lunes, 21 de marzo de 2016

HIRUDIA

Jarri nazi bat zure istorioan

 
2016-03-17 / Txema Arinas - Idazlea
I
rakurtzen dut Patricio Pron idazle argentinarraren azken liburuaren kontrazalean honako laudorio hau, Bartzelonako egunkari oso ezagun batean egina: «Emaitza berri bakoitzarekin bere idazkera zorrotzagoa bilakatzen da eta bere istorioek unibertsaltasunerantz jotzen dute». Zer dela eta? Liburuak 1945eko apirilean, Italia Iparraldean egindako idazle faxista kongresu baten gorabeherak abiapuntu ditu. Istorioak Bigarren Mundu Gerrako Italiara garamatza eta, are zehatzago, orduko hainbat idazle faxistaren biografien berri ematera. Gauzak horrela, liburua izen zein datuz gainezka dago. Izan ere, demaseko dokumentazioa, istorioa kosta ahala kosta mamitu eta batik bat egiantzekoagoa egite aldera.

Liburua oso ondo idatzita dago, nabari zaio argentinar idazleari aparteko trebetasuna duela istorioak ardazteko zein borobiltzeko idazkera zinez eder, arin eta fin baten bitartez. Hala ere, hain istorio xelebrea izanda eta txukun kontatuta ere, ez nau behar edo nahi beste harrapatzen, ez nau hunkitzen, ez nau asebetetzen, zurrunegi suertatzen zait. Dena begitantzen zait datu pilaketa oso jori bat eta baita hamaika aldiz lehenago leitua ere. Egia esan, ariketa narratibo bikain bat deritzot, baina inondik inora ezer originalik edo nire irakurle sena nola edo hala harritu edo inarrosteko bezainbeste. Antzeko zerbait suertatu zitzaidan Kirmen Uriberen Mussche (2012) nobelarekin.

Haatik, ondo asko gogoratzen dut bi nobelok ustez unibertsala izateko joera duen literaturaren eredutzat goraipatuak izan zirela hainbat hedabidetan. Zergatik? Istorioak atzerriko hainbat lekutan suertatzen direlako? Protagonistak ere atzerritarrak direlako? Munduko Historiaren pasadizo ia ezezagunak jorratzen dituztelako, hau da, Bigarren Mundu Gerra bezalako testuinguru batean kokatzen direlako? Auskalo, nik badakit Patricio Pronen aurreko bi nobelek izugarri inarrosi zutela nire irakurle sena, biziro harritu eta hunkitu nindutela. Azken hau bezain trebe eta txukun idatziak zeuden, noski; baina, hamaika bider mamitsuagoak, bipilagoak, zintzoagoak iruditu zitzaizkidan, besteak beste nabarmen zitzaiolako idazleari bertatik bertara ezagun zituen garai, giro eta gizakumeez idazten zuela.

Halere, haren aurreko bi nobela hauek ez bide ziren azkena bezain unibertsalak. Horrenbestez, galdetu behar diot nire buruari zer den gaur egungo argitaletxe edo hedabideek unibertsaltzat hartzen dutena. Badirudi unibertsala izateko zure herriko kanpandorreko itzaletik harago joan behar duzula nahitaez, itzalpe horretan ezer funtsezkorik posible ez delakoan. Badirudi ere zure istorioa Bigarren Mundu Gerra bezalako eszenatoki batean kokatu behar duzula, halako istorioetan denok ados baikaude zeintzuk diren gaiztoak eta zeintzuk zintzoak. Ez dago, beraz, inolako aukerarik irakurlea duda-mudatan gera dadin istorioaren nondik norako etiko, politiko edo dena-delakoen aurrean.

Benetako galdera, ordea, oso zuzena da: noiz utzi zioten idazleek euren garaiko gauzen berri emateari? Edo bestela esanda: Ba al dago idaztekorik Bigarren Mundu Gerrakoaz edo bere ondorioez, Primo Levi, Curzio Malaparte, Wolfgang Koeppen, Vasili Grossman eta abar eta abarren liburuez geroztik? Ala agian dagoeneko ez al dute balio Fernando Pessoa / Alberto Caeiroren bertso famatuok: «Da minha aldeia vejo quanto da terra se poder ver do Universo / Por esso a minha aldeia é tâo grande como outra terra qualquer, / Porque eu sou do tamanho do que vejo / E nâo do tamanho da minha altura…».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...