sábado, 9 de enero de 2021

ETXEGABETUAK - NEREA ARRIEN



“Gero, amatxo lan berritik etorri zen eta arropak erantzi zituen, gaueko ordu txikitan jarriko zuen garbigailuan sartzeko. Ondoren, dutxatu egin zen eta, erabat desinfektatuta atera zenean, besarkatu ninduen. Hamar minutu eman zituen hori guztia egiten, baina niri konfinamenduko egun bat baino luzeago iruditu zitzaidan. Telezorion asko jaso nituen eta mugikorretik sartzen ziren aurpegi horiko tipo pila maitek maite ninduten.”

Etxegabetuak – Nerea Arrien

 

Ezer baino lehen aitortu beharrean nago ez naizela oso haur eta gazte literaturazalea, hau da, apenas irakurri ohi dudala. Halere, Nerea Arrienen idazkera itzel atsegin zait bere aurreko hiru liburuak irakurri eta gero: Pentsatzeko txokoa (Erein, 2016), Hirutter (Erein, 2017) eta Atrapa eguna (Erein, 2017). Bada, bazait, nik deritzodan kresalezko literatura bat non kostaldeko giroko aipamenak zein zinez zintzo, samur eta batik bat originala den idaztankera bat nahasten diren ezin hobeto, txukun-txukun, ezti-ezti, maisuki. Gauzak horrela, aurrez oso gogoko zaizun idazle baten azken lana esku artean duzularik hiru gauza suerta litezke: 1. aurreko lanen aldea eskasagoa egitea, hau da, nolabait lilura galtzea, 2. Aurrekoak bezain ona iruditzea, baina nolabait ere ez gatz, ez berakatz, ala 3. aurrekoen aldean guztiz liluragarriagoa suertatzea, hots, aurrekoek eragindako lilura erruz gainditzea. Nik ez dut inolako dudarik azken hirugarren zirrara hau dela nik sumatutakoa Etxegabetuak irakurritakoan. Izan ere, aurreko haur eta gazteendako bi ipuinak oso apainak begitandu zitzaikidan originaltasunaren aldetik, haur eta gazteendako oso aproposak euren arreta nolabait berpizte aldera, hau da, eurendako propio idatzitako ipuinen kalitatearen batez bestekoen gainetik, oso. Hirutter nobela oso saio interesgarri eta ausarta begiratu zitzaidan, sare sozialen munduan girotutako (des)amodio anitzeko istorio bat. Esan bezala, saio benetan bipila non Nerea Arrienen berezko idazkeraren printza gehienak nabarmen diren, beharbada itsas girokoak kenduta; baina, bazitekeen ere nobelaren jatorrizko arau ez idatzien arabera apurtxo bat lardaskatua, hau da, hain proposamen ausarta zen, ezen irakurlearen arreta nola edo hala galtzeko arrisku handia baitzen, hau da, orrietan zehar noraezean bezala edo. Edozelan ere, bada liburu bat bi bider irakurtzekoa, batez ere dagoeneko aipatutako idazkeraren printza horiek gogotik gozatze aldera.

