domingo, 10 de abril de 2022

TOTELAK - FERMIN ETXEGOIEN



   Ezin uka Fermin Etxegoienek oso estilo berezi, propioa, landu egin duela, oso idazkera jori eta egaginkorra hau bezalako eleberri-saiakera bat burutzearrean. Liburua ordea, eta Txet zein bere neskalagun berri pertsonaien nondik norakoen inguruan istorio benetan aberas/asegarri bat garatu beharrean, hainbat gairi buruzko gogoeta zein txorakeria sorta luze, nahasi eta gogaikarri bat. Euskara eta musikari buruzko etengabeko burutazioak, zein baino zein burutsuagoa, zorrotzagoa, eztabaidagarriagoa, lotsagarriagoa, aspergarriagoa. Esate baterako:

"Matxinada Burgoseko kaleetan, burgostarrak poliziaren aurka borrokan 2014 urtean, nork imajinatuko, ezin inork imajinatu, ez Txeten eta Helenaren asteburu orgiastiko-zistetar hartan, ez gerora ere. Txetek pentsatzen zuen-eta gainerako euskaldun guztiek bezala, Burgoseko jendea guztiz otzana zela, oso eskumakoa, batere posmodernoa ez, noski, burgostarrak izatekotan, premodernoak izango baitziren, ezta? Pre-Atapuercakoak! Ezagun denez, Atapuerkakoak proto-euskaldunak baitziren (ATA hori)- Neardertal totalak burgostarrak, orduan baina begira, ordea, nola irten ziren kalera borrokatzera, poliziaren aurka benetan borrokatzera, eta gainera irabazi egin zuten, bertan behera gelditu baitzen boulevard berriarene egitasmoa."

TOTELAK - Fermin Etxegoien

Labur bilduta, gu euskaldunak kristorenak gara, noski, inor baino aurrerakoiagoak, borrokatzaileagoak, ezkerrekoagoak, posmodernoak, beharko!, eta gainerakoak, aldiz, koitauak!, betiere guztiz kontrakoa, edo sekula ez behintzat gure modura, beti atzetik, edo gutxienez susmopean. Gauzak horrela, Etxegoienen gogoeta gehienak, zer esanik ez tarteka-martekako lelokeria benetan galantak, "euskal gu delako lotsa/aspergarriaz ari dira, edo bestela esanda, betiereko euskal leloaz: nor gara gu, nolakoak gara gu, zergatik gara gu garena eta abar eta abar eta abar. Bai, jaun-andreok, berriro ere euskal onanismo hutsa gure zilborraren kontura, baliteke euskaldun gehienen irakurgairik kutunena, Etxegoienek "gutarrei" etengabe idazten baitie, ez, inondik ez, norberari irakurle gisa. Halere, nolabaiteko koherentzia sistematikoaz egingo balu behinik behin, hau da, egiatan saiakera itxura duen liburu honi egiazko nondik norako bat, hots, gutxieneko tesis moduko zerbaitxo, antzemango bagenio, orduan bai, orduan esan genezake Etxegoien Curzio Malaparteren "Maledetti toscani" bezalako saiakera probokagarri eta aldi berean ere kutun bat idatzi nahi izan duela, saiatu egin dela behintzat, baita alperrik ere bai. Baina, bai zera! Totelak liburuan zehar egileak bere gogoan bildutako burutazio apetatsuak baino ez ditugu, gehienak, esan bezala, loturarik gabekoak, liburu hau Etxegoienen aldian aldiko jario xelebre eta agorrezinaren isurtegia bailitzan.

Hala ere, eta gorago esan bezala, Fermin Etxegoien oso idazle abila da, ikaragarri arin eta txukun idazten du. Izan ere, hain atsegina da bera irakurtzea ezen benetako zein funtsezko ildorik ez duen hau bezalako liburu bat irakur baitezakezu goxo-goxo, ozta-ozta liburua zertaz ari den, Ruper Ordorikaren musikaz ala euskaldungoarentzat propio idatzitako enegarrengo masturbazio tribalaz, asmatzeke (Nik, berriz, musikari buruzko gogoetak atseginen izan ditut). Hartara, nola ez azpimarratu Etxegoienek  asmatutako berba politena, egokiena, aipagarriena "lotsarro/lotsarrotasuna" dela, hau da, auzo-lotsa eta harrotasuna, biak batera.

 "A euskaldunok, beti berdin, harrokeriaren eta lotsaren artean. Ez al duzu hitz hibridorik, portuguesek saudadea nola, halako bikoiztasun antagonikoa izendatzeko?

Apal-handi-usteko.

Lots-harro-

Tipo hori lotsarro bat da.

Lotsarrotasuna."

TOTELAK - Fermin Etxegoien

Hain zuzen ere "Totelak" liburuak irakurri ahala etengabe eragin didan egonezina definitzeko ezin aproposagoa. 


Txema Arinas

Uvieun, 2022/04/10

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...