viernes, 19 de junio de 2020

FEW & STOUT EGUN HAIEK



Gogoa "few & stout" gisara dudala aspaldi ez dakit non argitaratutako istoriotxo hau berreskuratu dut nire irishmina nola edo hala epeltzearren.


"Galwaytik gentozen asteburu pasa Dublin alderantz; baina, errepide zuzenean barrenean egin beharrean Limerickera zihoan bidetik egin genuen Shannon ibaiko hiria ikuste aldera. Ez zitzaigun batere gustatu bidaide eta zerbait gehiago nuen oihartzundar neskato eta bioi, batik bat "esan nau" edo "eman zaitut" bezalako adizkeren bitartez nire belarri ikastoleroa etengabe egurtzen zuen gipuzkoar euskaldunzaharrari. Hiria labezomorroa baino itsusiagoa begitandu zitzaigun. Hiri ilun eta hitsa, etxeetako adreilua eta hormigoia nagusi, kale zimelak, etxe apalak, orubeak edonon, kaleek gogoratzen ziguten XIX mendeko Liverpooleko langile auzoen irudi etsigarria. Hori izan zen, jakina, eliza harroak. Hura izan zen hogei urte inguruko gaztetxo listopasatu batek lehen begiratu batean hartu zuen inpresioa Limerickeko kaleetan barrena. Ez omen zegoen ezagutzeko, bisitatzeko, erakartzen gintuen ezer; ibaiaren inguruko ibilbidea kenduta, halabeharrez. Eta gutxi ez balitz bezala ere, ez dakit nik zegoeneko irakurria banuen Frank McCourten Angela´s Ashes liburua nire zirrada guztiz okerragoa, ilunagoa izen zedin. Handik lehenbailehen ospa egiteko eskatu nion oiartzundar kakanarru kaskagorriari. Hiri ertainekoak garen gazteak gure bezalako hiri ertainez asper-asper egon ohi ginen, guzti-guztiak Frauberten probintzia beltza iruditzen zitzaizkigun eta. Zer esanik ez, beraz, gureak baino txikiagoak ziren hiriei buruz. Ezin genuen gure burua irudikatu Durango, Tolosa edo Miranda de Ebro bezalako hiri txiker batean bizitzen; Gasteiztik ihesi irten ezkero betiere Madril bezalako taxuzko hiri potolo batera edo, gehien jota, gurea baino pitin bat koxkorragoak izaten ziren kostaldeko edozein hiritara. Bilbok balio zigun, noski. Bilbo itsasotik hurren zegoen eta. Dublin hiriak berak Bilboren antz handia zuela esaten ziguten Bizkaiko hiriburua ezagun zuten lagun irlandarrek; guk biok ordea muzin egin ohi genuen behingoan. Edonola ere, Limerick holaxe begitandu zitzaigun, horrenbestez ihes egin genuen berehalaxe.

Haiek izan ziren ordea hogei urte inguruko mutiko baten gogoetak, hau da, edertasuna ohiko tokietan ikusteko baino prest ez zaren adinean. Gaur egun edertasuna edonon dagoela badakit, batez ere gauza xeheetan edota, hobeto esanda, xehetasunetan. Gaur Limerickera itzuliko nintzateke eta ziur nago ederra begitanduko zitzaidakeela, edertasuna nonahi topatzen ikasi baitut hein handi batean, edo hori da behintzat nire ustea."

Hauxe da nolabait gogora eta oharkabean etorri zaidana Dolores O'Riordanen hainbat kantu entzuten ari nintzelarik, baliteke batik bat "When You're Gone." 

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...