domingo, 31 de enero de 2021

AZKEN EGUNOTAKOA



Hain potroetaraino nago gaiaz, ezen oraintsu kalean zurrutean jardun ahal izateko protesta egiten duten gazteen arduragabekeria nola edo hala zuritzen zuten lagun batzuei erantzun diedana hona aldatu nahi dudan:

Ez nago batere ados. Izan ere, gazteriaren berezko errugabetasunak nazkatzen nau. Zer dela eta nik, gustura ala ez, ados egonda ala ez, arauak bete beharrean nago ta haiek ez? Gaztetasunaren jaurespena nazkagarria da, baita gure gizartearen berezko infantilizazioaren zein etengabeko ergelkeriaren orokortasunaren seinale. Potroetaraino, benetan.

Niri ere itxi dizkidate tabernak-eta, nik ez ditut nire adiskideak aspalditik ikusi, ni ezin naiz Gasteiza joan nire familia ikustera, Gasteiz inguruko herrixka batean bakarrik bizi den nire 78 urteko amarekin egoteko, ni ezin naiz hainbat eta hainbat.. eta nire seme nagusia bezalako astopotro ganoranako bat ordea bai?

Niri irakatsi zidaten nire nagusiek nagusi izateko, hau da, txikitatik nagusiek bezala jokatzeko, arazo zein egoera larriei aurre egiteko, goiari eusteko NAHITAEZ, hori baitzen euren hezibidearen helburua eta ez guztiz kontrakoa, gaur egun lege omen dena: betiereko nerabe bat izateko eskubidea.

Niri sekula ez didate etiketek ardurarik izan, hortaz, ez naiz orain arduratzen hasiko atzerakoia, erreakzionarioa, antigualekoa edo dena delakoa naizela leporatzen baldin badidate. Izan ere, baditut nik ere hitz politak eta potoloak ditut zenbait jokaera ezin hobeto definitzearren.

Eta ez, gizartearen berezko infantilizazioa zein gaztediaren adorazio interesatua kritikatzeagatik horrek ez du esan nahi politikariek agintzen edo egiten duten ororekin bat natorrenik, ez dudala nire irizpiderik ezartzen dizkiguten arau eto neurrien gainean. Ni, esaterako, ez nago taberna guztiak ixtearen alde, ez dut ulertzen, ez, zergatik Nafarroan edo Asturiasen terrazetan zerbitzeko aukera dagoen eta EAEn ez; ezberdinak al dira irizpide ustez zientifikoak elkargo batetik bestera? Eta holaxe beste hainbat gauzatan; baina, jakin badakit ere norbaitek lemari eutsi behar diola halabeharrez, batez ere ez dela komeni lemazainari demaseko egurra ematea itsasontzia portura iritsi baino lehen.

Bestalde, aitortzen dut oso bero nabila nerabeen asunto honekin. Bai, oso kezkatuta nagoelako nire seme nagusia dela kausa. Halere, aitor dut, politikarien erabakiak, zuzenak ala ez izanda, etengabean kritikatzeak aztoratzen nauela, susmoa baitut kinka honetan erabaki eta arau guztiak gaitzetsiko zituztela printzipioz eta batik bat politikakeria egitearren Arnaldo jaunak berak ondotxo egin zuen bezala duela pare bat egun edo.



        2031 urtean nire bi ilobak niri galdezka:

-Osaba, argazki honetan argertzen diren gazteok aspaldiko "kale borroka" famatukoak al dira?

-Ez, argazki honetakoak delako Kale Borrokan parte hartzen zuten gazteen seme-alabak ziren.

-Eta seme-alabok ere Euskal Herriaren burujabetasunaren alde borroka egiten al zuten?

-Ez, ilobak, gazteok kale-zurrutean egiteko eskubidearen alde borroka egiten zuten 2021 urteko pandemiaren erdian.

-Zer ba?

-Eurek ere euren herri honetako burugabekeriaren aldeko harri koxkorra ekarri nahi zutelako nagusiek behinola egin bezala.

-"Burujabetasuna" esan nahi duzu, osaba, ezta?

-Ez, zuzen esan dut: "burugabekeria".



