sábado, 22 de septiembre de 2012

BIZI-BIBLIOGRAFIAREN ZAMA


Etxe aldatzeari ekin diogu, hots, kaxak tetengabe prestatu eta betetzeari, ehun kaxa inguru goiz eta arratsalde erdian, jotake nekatu arte, gaztetan Gasteizko Jundiz industrialdeko garraio biltegi batean hilean bizpahiru aldiz edo kamioetatik jeitsi edo igotzeko prestatu behar ohi nituen bulegoko lana alde batera utzita, denetarik egin behar nuen enpresa txikia edo familiarra bainoago nanoa baitzen. Hori bai, kaimoiak bete edo hustu eta gero lagun nituenekin zerbezetan joaten nintzen jarraian, ostegun honetan aldiz ohera zuzen-zuzen izugarrizko buruko minarekin, noski, adinaren ajeak. 

Edonola ere, egindako kaxa pilaketaren errudun nagusia nire bizian zehar apaletan pilaturiko liburu andana. Ez dut esango aparteko liburutegia dudanik, ez dakit eta ez dut uste, liburu gehien-gehienak gainera sakelekoak dira, baina baditut, bai, liburu benetan bitxiak, oso edizio txikikoak, agian nik eta beste lau katuk baino ez erositakoak, liburuetan liburu arraroak beti oso kuttun izan bainituen. Gero ere baditut azken urteotan oparitu eta oso azaletik baino irakurritako liburu mardul-mardulak, besteak beste nire Astorgako editore ohiak bidalitakoak, pisuagatik balitz sikieran buruhausterik handiena sortu didatenak. 

Edonola ere, bada benetan zirradagarria kaxetara sartu bitartean urteak joan ahala pilaturiko liburuetan erreparatzea. Denetatik topatzen duzu, aspaldi ikusten ez zenituen liburuen txit kutunok, noizbait berriz irakurtzeko zure buruari agindu egin zenionak, zure koskortze intelektualean edo, nolabait esateko, ezinbestekoak zein oinarrizkoak izandakoak, aspaldi liluratu zintuzten irakurketak, aspaldi ere tematu zintuztenak, ia Biblia bezalakoak bailiran aintzakotzat hartu zenituenak. Eta badira ere, behin irakurri, agian bere neurrian ere zoratu eta txunditu ere egin zintuztenak garai haietan, baina orain berriro eskuetara datozkizula nolatan hainbeste komeria hain txarrak edo hutsalak izanda zure buruari, izandako gazteari hobeto esanda, itaundu behar diozula irribarrea ezpainetan. Liburuok eskuetan galdutako denborari erreparatu behar diozu nahitaez, alperrik galdutako gauzen multzora zuzen-zuzen bota beharrean, galdutako lagun edo adiskideak, galdutako aukerak, alperrik egindako hainbat saio edo esfortzu, ezerezean urtutako ametsak. 

Eta badira, jakina, betiko lagunminak, zurekin oso txiki-txikidandik egondakoak, txitean-pitean apaletatik hartzen dituzunak euren premia duzula, lanerako zein gozamen hutserako, Bibliaren aholku, gomendio, irakaspen edo  kontsomendu bila joatekotan Ulysses, Voyage au bout de la nuit edo Thomas Bernharden edozein idazlan guztiz gogokoago dituzulako, holako handiustekoa zara zu, sikiera liburu kontuetan, irakurzale ez porrokatua saiatua baino, ezta gauza bera. 

Eta liburuak hurrenez hurren kaxetara doazela handiustekeria hitza darabilkizu, zer dela eta hauek liburu guztiok altxor gisara gorde behar, zama baino ez omen dira, ikaragarria gainera noizik behin etxe aldaketari aurre egin behar diozunik, ondo asko jakinda ere bizpahiru urte barru berriro ere kaxetara joango direla, bada zure sasiko liburutegi hori bizkar gainean daramazun handiustekeria, begira itzazue zenbat liburu, zer nolako tipo irakurria naizen, denetarik gainera, ez zatozte gero niri adarra jotzera, zuek ezer aitatu aurretik seguru asko nik ikakurria badut edo...

Tira ba, ezta hori, baina orain dela gutxi arte paperezko liburuen pilaketa doi-doi ezinbestekoa suertatzen baitzitzaigun irakurzaleoi, nola gorde edo sartu bestela ez baldin bazen halamoduzko apaletan. Nire lehenengo liburutegia ez zen nirea, ezta nire gurasoena haien etxean egonda ere, osabarena baino, gure etxean gordetzen baitzituen aspaldi arriskutsuak edo izan zitezkeen liburu batzuk. Izan ere, gogoratzen dut ondo baino hobeto Contra el revisionismo izeneko liburutxo batzuk, Leninen erretratua marraztua zuten, eta hauekin batera beste frantsezezko liburu mardulago batzuk, azal ia guztietan bost puntatako izarrak zituzten banderak agertzen ziren, ez nuen ordea irakurtzerik, ez frantsesez zeudenak ez eta Contra el revisionismo haiek ere. 

Eta bai, apurtxo bat behintzat koskortutakoan irakurri egin nituen, eta gorde gordetzen ditut ere haietariko batzuk, batik bat Txekoslobakiako saio sozialista famatuaz hitz egiten zuten frantsezko batzuk, herenenegun topo egin nuen beraiekin, hunkitu egin nintzen, zer esanik ez, babo halakoa!.

Eta bai, etorkizunean edo pendrive batekin nahikoa izango da zure liburutegia bertan edo ordenagailuan gordetze aldera, ni hasia banaiz neurri handi batean, hasia naizen bezala gurasoenera etortzen ebookekin bakar-bakarrik eta ez lehen ekarri ohi nituen laupabost libururekin. Baliteke bai liburu gehienak bertan pilatzea, baina paperezkoen artean koskortu egin garenok eutsiko diogu nola edo hala sikieran bakan batzuk apaletan izateari, kuttunenak edo, lagunak ezin baitituzu ordenagailu edo pendrive batera baztertu, ezta gizalegerik eta are gutxiago ezker onekoa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...