sábado, 2 de noviembre de 2019

ASTEKOAK


Duela pare bat minutu nire idazmahaiaren aurrean ariketak eta egiten ari nintzela beti bezala burua nolabait egurastearren edo, apaleko argarzki honi erreparatu diot non nire emaztea agertzen den harekin Lisboara joan nintzen aurrenekoan, artean nobixotan, gerora hirupalau bider egon bagara ere. Eta bai, badira bi egun etxean utzi nauela bere gurasoenera joateko, ostegunean amari begietako lanbrotik operatu zioten eta, neretzat demaseko "Gaba Beltza" edo Jalobín..., Eta egia esanda, faltan sumatzen dut nire aldamenean, bai noski, betiere egin bezala, gure artekoak, bikote guztiei suertatu bezala, zalapartatsuak ere izanagatik, aitor baitut nirekin bizitzea ez dela batere xamurra, gizonezko batek izan ditzakeen akats guztiak ditudala eta beste hainbeste ere bai, berdin dit non edo nortzuekin nagoen, nire alboan nahiago dut lekutan baino, egiatan maite izateaz gain harekin oso harro bainago aparteko gizabanakoa delako, ezagun duten guztiok ondotxo dakitenez. Izan ere, bada ere inoiz ezagutu dudan gizakumerik ausartena, azkarrena, abilena, zuhurrena eta batik maitagarriena, horregatik eta beste hamaika arrazoirengatik ere bai. Eta bai, ez diot inoiz esaten, baliteke guztiz kontrakoa, etengabean eta ororen kontura kexu, betilun, etsita, ibiltzen naiz-eta, egiatan berarekin egonda zoriontsua naizela ezin hobeto jakinda ere, izan nezakeen zoririk handiena dela. Horrexegatik hitzok idatzi nahi nituen ezinbestez, ondo asko jakinda ere gauzok batere atsegin ez dituela, nolabait ere asalduko zaidala, errieta eta guzti egingo didala bera agertzen den argazki bat feisbukeratzeagatik, beharbada argazkian bertan azaltzen den betozko berberaz, orduan ere auskalo zer esan edo egin nion eta. Baina ez dit axola, bazaio ere aukera paregabekoa gaurdaino bere kabuz ikasitako euskara apurra praktikan jartzeko, agian primeran erabiltzen duen onlineko itzulgailuari ekiteko enegarrenez, eta beti ere bere amaren gaineko zerbait maltzur, iraingarri edo idazten dudan asmatze aldera; baina, bai, euskaraz baino ez zitzaizkidan amodiozko hitzok ateratzen, ezin zintzoagoak dira eta.


Ian McEwanen Amsterdam irakurtzen ari naizela protagonista biotariko bat musikagilea da, hortaz Noam Chomskyren lankide baten honako aipamen bat gogora dakar "about our uniquely human ability to learn language", baina, kasu honetan musikarena ulertzeko zein gozatzeko gaitasunaren kontura. Edo bestela esanda, labur bilduta ere, denok gai gara, jatorriz, izatez, musikaren hizkuntza ulertzeko zein gozatzeko, "homus musicus" gara eta,"genetically prescribed" dio textuak. Gauzak horrela, eta batik bat Edwar Elgarren Salut d´amour" bezalako zerbait bat entzuten ari zarela edo, galdera oso bapatekoa da, zirt edo zartekoa: nola da posible inork rap eta enparauak musika ere direla baieztatzea, gogoko izatea ere?




Halloween garaian gaozela badirudi ohitura zaharrak eta topatu edo berreskuratzeko joera bizia nagusitu dela gure artean. Besteak beste hona hemen Laudioko udal agirietan arakatuz topatutakoa; ezin esan Laudiokoak "bereziak" ez direnik, ez horixe...
"Aspururen idatzian, XVI. mendetik XIX. mendera arte, Domu Santu Egunean Laudioko zinegotziek karguak hildakoen aurrean, hilerrian, zin egiteko ohitura indarrean egon zela aipatzen da. Izan ere, Natxo Urkixo alkateak horren aztarnak topatu zituen udal aktetan."






Aditu berri diot Xabier Amurizari Euskadi Irratitik aspaldi Bilboko kafetegi batean gertatu zitzaion pasadizoa komunera zihoala emakumezkoentzat ala gizonezkoentzat erakusten zuten ikurrak behar bezala bereizten jakin ez zuelako. Hortaz. aspaldi hor nonbait ikusitako biok gogora etorri zaizkit ziplo; nork bereizten ditu? Zer dela eta edo nola asmatu behar dudan nik katua emakumezkoentzat dela, batez ere komunera txizalarri sartzen zarenean?

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...