lunes, 17 de septiembre de 2012

GABRIEL BETI GOGAIDE

            
                                                                    
«Españolista omen naiz, eta hori bekatu omen da Euskal-Herrian. Hala baitabiltza Euskal-Herriko asto guztiak arrantzaka: Aresti, puta-seme, españolista, marikoia, marxista, faltsoa! (Baina gero ene poesiak firmatzeko ez dadukate batere disimulurik)».

Ezta inondik ere Angel Zelaietak Arestiri buruz egindako liburua irakurri eta gero ateratako ondoria, enegarren baieztapena baino; Aresti bada, duda izpirik gabe, euskarazko kulturak sekula izadako egilerik garrantzuena,eta badut nik ustea ere ez dela inoiz egongo bera baino gizonik handien eta berezienik. Zelaietaren liburuak, aldiz, Arestiri buruzko zertzelada eta datu izugarri xamurrak, ederrak, hunkingarriak gaineratzen ditu aldez aurretik bagenekiena osatze aldera, bada beraz erabat gomendagarria eta neurri handi batean ere zoragarria bertan azaltzen digun Aresti ezta berria, ezaguna baino, oso, baina horrexegatik ere hain xamurra begitandu, suertatu egin zait irakurketa, behin berriro Arestirekin topo egiteko parada ederra eskaini didalako, hunkitzeraino ezinbestez.

Nondik datorkidan Aresgirenganakoa, baina. Nik uste blog horretan ere lehen esanda dudala, hau da, Arestiri zor diodanaz. Arestik berak euskaltzaletu ninduen, oso txikitan, nire hiriko Axular liburudenda zaharrean baina auslako nork erosia, ez baitut gogoratzen osabak ala nik neuk, are gutxiago zer dela eta, hor nonbait bilbotar poetaren gainera zerbait irakurri edo aditutakoan beharbada,  Harri eta Herri eta Maldan Behera poemategi biak biltzen zituen liburua eskuratu nuen. Eta orduz geroztik dut ia beti nire aldamenean, oraintxe bertan nagoen lekutik gertu-gertu, badaezpada enegarren begiratua bota beharrean nagoen sikieran idazteko pultsua edo sena berreskuratzearren. Hori izan zen nire eskuetara heldu zitzaidan euskarazko aurreneko liburua, seguru asko ere haiek izan ziren zeharo liluratu, txunditu egin ninduten lehenengo poemak, eurei esker ere idazteari ekin nahi izan nion, euskaraz, hasieran eta beti euskaraz, Arestik egin bezala, orduan ez nuen inolako zalantzarik, idazteak merezi bazuen hori euskaraz izan zitekeen bakar-bakarrik, bestela zertarako, Barojaren modukoa izateko? Agian bai, baina hori geroago asmatu nuen. Ni beti Aresti bezain heterodoxo izaten saiatu naiz, tanalez xoxoa baino izaten lortu ez dut.

Geroago ere, ni koxkortu ahala, Arestiren nortasunari buruz beste ezaugarri batzuk gero eta atseginagoak egin zitzaizkidan. Asmatu nuen Aresti ezer baino lehen heterodoxo izan zela, agian askorentzat ipurterre porrokatua soil-soilik, potrojorran ezertan baino hobe moldatzen zen zirtolari aparta, eukal kulturaren santukeria deitoregariaren zirikitzaile amorratua, abertzaltasun txepelaren gorrotatzailea, den-dena duda-mudatan eta guzti-guztiari muzin egin zion letragizon zorrotz eta zuzena. Maitemindu nintzen, nola ez, "beti patatuko naiz gizonaren alde" idatzi zuen gizonezkoarekin. Nola ez maitatu, identifikatu honako bertso hauek idatzi zituen euskaldun heterodoxoarekin: 

Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,
bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,
baina hemen geratzen naiz,
kale arte honetan,
milagro baten zai,
egunero bizarra kentzeari utzteko
naikoa kurajerik
ez baitdut.

edo, jakina, nola ahaztu behin irakurri eta gogoan sartu eta harrezkero ia lege dudana:
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.

Eta xamurrak dira oso Zelaietak jarritako eranskinak, ezin hoberto erakusten baiture Arestiren garaian ere nola jotzen zuten bera bezalako heterodoxoen kontra abertzale zintzo-zintzoek, aberrriaren egiak inoiz eta inola zalantzan jartzen ez zituztenak, oso eranskin premiazkoa, ene ustez Aresti bezalako egileen ezinbestekotasuna aintzat hartzekoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...