martes, 23 de octubre de 2012

ERIETXEAN



Eritxean nago goiz eta gau, ume nagusiari apendizea kendu egin baitiote igande arratsaldean tripako minzorra sortu eta urgentzietara arin-arin eraman eta gero. Gorroto biza diot hemen egoteari, ez naiz oso aparteko, badakit, nori gusta dakioke?, seguru asko baton bati denetarik baitago nonnahi. Baina niri ez, egonaldi luze-luzeak igaro baititut nire ama gaixoa zaintzen urtetan auskalo zenbat bider operatutakoan bizkarrezurreko gaitza zela medio. Dena desatsegina begitantzen zait erietxeotan, den-dena, eraikinak zein langileak, edonora zoazela harrapatzen zaituen kiratsa, sendagileen edonolako jokabidea, betiere gizalegetsua, baina aldi berean ere harroegia, handiustekoegia ala, guztiz bestela, aitakeria nagusi, umetzat hartuko bazintuzte bezala halabeharrez. Baina, latzena edo, gaixoaren ondoko ordu luze-luze eta asper-asperrak, debalde eta inon baino geldoagoak joaten zaizkizun orduak potrojorran, eskuartean zenuen lana alde batera utzita eta horrenbestez astoraturik berriro eta hainbat arinen ekiteko gutiziak, nahiz eta denbora ahalik eta atseginen, arinen, pasatze aldera denetarik eraman edo egin, nahiz eta aldamenean duzun edonorekin gutxitan ez bezala hitz aspertuak eta maíz ere guztiz zentzugabekoak egin, berdin dio, inon eta inoiz ez bezala gogait egiten duzu-eta.

Esperoan zaude etengabe, eta gaixoak inolako arazo eta oztoporik ez duela ondo asko dakizunean alperrik ere, behin baino gehiagotan azken honen sendabidea ez baitagokio egonaldiaren luzapenari ospitaleko barne burukraziari baino. Edonola ere, egunak etengabeko joan-etorri batean ematen duzu ospitaletik etxera eta alderantziz, etengabeko esperoan, berriro diot, ea noiz azalduko ditxosozko sendagilea zorioneko baja aginduarekin. Bien bitartean gaixoaren ondoan ordurako elkarri zeresanik ez duzula, gela jendez bete ahala nora jo behar duzula ez jakinik, pasiloan gora eta beheraka, ospitaletik noraezean ez baldin bada kafetegiraino enegarren kafesnea eskatzearren. Are okerrago gaua gaixoaren alboan igaro behar izan ezkero, orduan bai zureak egin duela, nire kasuan behintzat ondo asko dakizulako aldez aurretik lo apurrik ere egingo ez duzula, hiru urtez ozta-ozta egin baituzu zure ume txikiaren erruz zure ohean, ohe on batean egia esanda, egiteko bakarrik gauza zarenez gero.

Horrela joan zitzaidan niri gaua, esna-esna, lokartu ezinik, edozein zaratak itzartzua, tortura potro moduko eser/etzaleku batean etengabe iraulka ez bainintzen gauza noiz/nonbaiten lotarako egokitzeko. Gaueko orduak, gainera, ikaragarri astiro-astiro pasa egiten dira, ilupean zaude eta ingurukoeak ez itzartzeko ahalik eta hots txikien egiten saiatzen zara kosta ahala kosta eta nire kasuan ere alper-alperrik delako tortura tramankuluak kirrinka egiten baitzuen edozein zirkinik egin orduko, orduan saiatuko zara ez mugitzen, gorputza zurrun-zurrun eta goizaldea urrun-urrun, sekula helduko ez delakoan, arima ere gogortuko zaizu zazpirak aldera erizainak atetik egunon esaka agertzerakoan. Orduak polito-polito badoazkizu hurrenez hurren eta zuk etengabeko gogoeta egiteko behartua edozein huskeriaren kontura, bat-batean eguneroko kezkak-eta korapiltzen zaizkizu gogoan, bizitzari ezusteko errepaso eman beharrean zaude. Alde onak zein txarrak, noski, baina gizaki hutsa zara, baduzu beraz txarretan luze eta sakonago erreparatzeko joera nahitaez, balitek zure oraingo bizimodua inoiz baino zoriontsuago, bete/osagarriagoa, atsegin eta erosoagoa, izatea baina hori guztiori ez duzu aintzakotzat hartuko, nahiago izango duzu beti zure bizitzaren alde ilunak edo gogora ekarri, atsekabetuko zara, bai, halabeharrez, honelako tokiek atsekabetzen baitzaituzte betidanik, bizia bahitu dizutelakoan edo, bizia hemen eteten baita, bizia sarri askotan ere hemen bukatu ohi da-eta.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario