domingo, 17 de enero de 2021

EGUNOTAKOA



Nork ez du, behin baino gehiagotan, bere burua holako kinka batean ikusi?

Johannes Brahms bere lagunekin ere sarkastikoa eta zakarra izaten zen. Behin batean, hainbat pertsona iruzkin iraingarri eta lotsagarri batzuen bidez haserretu ondoren, Brahms berehala zutitu zen. Orduan, gelatik irtetear zegoela, ate ondoan gelditu eta atzera begira esan egin zuen: "Hemen iraindu ez dudan norbait baldin badago: barkatu!"



Noizbehinka ere gauza naiz nire amesgaiztoen iturria edo asmatzeko. Bart gauekoa oso argi dut, egunotan ikusten ari garen "Ndrangheta"ri buruzko telesail italiarrarekin elkarlotuta dago duda zipitzik gabe. Bazegoen zati bat non telesaileko bikote protagonista, calabriar mafiaren buruzagiaren alaba eta familian infiltratutako agentea, azaltzen zen moto baten gainean Calabriako itsaslabarren ondoko errepidean barrena arrapaladan, ia zoro moduan, hau da, bikotearen amodioa nolabait zapuzten zuen errealitate gordinetik iheska. Nire amesgaiztoan, aldiz, kostaldeko herri batean nengoen, uda partean, gaztetan. Gasteiza bueltatzeko autobusa hartu nahi nuela Eibarreraino eramango ninduen norbaiten esperoan auto-stop egiten ari nintzen, Deba herrira doan errepidearen ertzean. Orduantxe azaldu zen motozikleta baten gainean ozta-ozta bistatik bakarrik ezagun nuen neskato bat, egia esanda inguruko herrietako jaietan behin baino gehiagotan topatutakoa, baliteke ere Debakoetan berarekin nola edo hala behin bakarrik katramilatutakoa alkoholak eragiten duen demasako euforiaren ondorioz; baina, harekin hainbat zirri eta irri egin eta gero, taberna batean geundela, ni komunetik bueltan eta bera barra ondoko beste batekin zirrika ere dakusadala agur isila egin niona. Edozela ere, ezer apartekorik ez gaztaro zoro eta hordi hartan, nor bere bidetik, hau da, lehengo lepotik eta kitto.

-Aupi, nahiezu norabaitx eramatia?

-Baaaa, bale ba, Eibarreraino posible al da?

-Goazen ba, gora, jar zattez nire atzian.

Nik, jakina, ez nion batere esan gure auskalo noizko sasi-aferari buruz berak nik bezain ahaztuta izango zuelakoan.

-Aspaditxo zu ikusi gabe, ezta? -bota zidan tupustean motorra bizkortu aurretik eta ni harri eta belarri utzita.

-Baaa...

-Goatzen zea Deban plantatuta laga ninduzunian?

-Baaa...

-Bai, motel, komunera jun zinan eta ni barra onduan geatu nitzan zure zain auskalo noiz arte, bertan tontoana eitxen -motorra bizi-bizi Kantauri itsasoko labarrei pega-pega eginda.

-Baaa...

-Inork ez ditx sekula halakorik in nire bizi puta guztixan - une hartantxe motorra berriro biziagotu zuen ezustean, Debara iritsi baino lehen dagoen tunelera sartu orduko..

-Baa...

-Jainkoai esker agertu zan nire herriko lagun bat, beti nire atzetikan ibilitakua, baina inoiz batere gustau ez zatena. Nik zurekin eon nahi noan gau hartan kosta ahala kosta -azeleragailua beste behin zapaldu egin zuen.

-Baaa...

-Ba eztakitx ze ostia pasa zatzun gau hartan, galdu zinan edo, la noche me confunde eta hola; baina, gaur berriro alkarrekin goz, aspaldiko partez. Oanguan inork, ezerk, ezkaittu banatuko -motorra gero eta biziagoa.

-NORA GOAZ? -deiadar egin nuen benetan ikaratuta.

-Gaur bertan lehenengo aldiz fundamenduzko zita bat izango degu, bai hoixe! Ikusiko, maitia, afaltzea eamango zaittut.

-Non afaltzera, Argiñanorenean, Donostiko Akelarren edo Arzaken? -ez dakit nik nola okurritu zitzaidan, ametsetan izanda ere, une benetan larri hartantxe txantxetan edo ibiltzea; baina, badirudi joera bizia dudala halako kinketan halakorik egiteko..

-Ez, laztana, ez, apurtxo bat urrutixo: Brest aldera -esan eta segituan neskak motorra etxafuego bihurtu zuen.

-BRETAINARAINO??? Hi pitzatuta hago, neska!

-Bai, guapito, bai, ni muero de amor; kontuz hi oan kurba hartzerakuan!

-Baaa...


Lasaigarri dut kresala
Egunerokoari muzin
Berresten dit, bai, azala
Etsitik ihesi noa arin

Jaiki naiz aspaldiko partez
Ahaztuta nuen pozkarioak
Zuri begira asmo lizunez
Zutik berpizturiko amodioak

Garaiotan dena petrala
Dena kalte edo irain
Gaur poza dadila zabala
Bazkari dugu barbarin

Sagardoa edan dugu eurrez
Tai gabeko irribarreen olioa
Dohatsuak izan gara ezustez
Patua mozkortzearen ondorioa


No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...