan hunkitzen nauen gauza bakarra seme-alabok elkarri xalo-xalo euskaraz egiten diotena, auskalo noiz arte, auskako noiz otuko zaien helduen erdarak haiek ere heldu bihur ditzakeela. Edonola ere, ea egia den gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak… beharbada ere onduagoak.

Edonola ere, honek guzti honek biziki poztu egin nau. Nola ez, atzerrian egonda ere nire burua euskaldun izateari eusten saiatzen baldin banaiz ere, Idahoko artzain baten modura edo. Animatu egin naiz, beraz, nire inguruan disimuluz  kuskusean egitera, ea nor topatzen dudan begiraka, nolatan aldatu diren aspaldi ia egunero kaleetan barna ikusi ohi nituen lagun edo ezagunok, noraino dauden koitaduak ni beste aldatuak, etxekotuak, otzanduak, oinperatuak, zaharkituak. Eta bai, merezi zuen denbora-pasak edo, lehenengo begiratu arin eta disimulatu batean aspaldiko ezagun batzuk antzeman ditut laster. Denetarik dago, zenbait txikitako ikaskide, izena ere gogoratzeko gauza ez naizena, gaztetan astebururo Alde Zaharrean topo egiten nituen zurrutero porrokatu asko eta asko, hots, orduko tabernazulo peto-petoak, amorratuak egia esan, eta baita hamaika orduko saltsatan  ezagututakoak ere eta hauek bukatu orduko, ahaztu orduko, nire bizitzatik berehala desagertutakoak ere, Jainkoari esker. Gehienak ere umez lepo eta nekea, eguneroko neke luze eta sakon bat, orduak aurrera joan ahala aurpegietan zabaltzen omen. Badira gure ilara luzean, batik bat aipaturiko saltsetan ezagututakoetariko baten bat, gaur egun orduko Alde Zaharreko tabernarik borrokenetan zein derrigorrezko manifetan azaldu ohi zireneko piuraz jantzita dirautenak ozta-ozta, betiere eskuarki udaran baino janzten ez dituzten kamisetako lelo aldarrikagarrietan, gizonezkoei gero eta itsusiago, atxilo-ohi, geratzen zaizkien belarritakoetan edota kokoteko isatsean erreparatzekotan, kosta ahala kosta isioturik mantendu guran duten sute baten txingarrak bailiran. Hala ere, badirudi gaur gauean, seme-alabekin arratsaldea emanda, harik eta hauek behar bezala jolasean egin, aspertu eta nekatu arte, gurasoenean bilobak utzi eta gero, Alde Zaharreko kaleetarantz antxintxika jo egingo dutela jaietako parrandan murgiltzeko asmotan. Inbidia ikaragarria ematen didate, egia esan.

 Bigarren begiratuan, berriz, orain lasaiago egiten dudana lehenengoan inor benetan agurgarri topatu egin ez baitut, hara hor nor dut ilararen hasierara iritsi berria, ume bat eskutik oratuta eta bere aitak lagunduta ere bai: Mario! Ezin sinetsirik nago. Baliteke lausoak oker egitea, baina badaezpada ez dut berriro begiratuko. Mario da! Aspaldiko Mario, txikitako Mario, gure Mario. Badira urteak elkar ikusten ez genuela, azkenengoz orain dela zazpi urte inguru, Virginiaren amaren hiletan, ezin genuen hitz erdirik ere egin, lagun pila ote zegoen elkar agurtzeko, lagun pila, ia denak txiki eta gazte garaietakoak, berak ez ere aspaldiko partez ikusita izango ez zituenak, bostekoa eman zien banan-banan. Izan ere, bere lehenengo, txikitako, koadrilakoak laster baztertu gintuen, enegarrenez bada ere. Gu bistatik laster galdu gintuen antzina bezala, hiritik inori tutik esan gabe joan zen bezala. Gugandik urrundu zen betidanik gogoan izan zuen bizimodu, nola esango, libre, alternatibo, basari eusteko asmotan, mendira alde egin zuela esan liteke, basozain lanetan omen zebilen, edo horrek esan ziguten behinik behin. Berehala ere aldatu egin zen beste koadrila batera Isabelekin ia egunero topo egin behar ez izatearren, Isabel ahaztu beharrean zegoen nola edo hala, aitortu nahi ala ez denok bagenekien maiteminak jota zegoela, nola ez ulertu, zuritu, bere ihes-gura/behar hura.

-Aditu al duzu berria? Mario atxilotu dute.

