jueves, 6 de julio de 2017

FOROFOAK


Politikak forofismoaren antzera ulertua nazka handia ematen dit, alafede. "Ezkerrekoa naiz", bai, diozu, eskubide osoarekin, guztiz alderantzizkoa bazina bezainbeste, baina hain ezkerrekoa, hain garbia, ezen Venezuelako ustezko iraultza bolibiarraren aldekoa zara nahitaez. Hau da, "txabismoa txiroen aldekoa denez, ni neu txabista ere bai, horiek dira nitarrak, eta besteak, aldiz, oposizioa, nire etsaiak ezinbestez, ez dut duda zipitzik, ez dut inolako gogoetarik egingo nire ustezko nitarrok bidezko gauzak egiten ari diren ala ez asmatzeko, zertarako, kritika antiraultzailea omen da, ni beti niretarren alde."

Ezkerrekoa zara, bai, internazionalista, munduko herri zapaldu guzti-guztiak eta borrokaide dituzu, oso ondo, primeran. Baina munduko edozein ezkerreko -ustezko ala ez- mugimenduk merezi al du zure elkartasuna? Are zehatzago, merezi al du haren herriko konstituzioaren kontra lan egiten duena, haren gizartea erdibitu duena, haren herriko ekonomia hondatu duena gosea hedatuz eta gutxiengo pribilegiatu bat bakarrik aberastuz? Zilegia al da diktadura bezala jokatzen duen gobernu bat, haiek ez bezala etengabe eta indarrez baztertzen/atxilotzen dituena?

Propaganda nirea? Hedabideek engainaturik, nire Venezuelako senitarteko zein adiskideek astero engainaturik, nik neuk aspaldi bertan ikusitakoaz engainaturik?

Ezkerrekoak ere dira/ziren Lula, Correa, Evo Morales, Ortega, laurak Chavezen lagun edo borrokaideak, eta laurek ere jokatu zuten euren herriko legeen arabera, laurek haustestontziak errespetatu zituzten, laurek ospa egin zuten hauteskundeak galdu edo botereaz nekatu zirenean. Zergatik ezin du Madurok berdin egin bere kontrako hainbeste erantzun edo arbudio dituelarik?

Ala agian hori al da zuek bezalako internazionalista iraultzaileen aldetik espero genezakeena noizbaiten, eta auskalo nola, gure artean garaitzekotan: demokraziaren arauak zapuztu, gizartea zatikatu eta zuen ideiak kosta ahala kosta inposatu zuek egia berdaderoan zaudetelakoan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...