lunes, 17 de agosto de 2015

GOIKOETXEARENAK



Rodriguez nago etxean, euskaraz uste dut Goikoetxea omen dela (hortaz, arabarra naizenez gero, Ortiz de Zarate nagoela esan nahiko nuke...) Bi egunez etxean bakarrik nire familia emaztearen gurasoen Asturias barreneko etxean dauden bitartean, bi egunez libre familiaren ohiko kateak gabe, bi egunez nik bakarka baino ezin egin ditudan gauzak egitearren, bi egunez edonora joateko pozik eta kantari, bi egunez potrojorran. Laburbilduz, bi egunez munduko Rodriguez/Goikoetxea/Ortiz de Zarate guztiek gogokoen dutena egite aldera. Baina zer da benetan orain egiteko parada bakarra dudana? Nik dakidala etxea goitik behera garbitu beharrean nago ia bi hilabetez etxetik at egon eta gero, eskuartean dudan lantxo bat kosta ahala kosta burutu/bukatu behar dut, nire familia itzuli aurretiko erosketak egin behar ditut gaur arratsaldean edo bihar goizean, eta, hau guztiau gutxi ez balitz bezala, idatzi- irakurtzeaz, janaria prestatzeaz edo kanpaia jotzeaz gain, gogokoen ditudan gauza gehienak nire emaztearekin egin ohi ditut; izan ere, ez dut gehiegitxo gozatzen pelikula bat ikusten bera ez baldin badago nire aldamenean elkarri txutxumutxuka egiteko. Areago, baldin badago benetan atsegin dudan zerbait hori da nire bikotearekin errieta egitea edozein huskeriaren kontura, eta orain etxean bakarrik nagoela faltan sumatzen dut, oso. Non zegoen, beraz, Rodriguez/Goikoetxea/Ortiz de Zarate izatearen delako xarma edo?

No hay comentarios:

Publicar un comentario