Begiratu egin diot berriro. Bera da duda izpirik gabe. Mario, ala agian ez, agian dagoeneko beste izen batez ezagunago omen. Ez naiz gogoratzen zein, baina oraintsu ETBko telesaio batean irten zen bera basozain lan egiten omen duen eskualdea erakusten zuen erreportaje batean Txintxu, Pintxu, Zintxu edo ez dakit zer goitizenekin aurkeztu zuten, ez dit axola, Mario nuen eta dut. Nik ez nuen ikusi erreportajea, baina koadrilako batek esan zidan oso zaharkitua azaltzen zela. Nor ez, erantzun nion koadrilako horri, zuk zeuk ikusi al duzu zure burua ispiluan azkenotan? Euskaraz elkarrizketatu zuten. Badirudi nahiko dotore, txukun, aiko-maiko handi barik, moldatu egin zela hogeita hamar urte pasa, azkenean, ekinaren ekinez ote, bihotz-bihotzez maite zuela aldarrikatu ohi zuen hizkuntzaz. Areago, koadrilako horrek esan zidan ere ingurunera oso lotuta antzematen zitzaiola, ikaragarri maite ere zituela Gorobel aldeko mendiak, eskualdean jaiotako edonork baino hamaika aldiz hobeto ezagutzen zituela txoko eta zirrikitu guzti-guztiak. Mario beti izan zen naturazale porrokatua, beste hainbat gauzatan bezala.

-Badirudi bere neskalagunaren lagun batzuei ostatu eman ziela, edo hori behintzat kontatu zion bere amak nireari, deus ere galdetzeke.

 Jakina, errua beti beste batena, eta baldin badago emakumezkorik askoz hobe, badugu errudun nagusia, ia bakarra, Marioren amak ez zuen dudarik, alajaina.

-Badirudi Marioren neskalaguna borroka horietako bat zela, Amurrioko Herriko Tabernan ezagutu omen zuen, piercing zein tatuaiez, zer diot nik, barkatu, tattoez  –coolago geratzen baita- josita zegoen goitik behera, eta apurtxo bat potola ere bai.

Ezin kasurik egin amei, ez dakusate ikusi nahi ez dutena, nireak nitaz ere ederrak esan ohi zituen, koka-kolak baino edaten ez nituela asteburuetan Alde Zaharrera joaten nintzenean, ezin ulertu beraz zer-nolako aitzurrekin bueltatzen nintzen etxera ia goizero.

-Mariok ez zekien ETAkoak zirenik, berak bai ordea.

Jakin ez zekien bezala, urte andana Aiara alderantz ospa egin aurretik, zer dela eta koadrilako hiru atxilotu gintuzten manifa hartan, nire semea ez da manifestazioetara joaten, lagunek edo eraman egin zuten, baliteke ere Alde Zaharrean lasai asko egon izana eta bat-batean, abertzale alu horiek, ETAren kumeak, astebururo dena sutan jarri behar, dena hondatu, koldarrak, nire semea bezalako mutiko zintzoen artean babesten dira harrapa ez ditzaten.

-Gu ez, gu ez gaitu engainatzen –Isabelen lagunminak, koadrilako neskarik zorrotzenak, bazuen argi eta garbi, betiko lez-, guk denok ondo asko baitakigu  Mario nortzuen aldeko izan zen beti, zertaz harritu behar, noiz edo noiz harrapatu behar zuten. Merezi du beraz jarriko dioten zigorra.

Nik dakidala orain dela bost urte edo atxilotu egin zuten etakide haiei ostatu eman izanagatik. Badago kalean, bistan da noski, nahiz eta nik badaezpada beste behin ez egiaztatu nahi izan. Badu gainera alabatxo bat, berea da, bai horixe, aitonarekin daude, Mariok lepogainera igo du koltxonetan zoro moduak saltoka dauden haurrak ikusi ditzan, aitonak aginduta ote. Aitonak beti ari baitzen aginduka, Mariok ezin zuen jasan, aita berak gorrotoen zituen guztiaren irudia baitzen, Burgos aldeko herrixka batetik etorritako nekazari egoskor eta atzerakor peto-petoa, den-dena pikatxo eta palaka konpontzen zutenetarikoa, den-dena politikaren erruz eta batik bat agintari alfer eta ustelek hankaz gora zegoelakoan. Nik uste Mariok txakurrei… poliziei -ai ene, aspaldiko hizkerari ezin uko egin ere!-, harrika egiten zien aldiro bere aitari jaurti egin balio bezala zela, edo bestela ezin asmatu nondik zetorkion amorrazio handi hura.

-Ez dakit terroristei laguntza emateagatik zenbat urtekoa den zigorra. Nik kartzelara sartu eta giltza troka batetik behera botatuko nukeen.