 Gregorio Ordoñez erail zuten biharamunean Gasteizko Historia eta Geografia fakultatera iritsi nintzen. Ikasgelan nire euskal adarreko ikaskideekin topo egin orduko giroa aldrebestu samarra zegoela jabetu nintzen berehalaxe. Hartara ere agertu zen gure irakasle Iban Zaldua. Ezin zigula eskolarik eman aitortu zigun, erabat atsekabeturik baitzegoen, batez ere donostiarra zen aldetik, Ordoñezena gertatu eta gero. Gogoratzen dut Ruben izeneko ikaskide batek eta biok, gasteiztarrak biok, harekin bat egin genuela keinuz edo. Orduan, irakasleak ikasgela laga bezain laster, Donosti inguruko ikaskide batek esan zion Hernaniko bati ia ahapeka eta erdara hutsean, Ruben eta bioi euskeraz eginagatik euren artean ordea beti erdaraz egin ohi baitzuten: "¡Hacía ya tiempo que le tenían que haberle pegado un par de tiros a ese pedazo hijo de puta."


Zer esanik ez, aho zabalik geratu nintzen/ginen, ez baikenuen tamainako basakeria gure ikaskideetako baten ahotik. Harritu berriz ez hainbeste, gauzak argi eta garbi, espero ez, baina nola harritu, txunditu, astindu, aspalditik ohituta egonda halakoak aditzera. Izan ere, badakit oso apaina, txukuna geratuko zela harrezkeroztik nigan zerbait aldatu zela aldarrikatzea; baina, ez, ez litzateke egia izango, batere ez, halakoak aditu beharrean egon bainaiz oso txikitatik dela fakultateko hainbat ikaskideen aldetik, dela kaleko lagun edota ezagun askorenetik, baita senitartekoren baten ahotan ere. Bestalde, Ordoñezenaz geroztik gaur arte antzeko hamaika ere aditu/pairatu behar izan ditut, orain kontura ez datozen hainbat pasadizo/liskar/mehatxu zakar, petral eta batik bat etsigarrirekin batera, asasinoak nola edo hala, kosta ahala kosta, babesten zein zuritzen zituzten asko eta askori nire hitzarekin aurre egiteagatik. Gauzak horrela, nik uste dut guztiz ulertzekoa dela gaur egun, oraindik ere, orduko hilketak zein bestelako bidegabekeriak nolabait, betiere hitzerdika, egiezak erabiliz edo egia zuzen-zuzen okertuz, lehen bezain irmo edo lotsa/errukigabe babestearren edo zuritzearren, hau da, bere aberriarekikoak edozein gizakiren bizitzari zor zaion errespetu sakratuaren gainetik lehenesten dituztenen aurrean, orduko nazka bera sentitzen dut ezinbestean. Eta hobe dut deus ez esatea memoria bat gogotik aldarrikatuz bestea, "denok aurrera egin ahal izate aldera", hainbat arinen ahaztutzeko aholkatzen dizutenen kontura



-Eta ekaitzaren ostean barea, baita eguzkia ere, haize bolada hotz batekin batera, noski.

-Ondo ba, nora joango gara domeka pasa?

-Ez dakit ba, ezin gara hiritik urrundu.

-Erdialdera?

-Ezin gara tabernetara sartu.

-Terrazetan?

-Goizeko euriak dena blaitu omen du.

-Paseoan hirian zehar?

-Jende andana, ezta?

-Eta hiri ingurumarietan zehar?

-Maskara jantzita?

-Orduan etxean geratu behar. Nire gurasoei hots egingo diet.

-Baina ez al gaude perimetralki konfinatuta?

-Bai, laztana, bai. Lasai, ez larritu, ez zurbildu. Telefonotik hitz aspertuak egitearren, ez besterik.

-Gaitzerdi, ezingo nuke hainbeste ezbehar erreskadan, hurrenez hurren, paraitu; demasezkoa begitantzen zait edonondik begiratuta ere.

-Ikusten? Konfinamendu perimetralak baditu ere bere onurak...

-Ez da gaitzik onik ez dakarrenik; gaur behintzat etxean ipurdia arin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...