Etxegabetuak ipuin luze honekin, berriz, oso gauza bitxia suertatu zait aspaldiko partez, agian oso gaztetan Antoine de Saint-Exupéryren Le Petit Princerekin gertatu zitzaidan gauza bera, irakurri ahala hau eta gazteendako bakarrik ez idatzitako ipuin bat zela jabetu nintzela, gure gaurkotasuna, gure mundua, edonori nolabait azaltzeko alegoria bat baizik haur baten begirada beti berezi, garbi eta xaloaz baliatuz, hau da, Saint-Exupéryk Le Petit Princerekin bezala. Eta aipatutako frantsesezko liburuarekin suertatu bezala, Etxegatebuak irudi eta metafora lilura/adierazgarriez jositako ameskeria eder eta hunkigarri bat da, non Nerea Arrien etxegabetzeak eta koronabirusaren pandemia nahaspilatzen ausartzen den aparteko abileziaz, sekula ezer gordinegi edo panfletariorik egiten ez baitu dohatsuki, guztiz kontrakoa baino, hain gai larriak eta puri-purikoak izanda, amesgaiztotik amesgoxora tai gabe aldatzen baita ipuinean zehar neskato protagonistaren gogoarekin batera eta berebiziko zolitasunez. Hortaz, badugu koronabisuraren garai petralean bere amarekin batera kale gorrira botatako Libe izeneko neskatilatxoa, «Baina gure kasuan, barraskiloak ez bezala, etxean ginderamatzan gu, gurpil biribilen gainean. Eta hori ere ez nuen lar gustuko. Hala ere, zehazki zergatik ez nekien arren, pozik nengoen. », laster Barbarintxo izengoitia jasoko duena hiritik aitaita-amamen kostaldeko herrira aldatutakoan, gerora amarekin hirira bueltatuko dena beste behin ere etxetik botata izateko, hain txikerra izanda bere inguruan nonahi aipatzen den birusa bera izango dela sinetsaraziko diona, «Goiz hartan, birusaren aitzakia zela medio, mikro-organismo onak bazeudela azaldu zigun andereñoak. Hesteetan bizi ziren bakterio batzuen berri izan genuen eta birus batzuek eboluzioan eragindako onurak ikasi genituen. Trankildu egin ninduen horrek. Baina zientzia hori guztia ez zitzaidan barru-barruraino heldu, antza, tripan oraindik sosegatu ezin zen zerbait sentitzen nuelako ». Liberi izango zaio, beraz, etxegabetzea zein pandemia direla medio, abentura iniziatiko moduko eskarmentu aberasgarria, bidean elkartuko/topatuko dituen lagunek, aitaita-amamek zein hauen herriko mutiko Xabiroik kasuko, haren bizitzari buruzko ikusmira aldatzen lagunduko baitiote, hau da, « -Bizitza izara zuri hau bezalakoa da, maitea. Oraindik gaztea zara eta izara osoa daukazu nahi duzun soinekoa josteko. Ibiltzen hastear zara bere gainean, treneam triki.-traka, oinez edo hegazkinez. Bizitza duzu Singerra. Eta zuk bizitza osoa duzu aurretik. Ez tristatu, eder hori. Puntada hau kenduko dugu denon artean. Horretarako gaude amona eta aitona». Eta gutxi ez balitz bezala, baita gorago esan bezala ere, hemen ere delako kresalazko literatura gozo eta eze horren zertzeladak edonon : «Baina kresal ufada geroz eta tematiagoa zen eta, salto batez, brodatutako soinekoa alderantzira jarrita, leihora hurreratu nintzen. Oraingoan, urdinak biltzen zituen etxeak. Urdin horren usaina zuen kresalak eta esekitokietan dingilizka zeuden arropek. Urdin horren erritmoan mugitzen zen itsasoko aparra eta txalupatxoak plemaran. Itsasgora horretatik horretatik itsabeherara bitarteko denborak neurtzen zuen bizitza hura. Eguzkiak gogoz itsutzen zizkidan begiak, baina ez nion txu egin, ez nuen inor izorratzeko beharrik izan ».

Laburbilduz, haurrak, gazteak eta nagusiak, edonor, liluratzeko moduko ipuin ikaragarri eder bat eta gure gaurkotasunera maisuki, izugarri sotil, galant, airoso lotua Nerea Arrienek berezko duen idazkera benetan goraipagarriari esker, testuan barrena hainbat zirrara eragiteaz gain eperla moduko etengabeko gogoetak ere eskaintzen dizkiguna : «Denek barre egin zuten baina ni pentsakor geratu nintzen. Zergatik ote ziren, atsekabean, andreak «gaixoak» eta gizonak «gizajoak» Edota, onenean, mutilak «papardoak » eta neskak «lindak » ? Ez nuen ezer galdetu txorakeria bat izango zelakoan », «-Pobreen  etxeek zirrikituak eta arrakalak dituzte. Pobreen jantziek bezala. Horietatik sartze da gauetan izozten den ura, birusak eta arazoak -esan nion, eta Mariori izoztutako malko bat atera zitzaiola ikusi nuen. Eskuan jaso nion eta urtu egin zitzaidan gutxina-gutxinaka ».

 

TXEMA ARINAS

UVIEUN, 2021/01/08 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...