viernes, 11 de octubre de 2019

ASTEKOAK



Banuen aspaldi froga, edo hobeto esanda, konparaketa egiteko gogo bizia. Esan nahi dut, Chopinen Nocturnes bezalakoak Spotifyeren birez betiko erreprodultoreaz bezain ondo ala okerragorik aditzen ziren, Spotifyrenak batere asebetetzen ez ninduelako. Ba egia da, aitor dut, ordenagailuko musikak ez duela erreproduktorekoarekin zerikusirik. Hamaika aldiz hobeto, gardenagorik, sotilagorik, artezagirik aditzen dela. Orduan, zer dela eta egunero Spotifyri atxikita; eskurago dudalako, edozer bilatzeko samurragoa zein arinagoa delako? Bai horixe, eta baita nire Cd gehienak dagoeneko maiztuegi, batik abt berrinduegi, ditudalako. Gauzak horrela, bata bestearen truke; baina, egia da ere, onartzekoa, gure egunerokoan lehia eta patxada, itxuraz behintzat hain kontrajarriak izanda ere, nagusitzen zaizkigunean plazera ere lausotzen zaigula ezinbestez.




Badago gauza bat gutxi nabarmentzen ari dena eta hau guztiau epai berria guztiz ezbidezkoa izanda ere: atzoko epaiak argi eta garbi erakusten du aurrenekoa guztiz ezbidezkoa zela zigorra potolotzeko propio eginda baitzen, hau da, prebarikazio hutsa, ez baita ulertzekoa, epaiak berak dioenez, delito berberagatik bi edo hiru tipifikazio asmatu izana. Oraingo azken hau, ordea, bidegabekeria nolabait apaintzeko asmoz baino ezta izan, hots, edota Pozuetaren beraren hitzotan; " makilatzeko".





-Gaztai honek ez dau ditxosozko listeriosisa izengo, ezta?
-Ze ba?
-Ez dozu aittu Franzia aldien hamaika gaztai errekisau dittuela listeriosiak jota edo eozelako?
-Bai motel. Baina hori beti kanpuan pasetan da, arrotzak listeriko hutsak die. Hamen ezin da halakorik pasau, gauzok ez die pasetan munduko herririk onenien bizi zarenien, inozbez.
-Bai, egixa da. Hau zortea geuria, halako gauzak sekula pasetan ez dien herri baten bizi izatia...
-Zenbat erungo´zu?






Atzo Madrilen bizi den koadrillako batek kontatu zidan bertako auzoko batzuei Gasteiztik txakurkume bat eraman eta izenaz galdetuta "Bost" zela erantzun ziela.

-"Vox? Oso izen polita.

-Ez, Bost, euskaraz bat, bi, hiru, lau eta bost..

-Tira ba, guk gaurgero Vox esango diogu.

Eta bai, orduz geroztik lepoko piperpotodun bat ipini eta edonora doazela "Vox, etorri, Vox eseri, Vox eraso egin" eta abar eta abar.

Gauzak horrela, galdetzen dut nik: non daude PACMAkoak delako tratu txarra salatzeko, non???




Bart erlats geratu nintzen, edo alfabetatu gabekoentzat ahots barik... Ezin asmatu nolatan aldatzen zaizun zure munduari buruzko ikuspuntua. Besteak beste gainerakoek gehiegi hitz egiten dutela jabetzen zara bapatean. Areago, koadrilakoekin parrandan baldin zaude erabat babesgabe sentitzen zara, batez ere lagunetako batek aspaldi, Pleistozenotik hona gutxi gora behera, ikusi ez dituzun txikitako ikaskide ohi batzuen aurrera ia arrastaka eroaten zaituenean eta zu mutu geratzen zara zer esan ezin duzula, ergelarena eginez edo, noski. Eta hau guztiau delako laguna popatik hartzera bidaltzeko aukerarik ez duzulako, hitzez behintzat. Gerora guasapen bidez egiteko aukera ere nuela asmatu nuen, gaitzerdi.





Plazerak eta oinazeak

Hermann Hessen zoriontasunaren gaineko teoriari jaramon eginez zuhaitz baten aurrean burua hutsik, gogoa arin, ingurua lagun, lasai askoan luzaro egon zaitezke. Eta egia da, Hesse jauna zuzen zegoen, zuhaitzera begira gogoa husten eta aurrean duzunari buruz baino ez duzu gogoetarik egiten. Baliteke bai lasaitasun eder, goxo, sakon hau bapateko zein egiazko zoriontasun printza bat izatea, behinik behin zure buruarekin lasai zauden aurrenekoa aspaldiko partez. Orduantxe, aldiz, izugarri gustura, lasai, agian pozik ere, zure ama agertzen zaizu ezustean etxeko atetik aldarrika: zergatik jaikitzen zara hain goiz?, gainerakoak iratzarriko dituzu eta, zer egiten duzu hor kanpoan, hotzituko zara eta?, zatoz barrura, hotza etxe barrura sartuko da eta, beti zabitz txorakerietan, gosaldu al duzu?, noiz egingo dituzu biharko erosketak, gaur gauean kalera irtengo al zara duzun marranta horrekin?, noiz egingo didazu...?, eta abar eta abar."

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...