jueves, 13 de julio de 2017

MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA


Udaro bezala Luzaro gogora etortzen zait, Luzaro herri asmatua, izen literario hutsa, gainera Barojari mailegutan hartutakoa, inori axola ez zaion nire umetako udaldietako Gipuzkoako kostaldeko herri batean oinarritua. Luzaro da MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA liburuan azaltzen den herria, hein handi batean ere egiazko protagonista, bertan gertatzen diren hainbat pasadizu edota agertzen diren hainbat pertsonai umetan ezagututakoak baitira, eta jakina, behar bezala mozorrotuak edo oso bestelako batzuekin nahastuak eta aldrebestuak. MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA liburua da, akatsak akats, euskaraz idatzi dudan libururik onena, edo gutxienez zintzoena, mamitsuena, zirraragarriena, alegia. Izan ere, MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA liburuaren inguruan badago istorio zinez xelebre bat inoiz kontatu dudan ez dakidana; duela hamar urtetik gora Argitaletxe oso ezagun baten nobela lehiaketara aurkeztu eta epaimahaikoek saritu egin zidaten; halere, ordurako nik banuen lehiaketa zeharo ahaztua eta nobela HIRIAko Luis Haranburu editorearekin argitaratzeko hitzemana. Orduan, garai hartan, gaur baino eskarmentugabekoagoa eta inuxentagoa nintzen, horrenbestez Haranbururekin itundutakoa nahitaez bete beharrean nengoela uste izan nuen. Liburuak, zer esanik ez, ez zuen inolako oihartzunik, ez eta mediatikorik ere, hau da, Hiriarekin suertatu ohi zen bezala eta edozein zela kausa. Gaur egun, aldiz, eta gainetik ikuskatu eta gero, ez dut uste hain liburu txarra zenik, ez horixe.

"Baliteke nire aitak zer edo zer gaizki egin izana, baliteke ere leporatzen zizkioten bidegabekerien erdiak egiazkoak izatea ere. Baina ez zen nire errua, ez nuen inolako erantzukizunik bere alaba izanagatik. Ez zuten, haatik, inolako eskubiderik nire aitaren erruaren zati bat egozteko, izugarri errukigabekoa omen zen euretako askorekin txikitandik eskolan zein jolasean lagun zuten neska zintzoarekin hain bihozgogor jokatzea. Zerbaiten erruduna nintzela mamurtzera hasi nintzen, gutxienez gure aitaren bekatuen lagun, hala bakarrik uler nezakeen bat-bateko ezinikusi hura, isiltasunaren mesprezua. Banekien nik gure aitak aldizka zeharo egoskor jotzen zuela, askotan ere oso zuzenak iruditu ez zitzaizkidan erabaki batzuk hartu zituela, besteak beste oraindik Frankoren garaian bere langile batzuk kalera bota egin zituenean eskubide sindikalak eskatu zizkiotelako. Baina banekien ere gure aitak gauza batzuk ezin zituela ulertu, ez zela bertan jaioa, ez eta herrian mika urte igaro eta gero ere, bere bizkar gainera zetorkion mundu berrirako, saiatuta ere ez zela moldatuko garai berrietara, aspaldiko ohitura txar eta samingarrien menpe bizi baitzen. Hala eta guztiz ere, noizbait norbaiti kalterik egin baldin bazion, ez zuen apropos egin, eta ez zuen ere inoiz behar baino bortitzago egin, gozatzeko edota are gutxiago inolako atarramenturik ateratzearren. Berak beti berea eta bere ondokoena defenditzen ari zela uste egin zuen, berea batik bat defenditzeko eskubide osoa zuela, berea, hau da, orduko mundua, suntsitu nahi ziotelako, zeharo oker zegoen arren. Hil zutenek, ordea, bere egoskortasun hori biziaz ordaindu behar zuela erabaki zuten. Gainontzekoek, Luzaroko herri osoak, odolezko ordainketa hori nola edo hala merezituta zutela ere erabaki egin zuten."

MALDAN BEHERA DOA AGURO NIRE GORPUTZ BILUZIA - Txema Arinas

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...