lunes, 22 de agosto de 2016

PORTALOIA



Txikitan El Portalón Gasteizen ospe gehien zuen jatetxea zen. Izan ere, edozein gauza handitara, goitik jota, ospatu nahi zenuenean El Portalón hizpidera ateratzen zen. Hiriko dotore eta garestiena zen, entzute handiko sukaldari eta gainera eskultorea zuena, Santxotena nafarra. Txikitan, ia urtero, nire gurasoek bertara eroaten ninduten adiskide eta lankide batzuekin pelukeroen patroia ospatze aldera; egun ederra, aparta, xelebrea zen, jakina. Gauzak horrela ezta batere harritzekoa gasteiztar mordoaren gogoan El Portalón demaseko luxu zein gastuaren ikurra izatea. Hortaz, ezta ere harritzekoa atzo nire Tk bertara lagunekin zapatueroko pikoteoa afaltzera joateko proposatzea eta bat baino gehiago harri eta zur geratzea; "baina, baina, nire sakela... koitaua.", ni neu tarteko ere bai. Halere, gaur egun nafar artista prestu eta burutsua ez dago sukaldari, Aiara aldean bizi delakoan nago, Arkupe zaharrekoek gobernatzen baitute, eta gainera, edo batez ere, beheko solairua antolatu egin dute pikoteoa egin gura dutenendako, pikoteoa gainera ezin hobea, goxoagoa eta batik bat prezio onean; egia esan, merkea ere hiriko oso antzerako hainbat jatetxeren aldean, edo bestela esanda, Alde Zaharreko txiriboga askoren pare-parean, prezioei dagokienez behintzat. Ez dakit ordea goiko solairu itxurosoagoan, glamurosoagoan, zelan emango duten, denetarik aditu dut; baina, baliteke egunen batean guk ere taxuzko zerbait ospatzeko parada izatea eta orduan bai, orduan goiko solairuaren kontura aditutako zurrumurruak, esamesak, egiaztatuko ditugun ala ez. Bien bitartean ostera herri xeheak badugu aitzakia ezin hobea El Portalón bezalako markoinkonparable xumea gozatzeko prezio onean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario