viernes, 30 de abril de 2021

HERRIAK EZ DU BARKATUKO - IRATI GOIKOETXEA

 


Irati Goikoetxearen HERRIAK EZ DU BARKATUKO nobelari buruzkoa: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/herriak-ez-du-barkatuko-irati-goikoetxea


  Minari erreparatuz

   erreparatzen da mina
 
                                                                     
  Ta elkarbizitza zer den
                                                                         
 izan dezagun gogoan

elkarrekin bizitzea
                                                                          
ta ez elkarren ondoan
 
   Ekaitz Goikoetxea

 

 

 Ondorengo lerro hauetan Irati Goikoetxeak, idatzitako ETAk, hemeretzi urte zituela, aita hil zion Oihanaren minari buruzko nobela hizpidera dakart. Mirari buruz, bai, nobela hau, ezer baino lehen, hau da, ETAren edo beste edonoren biktimei buruzko nobela bainoago, ETAk eragindako minaren inguruko gogoeta luze eta eder bat baita. Bai, Oihana minduta dago aita hil ziotenetik. Oihanak mina du zama geroztik, edonora daroana biktima gehienen antzera, edozein dela kausa bat-batean oldartzen zaiona, edonorekin dagoela gehienetan nola edo hala zuritu edo mozorrotu behar duena ondotxo baitaki bere mina hain pertsonala izanda aurrekoari aspergarri, adigaitz, epel edo astun suerta dakiokeela, edonoiz ustekabean edo gainezka egin diezaiokeena. Oihanaren mina bada, beraz, animaren minbizia, berarekin bizi beharrean dago eguneroko bizitza ez zapuzteko ahaleginetan, ekinaren ekinez moteldu beharreko mina. Oihanaren istorioa bere minaren kudeaketan datza, batik bat nolatan aurre egiten dion bere ingurukoekin lasai, hau da, minak eragiten dion gorrototik ihesi bizi ahal izateko, dela Euskal Herritik at, bere tragediako paisaiatik urrun eta ezagutuko dituen lagun berrien aurrean, bere seme Lukasen aita kasuko, dela Euskal Herrira bueltan, hau da, nobelako Carmenek dioen bezala: “otsoaren ahora”.

“     -Polita izan da saltsa. Batez ere Lukasengatik.

-          Baina hogeita hamar urte dituzu, hiru urteko semea eta bueltan zoaz otsoaren ahora.

-          Ez dakizu zein ederra den Euskal Herria.

-          Oihana, aita hil dizu Euskal Herriak.

-          ETAk hil dit aita, Carmen. Ni ere banaiz Euskal Herria.”

Euskal Herrira bueltan, noski, berriro aurre egin behar izango dio bertan utzi zien giro ustelari; baina, beharbada ez hainbeste, gauzak ezari-ezarian aldatzen ari baitira, ETAk bortizkeria bertan behera utzitakoan, behin-behineko edo behin betiko bake garaia hasi baita eta honekin batera euskal gaztakaren ajeei zinez aurre egiteko abagunea, hots, biktima guztien mina aitortzekoa. Oihanak lan egingo du elkarbizitzaren alde bere neurri apalean, irakasle bezala zein GALen moduko beste hitzaileek ere eragindako biktimeengana ondoratuz. Kostatuko zaio, jakina, askotxo irauliko baitzaio barrenean, beharko; baina, hala eta guztiz ere, lortuko du, hein handi batean beste aldeko batek egindako keinu edo aurrerapausoei esker, hau da, elkarren mina aitortzeko egindako esfortzuari esker.

 

“-Zerbaitek esan zida: Joan! Eta joan egin nintzen. Kontuak zer diren. Uste dut negar egiten ikasteko beharra dudalako joan nintzela. Ez nengoen gonbidatuta, badakit. Hitzordua lapurtu nizun, badakit. Errespetu falta ere izan zen, badakit, hain zegoen hitzordua landua eta zaindua. Ez zegoen niretzat tokirik. Eta, hala ere, joan egin nintzen. Biktimak elkartzeko espazioa zen hura, badakit. Baina zer naiz ni, Oihana? Ze kaka gara hiltzaileen seme-alabok? Portatu zen Santi. Aulki huts bat zegoen. Zurea. Han ez esertzeko esan zidan. Aulki bat gehitu zion zirkuluari. “Hutsuneak ez ditugu estali behar” esan zuen, “hutsuneak aztertu egin behar dira”. Portatu zen Santi. “Oihana ere hemen dago” esan zuen.

