sábado, 12 de enero de 2019

TXINTXIN BELDURRAREN HOTSA


Hitzen Uberaneko Komutitatea sailean argitaratua



Hiru ordu laurdeneko bidaia Luzarotik etxera. Gaur, aldiz, badirudi ordubetetik gora kostatuko zaigula kostaldetik bueltatzea asteburua bukatutakoan. Primeran pasatu egin dut nire aitaren lehengusuen herrian. Ikaragarri alajaina, batik bat portuko igerilekuan. Aurten, hamabi urte bete ditudala, nire burua bota dut moilatik estreinakoz, herriko gaztetxo guzti guztiek egin ohi duten bezala. Berdin zitzaidan nire amak gure senitartekoen etxeko terrazatik ikusiko ote ninduen edo oihuka hasiko ote zen zoro moduan uretara ez botatzeko aginduka. Bazen garaia herriko gainontzeko mutikoen antzera moilan txonbo egiteko. Urtero uda hasi orduko kostalderaino joan ohi dugu asteburuetan, eguzkiak nolabait eskatuta, batez ere itsasoa hain gertu izanda gure hiritik, hiru ordu laurdenera. Maiz ere, ez baldin badago trafikorik, ez baldin badugu errepidean inolako konponketa lanekin topo egiten, ordu erdi doia. Hobe ez esan, beraz, gure aitak noraino zapaltzen duen haren Renault 8ren azeleragailua. Behin batean, Bergara aldean, Osintxu paretik edo pasatzerakoan, ahuntz bat gurutzatu zitzaigun ezustean. Hura bai sustoa! Zorionez, ahuntzaren saltoa ere izugarria izan zen. Ni hegan eta guzti egin zuelakoan nago.

-Kontrol bat egon behar du Arrasateko irteeran, bestela ezin da ulertu auto-ilara ikaragarri hau.

Beharko! Bada ordubete geldian zain gaudela alperrik aurreko kotxeak aurrera egin dezan. Laster kotxe barruan ere ilunduko du, gogaikarria, asko gainera.

-Aita, musika entzun nahi dugu!

Gure anaiaren izenez ere eskatu diot. Mikel lotan dago baina. Gure amak, ordea, burua altxatu, guganantz jiratu eta isiltzeko keinua egin dit hatz erakuslea ezpainetan.

-Albisteak, non daude albisteak?

 Gure aitak irratiaren dialarekin gora eta behera, bilaka ari den albistegia harrapatzen, baina bai ordea musikazko irrati kate pila. Haietariko batean behingoan gelditzeko eskatu diot. Aditu berri dut itzel atsegin dudan Itoitzen kanta bat: Lau Teilatu Gainean.

-Ixo, Martin, gaur arratsaldean zer gertatu den asmatu beharrean gaude!

Isilduko naiz, noski, badaezpada, bestela badakit datorrena: eskatutako irrati kateari eusteko berriz eskatzekotan aita suminduko da aurki, (aita suminduko zait aurreko irratia katea berriz sintonizatzeko eskatzen baldin badiot). Baliteke ere bera ere burua niganantz jiratu eta egundoko zaplastako bat ematea ere bai.

-Ilara hau ez da batere normala, berdin dit domeka arratsaldea izatea, sekula ez dut topatu halakorik, kontrol bat egon behar du Arrasate inguruan, alafede.

 Gure aita urduri dago, oso. Ez da harritzekoa, bihar astelehena da, etxera beranduegi iritsi ezkero bihar nekeak hartuta jaikiko da lanera joateko. Honez gain, gure aitak gauez gidatzeari gorroto bizia dio, errepideko markak lauso ikusten ditu eta. Horrenbestez, aita gero eta ernegatuago sumatzen dut aspaldiko partez. Arruntean, eta bolanteari eutsita dagoela, aita beti pozik eta kantari egon ohi da. Baina batez ere kantari, ikaragarri gustatzen baitzaio gaztetako abestiak hurrenez hurren kantatzea. “Gaztetakoak” diot. Gure aita kantetan dagoela bere gaztetako koadrilakoekin irudikatzen baitut jai giroan, sekula santan ez nire amarekin, amarekin beti begitantzen zait paseoan edo sesioan, ez besterik.

