martes, 1 de marzo de 2016

HIRUDIA

Kritika txar baten posibilitatea

 
2016-02-25 / Txema Arinas - Idazlea
E
giten al dira kritika txarrak? Hau da, liburu bati txarra deritzozunean, ba al duzu zergatik edo zertan txarra den adierazteko modurik, isil gordeka ibili behar barik? Egon badaude kritikak txarrak direla sumatzen dituzunak. Zergatik? Nire ustetan behar edo ohiko den bezain onak ez direlako, hau da, liburuak zer edo zer txar edo oker duela adieraztera ausartzen direlako ozta-ozta. Hala ere, badirudi kritikariak, ezer txar edo okerrik adierazteko, ia beti inguru-minguru ibili behar duela nahitaez, egiazko kritika txar bat egitea oso gauza itsusia edo arriskutsua baita.

Itsusia halabeharrez beste baten lana juzkatzen ari zarelako, hau da, beste batek egindako saioa. Inor ez da perfektua, denok akatsak egiten ditugu, nork ez du inoiz hutsik egin bere lanean? Alde horretatik egiazko kritika txar bat egitekotan zer nolako gizakume errukigabekoa zaren erakusten ari zara; ez da polita, ez. Areago, badirudi ere kritika txar baten zilegitasuna kritikariaren kategoriaren arabera ebatzi beharrean gaudela. Idazle ezezagun edo ziztrin baten kritika txarrari isuriko zaio betiere bekaitz edo erresuminaren bekatua. Idazle hori, ordea, ospe edo prestigio handikoa baldin bada, berehalaxe hautemango dizkiogu handikiek gainontzeko idazkideekiko eta batik bat hasten ari direnekiko berenezko handiustea edo destaina. Kritika txarrak itsusiak dira, bai, sekula ezin baita igarri noiz arte zintzoak edo justuak garen, ala guztiz kontrakoa.

Alabaina, kritika txarrak arriskutsuak izaten dira ezer baino lehen. Liburu bat jendartean gaitzetsi orduko badakizu egilea etsai izango duzula behin betiko. Espero zenezake egile hori gizaki guztiz zentzuduna edota bihotz zein buru zabalekoa izatea, hau da, zure kritikaren nondik norakoak euren heinean ulertzerainokoa; baina ez, alferrik da, hori oso gutxitan, baliteke inoiz ez, suertatzen baita. Areago idazleen artean, non norberaren egoa hain handia eta halaber ere ahula edo hauskorra da ezen bizi osorako gorrotoak edo ezinikusiak sortzen diren ezinbestez. Jainkoari esker dueluak debekatu ei ziren aspaldian. Benetako arriskua, aldiz, ez datza idazlearen etsai bihurtzean, liburua argitaratutako editorearengan baizik, ezin baituzu inoiz asmatu etorkizunean editore horren ofizioaren premia izango duzun ala ez. Are okerrago, baliteke ere argitaletxe hori enpresa talde baten parte izatea, hau da, esate baterako, egunkariak, aldizkariak, irratiak edota liburu-dendak ere eduki ditzakeena, eta, jakina, enpresa honen hedabideok zuk hain gupidagabe, agian krudelki ere, kritikaturiko liburua saltzeko publizitate kanpaina egin eta gero ezin duzu espero aparteko onespenik.

Hala eta guztiz ere, kritika txar bat egiterakoan arriskurik handiena oso bestelakoa da, ez baitatorkizu kanpotik, zure barrenetik baizik. Beste idazle baten lana kolokan jartzen duzunean zure etorkizuneko idazlanak ere jartzen dituzu. Bai, nola ausartuko zara ezer idaztera beste batzuei egin zenizkien kritika txar guztiak aintzat hartu gabe, hau da, idazten ari zarenak antzerako kritikak merezi ote dituen etengabe gogoan izan gabe? Edo hau guztia nahikoa ez balitz bezala, nola egingo diozu zure buruari aurre beste idazle batzuen lana arbuiatu eta gero idaztea zer nolako eginkizun nekosoa eta eskergabekoa den ondo asko jakinda? Bestalde, kritika txar oro gaiztoa al da? Eta honengatik guzti honengatik ere ez dut uste ezer idatziko dudanik Xabier Montoiaren azken liburuari buruz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario