jueves, 25 de junio de 2020

ASTEKOAK


Badakit mitologia Historia baino maiteago dutenek Alberto Santanaren Baskoniako historia bat batere atsegin ez dutela, batik bat ez dutela historiagilea askotxo estimatzen. Ez da harritzekoa oraingoan euskal matriarkatuaren mito hutsa argi eta garbi erakutsi baitio argibide oro telebistatik baino jasotzen ez duen publiko handiari. Erakutsi egin du atzo eta gaurko aditu gehienek ezin hobeto azaldu dutena, Euskal Herrian sekula egon ez dela emakumezkoen nagusigorik edo gutxienez oinarrizkorik, noizbaiten gizonezkoeek deuseztu zutena. Egia da, emakumezkoen papera oso garrantzizkoa izan dela euskal gizartean, batez ere beste herrialde batzuetakoen aldean; baina betiere ere tokian tokiko zein sasoian sasoiko betebehar sozioekonomikoen arabera (beharrezkoa al da gogoratzea zer dela eta kostaldeko emakumezkoak beti eta printzipioz libreagoak bezain sasoitsuagoak izan diren, munduko edozein kostatan, alegia?), Historian zehar emakumezko batzuk beste batzuk libreagoak edo baztertuagoak izan baitira baldintza horiek zirela medio. Mitoak ordea oso bestelako ikusmolde bat hedatu nahi du zenbaitzuen gogo zein helburu ideologiko oso zehatz bat limurtzearren. Halere, mitoa ez da inoiz premiazkoa gogo eta helburu guztiz zuzen bat aurrera eramateko, gauzatzeko, duintzeko berezkoa baldin bada (Berdin-berdin mendebaldeko EHren euskalduntze berantiarra ukatzen duen mitoarekin, gure mendebaldean euskara betierekoa dela dioenarekin; ezta beharrezkoa euskara zein euskal kultura babestu zein suspertzearren). Baskoniako historia bat primeran taxuturik, bada aspaldi-aspalditik telebistaratutako saiorik duinena, jasoena, txukunena, eta agian horrexegatik ere gure mitozaleek gorrotoen dutena, gehienetan aparteko argudio sendorik eskaintzeke, ez baldin badira "ad nominen" edo irain garbiak, besteak beste Alberto Santana Euskal Herria gorrotatzen duen euskal abertzalea bilakatu egin duena, edo antzeko zerbait, auskalo. Edozelare, heterodoxiaren enegarren ajea ortodoxoen herrian.



Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako sarraskia, Aguraingo liskar mozkor zoroa, Beasaingo sasi sorginen dantza, kultura zinegotzia barne, eta beste antzerako hainbat bidegabekeria hor nonnahi, hau guztiau Pandemia hutsaren hurrengoa balitz bezala, auskalo non edo nori aditutako egiazko gezur bat dela, betiere gizakiak kontrolpean edukitzeko asmotan, ontzat emango balute bezala, euren nagusien bizitzak bost axola balie bezala Baina bai, badakit gazteak gaitzestea ez dela batere popularra, gaizki ikusita dagoela agure uzkur ipurterre bat bilakatzen zaituelako nahitaez; baina, zer nahi duzue nik esatea, batez ere nire nerabearen eguneroko jokabide ergelari erreparatuta, nire iritzia oso bestelakoa da...



-Maitia, gaur lehenengo egunean bezala bihotza gori-gori dut zure amodioagatik.

-Laga txorakeriak alde batera. Salto egingo al duzu ala zer?

-Zertarako? Koronabirusa dela eta ez da inor suteak ikustera etorri.

-Ez eta nigatik ere?

-Berdur naiz.

-Bai, urtero bezala.

-Aurten gainera ziurtasun distantzia kosta ahala kosta mantendu behar da. Eta nik garretatik zenbat eta urrunago, orduan...

-Nire amodioagatik erreko zinatekeela agindu zenidan.

-Erre bai, kiskaldu ordea...

-Hara, herriko azken erromantikoa...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...