-Hara! Ziurrenera atentatu bat – gure aitak oihu eta guzti egin du irratian bila ari dena topatu ezinik-. Zer bestela?

Gure amak, ordea, bederatzietako albistegiaren zain egoteko aholkatu dio, hamar minutu baino falta ez baitira. Ordura arte, berriz, albisterik ez, hobe dugu beraz, eta nik lehen ondo asko eskatu bezala, musika entzutea. Guanteratik kasete bat ateratzeko imintzioa egin du. Ni beldurrak nago hain gustuko duen Jorge Negreterena izango ote den.

-Gainera, kontrol bat baldin badago hor aurrerago, ez dugu zertaz kezkatu behar, bi umerekin goaz eta.

 Ranchera baten aurreneko notak entzun orduko gure aitak irratiko botoi bat sakatu egin du bolumena baxatzearren. Badaezpada dio, baten batek daki hor kanpoan zer gerta litekeen.

-Zer ba? Tiro hotsik edo?

Oraingoan ez dakit gure ama serio ari ote den ala gure aitari adar joka. Maiz ere gure aitaren bat-bateko kasketaldien kontura barre egiten baitu. Oso gizon egoskorra dela leporatu ohi dio.

-Baliteke, zergatik ez? Gogora ezazu bestela orain dela bi aste gertatutakoa gure hirian bertan.

-Zer gogoratu behar dut –erantzun dio gure amak guztiz ezaxola eta adarjole.

-Txakurrek Gamarrako Atean akabatu zituzten Bergarako senar-emazteak.

-Bai, ondo asko gogoratzen dut, egunkariak zioenez buelta-erdi eman zuten kontrolera iritsitakoan, poliziak hainbat bider gelditzeko keinuak-eta egin zizkieten alper-alperrik.

-Eta horregatik garbitu behar al zituzten?

Gure aita asaldatu egin da amaren erantzuna ikaragarri epela delakoan baitago. Ez da lehenengoa, eta ziurrenik ere ez da azkenekoa izango, gero eta maizago hizka-mizka egiten baitiote elkarri; baina, oraingoan badirudi baietz, aita inoiz baino serioago ari dela gure amaren ustezko epelkeriaren aurrean.

-Jakina ezetz, ez izan ergela, Josemari, zuk badakizu ederto nik pentsatzen dudana poliziaren jardueraren kontura – orain ez litzateke harritzekoa bere aitaren karnet komunista hizpidera ateratzea-. Baina, zer dela eta buelta erdi eman behar zuten kontrol batera iritsi eta gero? Ez al zekiten nola jokatzen zuen poliziak? Arriskatu egin ziren, eta antza denez bazuten ere motibo franko ihesi egiteko.

-???

-Bai, Josemari, ez egin ez ulertuarena, egunkariak azaltzen zuen tabako kaxa pila zeramatela ezkutuan. Horrexegatik egin zuten ihes. Eta ez, noski ezetz, horrexegatik ere ez zuten merezi tiroz josita hiltzea. Tamalez, denok badakigu nolakoak diren gauzak herri alu honetan, zer nolako giro petraldua dagoen terrorismoa dela kausa.

-Nortzuen terrorismoa?

Txikerra naiz, bai, eta baliteke helduen gauza asko eta asko behar bezala ez ulertzea, baina azken hori ostera badakit gure amaren gustukoa izango ez dela, gure aitak erronka egin dio eta. Jainkoari esker edo aurreko kotxea mugitu berri da. Gure aitak ere aurrera egin behar du ezari-ezarian, pozarren gainera, ezin ageriago baitzaio aldartean ez duela gure amarekin errietan egiteko inolako gogorik. Gure amak irratiko bolumena igo egin du ustekabean; Jorge Negreteren ahotsa inoiz baino arranditsuagoa begitandu zait, gure kotxe barruko hika-mikak hutsaren hurrengoak balitzaizkio bezala.

