viernes, 22 de marzo de 2024

KORRIKA ETA ENPARATUEZ


 

     Korrika delakoa hasi eta niri gogora datorkidana oso aspaldikoa da: ez dut atsegin. Ez dut atsegin euskararen inguruko jaialdi edo ekitaldi gehienekin suertatu bezala. Eta hau guztiau zer nolako pekatu mortala den ondo asko jakinda, euskaltzale askori, ez bada gehienei, euskararekin zerikusirik duen oro, berdin dio Korrikakoa bezala zeharkakoa den ala ez, erlijio moduko zertxobait begitantzen zaielako. Zer dela eta? Nire arazoa omen da, mania, setakeria edo, noski; baina, urteak pasa ahala Korrika, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta enparatuak gero eta gutxiago gustatzen zaizkit nerabetan behin baino gehiagotan joan eta gero. Zer dela eta? Korrika eta euskararen aldeko gainerako jaialdi edo ekitaldiak euskaltzaletasunaren elizkizunak begitantzen zaizkidalako, euskatzale fededunen betekizunak. Eta zer gertatzen da edozein erlijiotako fededunen artean? Ba hori, itxurakeria dela nagusi halabeharrez. Nola, zergatik? Erantzuna nolabait ilustratzearren, aurreko astean Jose Ignazio Ansorenaren Argiako artikuluan zetzan: "Eta biloben eskolako haurrak Txipi-txapa, Korrika! oihukatzen eta berehala erdara garbiaz mintzatzen ikusten ditudanean, etsiak hartzen nau." Ezta euskaltzalerik harritzen duen ezer, jakina, hori baita euskararen egunerokoa euskaldunen artean; baina bada jai edo ekitaldi guztion ostean ezin hobeto antzeman daitekeen gaur egungo euskaldun gehienen euskararekiko itxurakeria: "euskara bihotzean baina erdara ezpainetan".

Izan ere, nire blogean aspaldi Korrikaren kontura idatzitakoa bilatu eta zera topatu dut gau ere sinatuko nukeena: "Euskara maite eta haren alde egiten direla aldarrikatzen dute, aitaturiko ekitaldietara jende multzo ikaragarriak joan ohi dira, urtero ustezko euskaltzalez mukuru, urtero ere egundoko arrakasta, urtero euskararen etorkizuna behin betiko ziurtaturik balego bezala. Baina ez, baldin bazoaz halako ospakizunetara mota guztietako euskaltzaleak topatuko dituzu, bai noski, gehienak ikastolakume peto-petoak, hau da, ikastolakume peto gehienak bezala erdaraz barra-barra euskarazko berba banaka batzuk salbu, edatekoa eskatzeko, euskaldun musika taldeen katurak orro egiteko, ligatzerakoan aurreneko hitzak esateko edo horrela. Eta ez naiz ari bakarrik ni bezalako erdalgune handietako euskaldunotaz, bai euskalgune ustez indartsuetatik datozenetaz ere, hau da, Boronia barrenetik, erdarari gogor eusten diote euren artean; baina gero, noski, itxurak itxura norbait aurrean jartzen baldin bazaie berehala joko dute euskarara, badaezpada, pentsa ez dezaten ez dakitenik euskeraz behar bezala moldatzen. Arazoa da ez dutela nahi, ez zaie ardura, hobe ari dira erdaraz, erosoago dute euren burua, normalago zaie. Ni, ordea, hain txotxoloa naiz-eta, zeharo sinetsirik nago euskara bizi egingo dela soil-soilik Gandiagaren leloari gogoz eta bihotzez eutsita:"Euskara ezta galduko ez dakitenek hitz egiten ez dakitelako/dakitenek..."
Halere, oraindiokan badago betidanik ere errotik atsekabetzen, sano tristatzen nauen zerbait, besteak beste erdaldunak euskara erakarri beharrean zeharo uxatzen dituelako, eta hori gero eta euskarafobo gehiago dagoen gizarte batean, edo gutxienez bere euskarafobia argi eta garbi azaltzeko gero eta lotsa txikiagoa duen gizarte batean, bai horixe: Korrika eta gainontzeko erromeria euskaltzaleon erabilera politikoa. Eta bai, honen kontura zerbaitxo ere idatzi nuen behinola: "KORRIKAN korrika ikusi dudanean, urtez urte betikoek euren ETAren aldeko leloez zikindu egin dutena, euskal abertzaleendako propio eta ia bakarrik bilgune hutsa bilakatu nahi egin dutena, ikusi eta atoan nire buruari esan diot; aizu Txema, agian bai, agian aurrera goaz pausoz pauso, astiro-astiro, euskalgintza gero eta bene-benetan anitzagoa, aberatsagoa, ausartagoa eginez, edo bestela esanda, benetan geurea emanez eta zabalduz Iparragirrek agindu bezala, beharbada bizirauteko dugun irtenbide bakarra; baina, kostata, oso kostata, eta sarri askotan ere euskara bihotz-bihotzez maite dutela aldarrikatzen duten asko eta askoren itxurakeria eta alderdikeriaren kontra."

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...