miércoles, 26 de agosto de 2015

ABUZTUKO ARRATSALDEAK



Ezin zen falta abuztuko arratsaldeetako pantanoraino ibilaldia sorterritik alde egin aurretik. Ezta edozein ibilaldi, ez, ez behintzat nire oroimen minean. Haurtzaroko uda parteko pasaia, pasabidea Gasteiztik Landaraino, Arratzu-Ubarrundia udalerriko Bergararako Errepide bazterreko herrixketan zehar, (egiazko eta aintzinako Errege Bidea, alafede) Durana, Mendibil, Arroiabetik zehar Uribarri-Ganboako harri txintxarrezko hondartza kaxkar eta meharreraino, gure aitak igerian ezkon-eraztuna galdu zuenekoa, xelebrea egun hartakoa, ez dakit nik gure amak noizbaiten barkatu zion. Abuztuko eguerdiak baita Landako urbazterretan ere, mahai eta aulki tolesgarriak patata tortilla, nagusiendako ardo goxoa eta umeendako freskagarriak. Ilunabarrera arte gurasoak eguzki galdatan edota zuhaitzetako itzalpean potrojorran zein haurrak uretan murgildu edo ur ondoko landan zein Etxe Zuria tabernaren aurreko zabuetan jolasean egon eta gero, hau da, pantanotik bueltan, Duna Garagardotegiko ezinbesteko geldialdia afari-merienda egite aldera, helduendako garagardo pitxerrak eta haurrondako berriro freskagarriak, noizik behin gure amaren bizkar eta aitak akuilatuta hainbat gargagardo zurrutada ere bai, eta denontzat ordea oilasko errea ala perrito goxo-goxoak. Haurtzaroko oroitzapen eztiak, urtero gogora ekartzen nituen gure aita hil aurretik ere pantanora bueltan uda partean. Ikaragarri zoriontsuak izan gara, ez dut duda apurrik, txikitan sekula ez bezala, gure aitamak artean gazterik, eguneroko gazi-gozoak alde batera lagata, betiere pozarren. Gaurkoan nola ez gogoratu gainera begi ertzak bete negar-malko, lau hilabete baino ez dira igaro; "aurrera egin behar zenuke" esaten didate nik ezer galdetzeke, ondo baino hobeto ez baneki bezala, egunez egun egingo ez banu bezala, haren akordua berez kaltegarria balitzait bezala, ahaztutzera behartuta banengo bezala benetan aurrera egin ahal izateko...

No hay comentarios:

Publicar un comentario