-Eta Bergarako senar-emazteok ez dira lehenengoak, ez eta azkenekoak ere – bota egin du gure aitak tupustean, Arrasateko Kataide industrialdera ailegatzen ari garela-. Nik dakidala azken urteotan jende pila hil da txapelokerren kontroletan. Badirudi, beraz, ez dutela inolako erreparorik tiroka hasteko edozein aitzakia hartuta.

 Gure amak ez du arraposturik egin. Nabari zaio, oso, berak ere ez duela inolako gogorik auto-ilara bateko hitz aspertu batzuk errieta-gai bilakatzeko. Badaki ere ez duela merezi tutik esatea. gure aita honelako kinketan oso erretxina baita edozein huskeria dela motibo. Gure aita oso urduri jarri ohi da denbora alperrik, hau da, bere desiraren kontra denean, galtzen duenean, ezin baitu pairatu beste inork bere eginbeharrekoa agintzea. Bere libertateari eraso egiten diotela uste du. Gauza benetan larria, berak etengabe esaten duenez. Gure aita ez da inoren morroi izateko jaio. Ez bera, ez eta bere ondorengoetako inor ere.

-Begira, Maite, hor dituzu harroputz nazkante horiek, euren antibala txalekoekin apain-apain jantzita eta metrailetei eta ondo eutsita badaezpada, furgonetako sirenen argiak dir-dir eta zoruan barreiaturiko arantzadun kateaz herriko sarrera oztopatuz. Eta hori guztiori gutxi bailitzan guri begira zorrotz-zorrotz, mehatxuka bezala.

-Eta zelan gura duzu begiratzea –gure amak eztanda egin bide du-. Zuk ere gogoratu behar zenuke duela hilabete edo ETAkoek hiru polizia tirokatu egin zituztela Agurain aldean Espainiako Buelta zaintzen ari zirela. Nik ez ditut zuritzen, are gutxiago onartzen dut inor tirokatzea. Hala ere, onartu behar duzu egundoko presiopean ari direla, metrailetaren katua arinegi dutela beldurrak eraginda.

-Zuk zeuk esan duzu, ETAren beldur ari dira, jakina. Baina, gu bezalako jende arruntak ba al du zerikusirik ETAkoekin? – gure aitak bolantea jo egin du ukabilaz eta honekin batera txirrina ere nahigabean.

-Lasai zaitez, Josemari, begira bestela zer egin duzun, txapelokerren arreta gureganatzea – ohartu dio gure amak berriro adar-jole ere.

-Ikusten? Edozein huskeria dute aitzakia gure gainera oldartzeko – erantzun dio gure aitak, baina ez dakit erdi txantxetan edo, irribarre luze bat ezpainetan baitu.

-Gure gainera oldartzeko?

-Bai, emazte, gu denok gaizkileak gara, terroristak edo hauen lagunak bagina bezala.

-Noski ezetz, baina haiek horrela pentsatzea ez da batere harritzekoa.

-Nola ezetz?

-Josemari, zuk uste al duzu benetan haiek ez dakitela zer nolako gorrotoa diogun.

-Nik ez diot inori gorrotorik.

-Zuk agian ez, baina zure Luzaroko lehengusuei baino ez diezu erreparatu behar sortarazten dieten gorrotoaz jabetzeko.

-Zer duzu zuk nire lehengusuen kontra – gure aita ia bere onetik at-, gogoratzen dizut euren etxean egon berriak garela, gainera zu asko estimatzen zaituzte.

