lunes, 15 de marzo de 2010

JENERO AHAZTU EDO MESPREZATUEN MENDEKUAREN ZAIN


Niri ikaragarri gustatu zait jenero beltzeko nobela hau, jeneroak berak eskeintzen duen ia guzti-guztia dakar-eta. Eta bada, bai, garaia, aukera, noizean behin azalez behintzat eta bakarrik arina ematen duen nobela bat euskeraz goxo-goxo irakurtzea, hau da, euskal literaturaren ohiko handinahikeria barik, non idazle orok zer-nolako hizkuntzalari edota hitzaren urregina den erakutsi bide duen. Nobebak badu trama eragiten duen gertakari bat, honen inguruan apur-apurka harikaltzen dena, honen barruan murgilfurik dauden bizpahiru pertsonai, agian oso sakon ez jorratuak edo gainetik bakarrik zertzelada arin batzuez soil-soilik, baina, eta ezta izango, ez, azken azpimarratu beharra, tramak ez du eskatzen, ezta beharrezkoa, autoreak garatu behar duen istorioari eustearren, jarraitzearren. Zertzeladak omen dira, bestalde, nobela beltz on bat taxutzen duten ezaugarriak, agian adierazi nahi bainoago airean geratzen dena, zenbat eta arinagoak edo adierazgarriagoak gero eta hobeto. Tramak etengabe aurrera joan behar baitu, ezin da galdu inguru-minguruetan, beharrezkoak ez diren deskripzioetan edota xehetasunetan. Baliteke trama noizbait kili-kolo ibiltzea, ez aurrera, ez atzera; nik uste ezetz honetan, baina, auskalo, idazle bakoitzak gauza ezberdinak eska diezazkioke liburu bati. Ni oso ase geratu naiz irakurritakoarekin, ez nuen apartekorik espero euskaraz leitzen goxatu baino, beharbada, eta beltzaz ari garenez, baita tramak limurtuta izatea ere. Eta hala eta guztiz ere nobelak badu ere bere mamia, krimen arrun batetik tiraka Nafarroan guda zibilean gertatutako hainbat eta hainbat hilketarekin elkarlotuta dagoen amaiera batera garamatzana, orduko garai benetan beltz, ilun, gordinetara itzultzen gaituena, gaur egungo gizarteak ezkutatu ez ezik, koska ahala kosta ahazten saiatu edo saiatzen dena; eta areago Nafarroan, bertan gertatutakoa ikaragarri gogorra izan baitzen inon gutxitan bezala, bertan egon ez baitzen inolako guda frenterik edo batailarik eta bai, ordea, milaka hildako, ia denak alde batekoen eskuetan soil-soilik, ez baitugu ahaztu Nafarroan ejerxito bat zegoenik erdi-ezkutaturik, itzalean, etengabe prestatzen etorriko zen sarraskirako: erreketeena.

Nobela betz batean ezta historia kontatzen, berezko istorioa baino, horregatik irakurritako kritiken artean Felipe Juaristirena oso gogorra edo, nolabait esatearren, liburuz kanpokoa begitandu zait idatzi duenean: Esango nuke polizia-eleberria idaztearen aitzakian gerra zibilean gertatutako pasadizo ilun eta odoltsu bat aireratu nahi duela, hark hartzen baitu nagusigoa testuan eta irakurlearen arreta bereganatzen. Baina hori izanik helburua, edo izan daitekeelarik, hobe zukeen, emaitzei begira, gaia zuzenean eta hortzekin bada ere hartu eta desbideratzeke kontatu.. Esan bezala, horretarako badaude beste disziplina joriago batzuk, besteak beste historiagintza, lekukoen oroimena edota nobela arrunta bera. Nobela beltzak, aldiz, historia iturri hutsa eta agian estakuru ezin hobea ere euki dezake, inoiz ez helburu, istorio baten hamaika ikuspuntu edo agertzeko asmoz, helburua betiere hiltzailea harrapatzea. Ez zaio gustatzen, edo behintzat ez deritzot guztiz duina Jabier Rojo jaunak. Azken honek edozein euskarazko liburutan Joyce bat topatu nahi duela dirudi, eta ez baldin bada horrela akabo, ez du idazlana aintzakotzat hartzen, ez du zeharo gaitzesten baina nabari zaio, oso, nola edo hala muzin egiten diola. Beste kritikalari bat, Saioa Ruiz iruinalabak gustuko izan duela aitortzen digu, baina esan ere esaten digu tramaren ingurumena hain gertukoa izanda, puskat bitxia, arraroa, egin zitzaiola bere egunerotasuneko hainbat eta hainbat leku nobelan isladatuta irakurtzea; nire ustez, berriz, liburuaren beste erakargarrietariko bat dela deritzot, gure inguru ezagun batean kokatu izanak ez baitio nolabaiteko egiantzekotasun hurbila eta oso gordina ere bai, inoiz ezer apartekorik, hots, ohituta gauden bidegabekerietaz gain, gertatzen edo gerta daitekeen gizarte batean bizi garelakoan gaude-eta.

Dena dela, eta behingoz bukatzeko edo, ondo baino hobeto dakidana ikaragarri goxatu dudala AHAZTUEN MENDEKUA irakurtzen, egileak oso ondo harilkaldu duela trama, eta denborapasa eztia, goxagarria, izateaz gain azpian edo barruan zegoen istorioak pintin bat ere hunkitu egin nauela bere alde arinak edo traketsak alde batera lagata, baina ez asko. Hori dela eta, datorren asteburuan Gasteiza jatsi orduko bere aurreneko libururen baten bila joango naiz aurki.

No hay comentarios:

Publicar un comentario