sábado, 3 de noviembre de 2012

IRUÑEAN ETA LAGUNARTEAN



Atzo Iruña aldean lagun batzukin topo egitearren, jende benetan jakituna, nor bere arloan maisu eta jabe, mahai gainera behintzat oso gauza mamitsuak bota zituzten, denetarik gainera, antropologiatik historiara gaur egungo ekonomia peltralera jo arte, eta baita, nola ez, horrelakoetan ezinbestez, ohiko hitz aspertuak ere, ezezagunen arteko berriketa betiere norberaren kontu txikiez ere josi behar baita halabeharrez, ezinbestekoak omen dira elkarren berri izate aldera, gutxienekoa. 

Aitatzekoak dira, enetzat behintzat oso, aspalditik jateko gogoan bainituen, Bizentek Juan Inazio eta biok bazkaltzera eroan gintuen Amostegui jatetxean ikaragarri goxatu egin nituen alkatxofak zein ajoarrieroa, baita ardo arabarra ere. Nik uste bertan egona banintzela oso gaztetan aitak eramana, txikitan bere ofizioko erakusltaldieetara eramaten ninduela, haurtzaro goxoa. Edonola, badut ohitura urtero Nafarroako auskako zein lurralde edo herritara bat edo bi bider joateko familiarekin, eta ia beti-beti alkatxofetan eda enparatuko barazki bila, izugarri estimatzen ditut-eta. Nik uste sekula ez dudala Nafarroa aldean makal jan, hain gustuko eta batez ere oso gertuko dut-eta hango janaria.

Hitz eta pitz jardun genuen luze eta sakon. Nik, jakina, entzulearena egin behar gehienbat, merezi zuen-eta. Izan ere, nik uste beti gogoan hartu behar duzula jende adi(n)tuaren aurrean hobe zaizula belarriak zorroztea eta ahal baldin baduzu behintzat ahalik eta galdera gehien egitea horrek emango baitizu gero, batik bat kotxez etxera bueltan zoazela, gogoeta egiteko adina.

Orain ba, zer dela beti niri gertatu behar ezusteko xelebreak. Aparkalekuan nengoela txartela ordainkutxara sartu, biletea eta txanponak ere bai, eta beti bezala ataskatzen zaizkidala ustekabean. Arduradunari deitu behar eta, eta jakina, lagunarteko mahaitik jeiki baldin banintzen Gasteiza ilundu baino lehen etortzeko asmotan, garajetik irtendakoan bazegoen ilun-iluna, batere gustatzen ez zaidana gidatzeko ikusmena ikaragarri nekatzen zait-eta, bai sufrikarioa gainera N1.tik joanda hainbeste kamiotzar eta abar, gustora gidatzea eragozten dizutena beti kontu handiagoz ibili beharrean zaudelako. Areago nire kasuan, bolanteari atxikita nire gauzetaz gogoeta ez egiteko nola edo hala ahaleginetan eta hala eta guztiz ere alper-alperrik, hau da, Gasteiz pareraino iristerakoan Lakuarako bidea hartu beharrean Jundiz alderaino joan nintzela eta bertan Armentiaruntz itzultzeko bueltaka egon nintzen orduerdiz edo, zeharo galduta ondo baino hobeto ezagun nuen industrialdean bertako hainbat enpresarekin lan egin bainuen behiala. Baldar-baldarra naiz bai, galanta, bai modu petrala denbora zein gasolina alperrik galtzeko, pepelerdoarena eginez. Eta okerrena edo, hau behin baino gehiagotan suertatu egin zaidana, eskuak bolanteari eutsi bai, baina burua auskalo non dudala, gauza benetan arriskutsua, alafede, horregatik ez dut gidatu ohirik, ez zait gustatzen ez baldin bada goizez eta bide laburretatik. Emazteak ordea bai, berak oso gustuko du, nik gogoeta egiteko nahi edo behar adina denbora ematen didana, haatik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...