-Badakit, noski baietz – gure amak gero eta atsekabetuagorik-, baina horrek ez du zerikusirik esan nahi dizudanarekin.

-Baina, zer dela eta aitatu duzu nire lehengusuena? – orain bai, gure aitak marru eta guzti egin dio amari.

-Zergatik? Iaz, abuzturo bezala euren etxean geundela oporretan, txanpan botila bat ireki egin zutelako ETAk Luzaroko kuartela granadaz eraso egin eta bi agente akabatu zituela jakin orduko.

-Zer diozu? – gure aita zur eta lur.

-Entzun duzuna. Zure lehengusuok esan zuten bi agente horiek sasikume hutsak zirela, aspalditik euren atzetik zebiltzanak beti izorratu nahian herriko kaleetan eurekin topatu orduko edozein txorakeria zela kausa, bazela ordua norbaitek zerbait egin zezan. Edo bestela esanda, merezi zituztela bizia erauzi egin zieten tiroak.

-Baina, ulertu behar…

-Ez dago ezer ulertzerik, Josemari, gizakume batzuen biziaz ari gara. Eta orain, faborez, isil zaitez, txapeloker bat leihatilaz bestaldean deika dugu eta, zuk egindako bozina-hotsak erakarrita.

 Gure aitak guanteran dokumentazioa bilatzeari ekiten dio arrapaladan. Txapelokerrak, ordea, leihatilaren beira jotzen du berriro bere iskiluaren puntaz. Gure amak agintzen dio aitari leihatila albait arinen eraits dezan. Anartean Mikel kakanarruak lo dirau eta nik gure Luzaroko izeko-osabak gogora ekarri ditut, euren etxetik irten berriak gara eta. Udako ia astebururo bezala, Luzaron ikaragarri ondo pasatu ohi baitugu, batez ere eguraldi ona egitekotan kaialdean lehengusuekin. Izeko-osabak ere oso atseginak dira, barrea oso erraz eragiten baitigute euren etengabeko txantxekin. Beti adar joka ari dira edozein txorakeriaren kontura. Betiere aldarte onean, zirika baina inor zinez zauritzeke. Izan ere, izeko-osabenean giro zoragarria dago gure aitaren herrikoaren aldean, non seriotasuna gizalege dela ematen duen. Luzaron denok beti parrandan ari direla ematen du. Gure amak dio kostaldeko jendea lehorrekoa baino hamaika bider atsegin eta alaiagoa dela, nabarmen zaiela buru eta eskuzabalagoak direla eurenez, itsasoak egiten ditu abegikorragoak. Horrexegatik ere hain gogoko dituzte gure gurasoek Luzaron udako oporrak. Hondartza aitzakia baino ez da, haiek benetan estimatzen dutena gure aitaren lehengusuekin parrandan ibiltzea omen da, hau da, guk azkenon seme-alabekin kaialdean bezainbeste. Gogoratzen ari naiz asteburu honetan erruz goxatu izandakoa, batik bat portuan nire burua moilatik bota egin nuenekoa, itzela. Gogoeta egiten saiatzen naiz nire amak esandakoari buruz. Alperrik, gure aita atzeko gidarien bozina-hotsagatik aiko-maikoan hasi bitartean txapelokerrak kotxe barrurantz luzatu du bere begiratu zorrotza eta nire anaia eta biok ikusi orduko motorra piztu eta aurrera egin dezan agintzen dio. Isilean iritsi gara txapelokerrek errepidean jarritako arantzadun kateraino. Orduan, delako katea gu igaro gaitezen zabaldu bezain laster, gure amak irratiko bolumenari eusten dio atoan eta Jorge Negreteren ahotsa nagusitzen da ozen-ozen kotxe barruan: me cansé de rogarle, me cansé de decirle, que yo sin ella de pena muero…, no quería escucharme, si sus labios se abrieron fue para decirme, ya no te quiero…
Txema Arinas
 ASPERRA ipuin bildumakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...