domingo, 30 de mayo de 2021

AZKEN EGUNOTAKOA


- Orduan, noiz jabetu zinen gure gizartearen erabateko endekapenaz?

- Noiz? Hedabideek mota guztietako sukaldariak izar bilakatu zituztenenean, hau da, egunero telebistetan sukaldaritza saioak botatzen hasi zirenean, izar sukaldariok egunkarietan, aldizkarietan, tele/irratisaiotetan, edonon, etengabean eta denetarik hitz eta pitz agertzen hasi zirenean.

- Baina, hori hain larria al da?

- Pentsa, norbaitek egiazko artista zein pentsalarien lan edo gogoeten ordez sukaldarienak sustatu nahiago egin zituzten, hau da, mundua, errealitatea, zinez ikertzeko zein ulertzeko gai zein prest daudenen ikuspegiaren ordez jende xehearena hautatu nahiago zuten. Ez al deritzazu susmagarria?

- Baina, baina, zuk ez al duzu jana atsegin?

- Denok dugu atsegin, hori da koska, hori...

- Ez dut ulertzen, edo agian ez dut ulertu nahi.

- Gurea bada alkimista berrien garaia egiazko kimikarienaren beharrean.

- Buff, ez dizut batere ulertzen.




Ospitaleko gelakideekiko hitz aspertuak garaian garaiko kezka edo gai nagusien nondik-norakoak asmatzeko oso aproposak ei.dira. Egunotan badirudi ezezagun dituzun horien aurrean, pandemia edo Ceutakoa hizpide, uste konspiranoiko zein arrazistak lotsa apur barik botatzea guztiz arrunta dela. Besteak, ordea, ergelen gizalege falta zein ahoberokeriak, betikoa izaten dirau. Garaiotako ustel hatsa.



Hilkorrak bezain ergelak ginela asmatu genuen urtea.
Iazko otsailean hementxe bertan nengoen nire amari egindako ebakuntza arin batengatik. "Txagon" nenbilela Italiatik Gasteiza hegazkinez aldatu eta gero Txagorritxo ospitalera zekarten gaixo baten berria hedatu zen, Txinan sortutako birus berri batek kutsatuta omen. Ospitaleko sarreran egundoko espektazioa, anabasa, hau da, ertzain pila, ETBko kamarak eta beste hainbat kazetari kuxkuxean kutsatua nor zen asmatu nahian. Biharamunean hedabide guztiek "falsa alarma" zela aldarrikatu zuten, lau haizetara, hots, ez zela hasiera batean uste bezain larria. Martxoa laster heldu zen eta honekin batera denok badakiguna. Gaur urtebetetik gora banago berriro Txagon gure amaren beste ebakuntza arin batengatik, eta " zergurozue" esatea, ordutik hona gertatutako guztia aintzat hartuta nola ez somatu bizkarrezurretik koskabiletaraino iristen zaidan hotzikara bat FBk galdetzen didanean zer darabilkidan gogoan: hilkorrak bezain ergelak ginela asmatu genuen urtea.





 Kontuz etengabe eta debalde lausenguka ari direnekin, edozein huskeriaren kontura koipea ematen dizutenekin. Zure aurrean ongi esaka ari diren bezala, zure gibelean ere gaizki esaka ibili ohi dira eta: euren izaera da betiere eta denon kontura ongi ala gaizki esaka ibiltzea, ez besterik. Lausenguaren ifrentzua erdeinua da, alegia. Horrenbestez, ipurditik sartu bezala berdin atera daitezela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...