miércoles, 20 de febrero de 2013

BETI GAIZKI PENTSATZEN


Ezer baino lehen, banuen gogoan etengabe, beti, ohituraz, gaizki pentsatzen ari direnen gainera zer edo zer idazteko, susmoa baitut halako jendilajeak inguraturik bizi naizela edonon eta edonoiz, edo bestela esanda, ez dagoela modurik inorekin, edo gutxienez zure betiko adiskidea ez den inorekin, behar bezain gizalegetsu konpontzeko, ez besterik. Baina, ez, nagiak ematen dizkit horrelako gogoeta egiteak. Eta gainera zertarako ote? Hobe esanda, gainera zer dela eta beti berdin, hots, betiko kontuak gora eta behera, gogoan sartu zitzaidanean banenbilen ni asko erresumindurik auskalo zeren kontura, gaur ez, baretu naiz, atsekabea zeharo joan zait.

Horrenbestez, goiko argazki ederra ikusi dut hor nonbait, eta zera akordura ekarri dudan ezinbestez: Senegalen egon ginenekoa bi lagun eta hirurok. Aspaldi samar bai, baina guztiz gogoragarria itzel pasatu baikenuen, itzel txunditu egin baikintuen herri hark, bertan ikusi zein bizi izandako ia guztiak. Beharko, faunari baino ez genion erreparatu behar sor eta lor geratzeko etengabean. Afrikan geunden, bai, baina inondik inora telebistako dokumentaletan azaldu ohi dena, hau da, Serengeti bezalako alderdiak, sabana edo oihan bete animalia edo piztia. Senegal aldean, aldiz, ez zen posible halako dokumentalak errodatzea, bertako fauna guztiz bestelakoa baitzen Kenia edo Tanzaniakoaren aldean, Senegal Sahelen zati bat da gehien bat gehi oihan-alde xume bat hegoaldean, Casamance aldean non tropikoa hasten den doi-doi. Senegal barrenean ez dago jadanik animalia edo piztia handirik, gehienak erkastu egin baitira ehiztariek garbituta arestian; edo berriro ere bestela esanda, ez duzu topatuko inolako lehoirik edo elefanterik ez baldin bada hirietako azoketan bertako artisauek bolinez eginak.

Hala ere, fauna txikia nagusi da eta ikaragarri ugari zein bitxia geure lurraldekoaren aldean. Geurean txikia den zomorro, zarrapo, musker, sugandila edo antzerako animalia gehienak bertan hamaika bider handiagoak izaten dira. Besteak beste goiko argazkian agertzen diren marraskiloak edo barakurkuiloak. Ikusi beharrekoak ziren ilunkaran ostatu genueneko ingurumarietan, barra-barra eta nonnahi. Ikusi zein usaindu beharrekoak zeren gauetan paseoan genbiltzala ia ezineskoa suertatzen zitzaigun, guri eta edonori, ilunpetik gindoazela ozta-ozta, marraskilorik ez zapaltzea, hots, ibilian etengabeko kriskitin-kriskitin bat, koitaduak. Ezin igarri, beraz, zer-nolako kiratsa zapaldutako marraskiloena, benetan sarkorra eta, nolabait esateko, heze-hezea, baliteke hil berri izandako abere baten zilbor-hesteak bezalakoa. Benetan bitxia eta xelebrea, bertako marraskiloak zapaltzeko ohituta ez baldin baduzu, hau da, pena ematen baldin badizu barakurkuilo arrunt eta koitadu bat hiltzea ezustean edo, zer esanik ez marraskiloak ia katu baten tamainakoak direlarik.

Bai horixe, bertako fauna txikia zoragarria zen, gorago esan bezala, handia zein ugaria, marraskiloak ez baitziren mutazio bat nozitu bide izandako animalia bakarrak, hobe dugu ez gogoratzea eltxo, zarrapo, musker edo gainontzeko mozorroen tamaina, benetan ikaratzeko modukoak direla esatearekin aski da, batez ere gauerdian esnatzen zarenean ustekabean eta zure moskiteraren gainean topatzen dituzunean, gizonezkoak ginen aldetik ez genuen garrasirik egiten, ozta-ozta ere. 

Tamaina zein kopurua, handiak ez direnean milaka izaten direlakoan bainago. Besteak beste karramarro beltzak, hondartzetan antxintxika aritzen direnak. Senegal aldean gauean hondartzara jo, bertan linterna isiotu eta argiak artazien gisara zabaltzen zuen milaka karramarrok irundako mihise beltz bat ikusten zenuen, zoragarria bai. Bazen bertako naturak eskaintzen zizun hainbat ikuskizunetako bat, eta ez bazen ikustekoa, baliteke jatekoa, manglaretako ostren antzera. Ez zuten parekorik itsaso hotzetakoekin, baina, aparteko estakuru genuen bertako jendearekin manglareko adarrekin egindako sute baten ondoan hitz eta pitz egite aldera ostrak erre eta jan bitartean garagardoak tartean ere bai.

Esan bezala, natura zoragarria da, areago tropikoan edo gure ingurukoaren aldean, bertan dena bitxiago eta ugariago suertatzen baita, bertan dena biziagoa eta errazagoa begitandu bezala, agian animaliekin baino gertatzen ez dena gizakiak azken buruan eta ondo ezagutu ahala beti antzerakoak erakusten baitira edonon.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...