“Goazen ba!” agindu dit Teresak, geldi geratu bainaiz hausnarrean bera eta semea erreskadan aurrera egin bitartean. Hutsune bat eragin dut ilaran, hobe dut hainbat arinen betetzea Mariok nigan errepara ez dezan ustekabean. Zer egingo nuke, orduan? Agurtu eta kito? Hurbilduko al natzaio ilara utzita? Nola azalduko nioke gero kanpokoa izanda hemengo gauzak zuri eta beltz nahitaez ikusten dituen Teresari Mariorenganaino joan izana, sasi-etakide ohi batenganaino? Larrutuko ninduke gero. Noizbait Marioz hitz ere egin diot, gauza gutxi, gure gaztetako garai urruti horien kontura, nola koadrilakoek elkar ezagutu genuen, gure aurreneko parrandak-eta, kezko garai ilun haietako zenbait pasadizo, xelebrekeriaren bat edo. Kontatzekotan,  orain dela bost urte atxilotu zutenekoa ziur aski. Albistea egunkarietan azaldu zen eta gainera nire koadrilakoak horren kontura deika izan nituen aste osoan; ba al dakizu Mariorena?

-Nik ere giltza botako nukeen trokan behera.

Eta giltzarekin batera inoiz berriro gaztetan bezala elkartzeko inolako aukerarik ez. Benetan hurbilduko al natzaio agurtzeko? Zergatia badakit, aspaldiko adiskide dut? Baina zertarako orain? Martin igo berri da koltxoneta gainera, Teresaren parean jarri naiz gure semearen gozamenaren lekuko, baliteke etorkizunerako notario.


Mario, gure Mario, hala esaten baikenion hogeitaka urte pasa ere, inoiz gugandik alde egin ez balu bezala, lehen koadrilaz eta gero hiriz aldatu ez bailitzan, atxilotutakoan, ia komunikabide guztietan agertu eta gero etakide haien pare-parean, esku-burdinez eta guzti, erabat arroztu zitzaigun, alegia.


-Tontoa baino tontoagoa izan behar horrelakoetan bukatzeko.


 Baina bazekiten haiek ere, Mario atxilotu eta gero hain gupidagabeki larrutzen zutenok, sekula ez zela izan batere tontoa, oso mutiko tolesgabea baino, azkarra ere bai, oso sentibera akaso. Bai, ez egin barrerik, ahots eme erretxingarri horrek. Mariok bazuen abilezia aparta bere barne kezkak-eta nola edo hala erakusteko, batez ere lumaren bitartez; ikusi bestela nolako marrazki ederrak egiten zituen, zer-nolako komiki polit eta zorrotzak, gogora ezazue elkarrekin sortu genuen komiki aldizkari hura, nik uste lauzpabost zenbaki edo argitaratu genituela, oso aldizkari…, nola esan, ¿anarko-mozkorra? Bai, horrela esaten genion erdi behintzat, erdi txantxetan edo. Mario artista trebea zen, munduko arazoak zein gure gizartekoak kezkabide zituena, agian ere den-dena muturreraino eraman ohi zuen gazte bipila, baliteke politika kontuetan inozenteegia, gehienok ginen bezala, bestalde, zu izan ezik, noski, nire koadrilako ahots eme eta beti errukigabe hori.


-Txorakeriak, denak izaten zineten bere modukoak, abertzale sutsuak, Euskadi askatu kosta ahala kosta nahi zutenetarikoak –hona hemen, behin berriro, azken bolada honetan belarria etengabe berotzen didan leloa koadrilako neska horrekin biltzen naizen aldiro-. Mario zuetariko erradikalena omen zen, bere ideologia-kideekin bat egin zuena sasi guztien gainetik hodei guztien azpitik, ondo asko erakutsi digun bezala.

-Nik ez nuen sekula ETAren alde egin, nik betiere indarkeriaren erabilera gaitzetsi egin nuen.

-Zuk bai, baina berak ez, hori da inoiz kontuan hartu nahi ez duzuena zuk eta koadrilako gainerakoek. Mariok ETAren hilketak eta mehatxuak zuritu egin zituen beti, Euskal Herriaren askatasunaren aldekoak ziren, ezinbestekoak beraz. Mariok parte hartu ohi zuen Ezker Abertzaleak antolatzen zituen saltsa guztietan, badakizu, jaiak eta borroka ere bai, auskalo zer gehiagotan. Baina, zer dela eta uste duzu Isabelek uxatu egin zuela?

-Ez zutelako elkarren antz handirik, Printzesa eta eskalea ematen zuten.

-Ez, Ederra eta Piztia hobe, Isabelek ez zuen inoiz gogoko izan txordo hori.


Koadrilako ahots eme gupidagabeko horrek ahaztua du zer-nolako adiskideak izan ginen denok, ahaztuak ditu elkarrekin pasatutako momentu goxo, zirraragarri, ustezko ahaztezin guztiok, ahaztuak ere behin betiko elkarri egindako aitortza eta promesa guztiak. Ahaztua du bai, erabat. Izan ere, gauza bakarra gogoratzen du, Mario etakide batzuei ostatu eman izanagatik atxilotu egin zutena.

-Zuk ahaztu egin al duzu Buesa eta bere bizkartzainaren hilketa salatzeko manifestazioan gure EGIko lagunarekin izandako kalapita? Bera bezalako abertzaleek ez zutela, ez lotsarik, ez bihotzik, ETAren krimenaren kontra protesta egitera joan beharrean euren lehendakariaren aldeko beste manifa bat konbokatu egin zutelako aldi berean. Egundokoak esan zenizkioten elkarri.

 Ezin nituen paratu koadrilakoaren laguna ere zen egitxu haren bihotz gogorkeria, badakit denak ez direla bere modukoak, denetarik dela, jakina baietz, ezbaian egotea ere!, gehienak agian bera baino hamaika aldiz zentzuonezkoagoak, guztiz bihotzonekoak. Baina, gure lagun hura ez, bera kaskamotz hutsa zen, zentzu guztietan gainera, egoskor galanta, berak ez bezala pentsatzen ez zutenekin ezertan bat egiteko ezgauza, ez baitzuen ulertu nahi halako kinka batean, norbait akabatzen zutenean, lehentasunak lehentasun, ezin zinen ibili ohiko aiko-maikoetan, ibiltzekotan batzuen alde jarri egin zara besteen kontra nahitaez, edo hori behintzat zen orduan nik uste izaten nuena zinez eta minez.

-Hiltzaileekiko ekidistante izatea leporatu zenion gure egitxu lagun horri.


Buesa eta bere bizkartzainarenak izugarri txunditu ninduen, bihotzoneko euskaldun guztiak txunditu eta mindu bezala garai hartan, gizabanako guztiak, alajaina. Baliteke Miguel Angel Blancorenak bezainbeste, noski. Baina, Buesa eta bere bizkartzainaren hilketaren ondorio zein gorabehera politiko guztiak alde batera utzita.

-Bakar bakarrik? Aspergarriak zarete, oso.

 Baliteke, egia esan gaur ikusita orduko hika-mika guztiok aspertu baino ez naute egiten. Aspertzen nau gogoratzeak zer nolako itsuak, ergelak, izan ginen gure inguruan gertatzen ari zenari erreparatzerakoan. Badakit norbaitek idatzia duela gure gurasoek gezur egin zigutena. Oso erraza litzateke, berriz, haiei erru osoa leporatzea. Nirea ordea oso argi daukat, Buesa eta bere bizkartzainarena suertatu eta gero Buesaren alaba Martarengana jo behar izan nuen lehenengo aukera izan orduko nire dolumina agertze aldera. Ez nuen sekula egin, ez nintzen ausartu. Ez dakit zer dela eta ezin nuen hain gizalegezko eta batik bat bihotzoneko keinu xalo hori egin. Lotsa ikaragarria ematen zidan pentsatze hutsak. Eta hala eta guztiz ere, noizbait kalean zehar ikusita, urrundik izanda ere, beti aitzaki-maitzaki egon nintzen. Baina, beti alperrik, inoiz ezin nuen beragana joateko behar adina adore bildu. Laster aspertu nintzen nire txepelkeriaz, lotsatzen nintzen, baita ostrukarena egitera ohitu nintzen ere. Aspertu nintzen Marta ezagun nuelako, ikaskide ohi. Bai, izugarri estimatzen nuen, beti begitandu egin zitzaidan neska txit pertxenta eta buruargia, eta jatorra, oso, berak agian nire beraganako guzti hau sekula ez jakinagatik.

-Ikusi al duzu nola goxatu duen? – galdetu dit Teresak koltxoneta erraldoitik antxintxika jaitsi eta agertzen zaizkion haur edota helduen zango guztiak sigi-saga saihestuz guganantz ziztu bizian datorren nire semeari behingoz edo errepara niezaion.

-Eh… bai noski –baina gezurra da, galdu egin dut oraingoan gehien inporta zaidan gauza ia bakarra-. Joango al gara beste jolasgune batera?

-Ez aita, aspertzen ari naiz, goazen etxera, faborez.



Txema Arinas
Berroztegieta,  Araba.
2012ko uztailak 23

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...