 Segundo bat, bi, hiru.

-Baina ni etxean geratu nintzen.

 

Gauzak horrela, nabarmen da, oso begi bistan egia esanda, liburuan mezu oso argi eta sendo bat dagoela; elkarbizitza posible zein ezinbestekoa dela, asko kostata ere, baina egiatan astiro-astiro, ezari-ezarian, batez ere benetan zintzoa eta behar bezala errotua izan dadin egin-eginean. Alde horretatik, ez dago dudarik mezua guztiz positiboa, aurreragarria, itxaropentsua denik, fede oneko euskal herritar gehienok nola edo hala aditu eta sinetsi nahi duguna ezinbestean, nik inork baino lehen, alegia. Horrenbestez, ez dut duda apurrik ere Herriak ez du barkatuko nobelak oso dokumentu egokia izango dela ETAren osteko elkarbizitza lantzeko asmoz, ikastetxeetan, irakurketa klubetan edo auskalo non, hau da, nobelako Oihana bere arte eskoletan ikasleekin egiten saiatzen den bezala, testuan hamaika gauza benetan interesgarri, mamitsu, baitaude biktimekikoaren kontura gogoeta egiteko. Besteak beste, eta nere ustez aipagarriena ere bai, Oihana Euskal Herrian dagoela, bera eta bere anaia bezalako biktimek euren iritziak edo sentimenduak jendartean, plazan, disimulatzeko edo gutxienez ezkutatzeko duten/zuten jokabidea, gainerakoen iritzien beldur bizi balira bezala etengabean.

“Ez, ez zinen egon. Baina ez nintzen zutaz ari. Lagunak, bizilagunak, irakasleak… Joder, Rubenek ere bizkarra eman zidan, Rubenek, Martin, Rubenek. Gitarra klaseetara gehiago ez joateko esan zida. Mesedez eta eskerrik asko. Eta ni ez nintzen itzuli.

-Zerria! -ukabilak mahaia astindu eta, piririka, ia lurrera erori da garagardo botila dagoeneko hustua. Bestea eskuan du Martinek. Oihanarena-. Zerria! -errepikatu du Martinek, baxuago, gelduago, itsusiago. Etsipen arriskutsua nabari dio Oihanak.

-Martin…. Mesedez -Miguel begira dagoela ohardu da Oiahana. Ez zaio anaiaren erreakzioa gustatu. Zer egin jakin ez eta ordulariari begiratu dio. Eskua jarri dio gero Martini bizkar gainean. Besarkada erdi bat-. Banoa. Kattiren bilda joan behar dut. Etorri etxera nahi duzunean. Esan Soniari.

-Ez haserretu, Oihana.

-Lasai.”

 

Ezta, noski, biktimen jokaera bakarra, euskal gizarterik gehienarena baizik hainbat eta hainbat hamarkadetan zehar, gehienek nola edo hala, beldurrez zein inertziaz, barneratutakoa, badaezpada, zer gerta ere; baina, aldi berean ere gizarte bezala ezin hobeto definitzen gintuena garai haietan; ez ginen libre, ez; gutxi batzuek libertate falta hori pairatzen zuten, gehienok ordea sumatzen genuen; gauza bat esan ohi genuen jendartean, eta beste bat, oso bestelakoa, izaten zen gogoan genuena, hau da, gure buruari zein gure oso hurkoei esan ohi geniena, benetan esatekotan, noski.

Izan ere, liburuaren aurreneko zatia dut azpimarragarriena, benetan bihoztuna, bipila,  nolabait ere Oihanaren aitaren hilketaren inguruko gogoeta benetan zintzo eta osagarri bat agintzen diguna, hau da, betiere Oihanaren minaren inguruko giroa edo zioak hobeto ulertzeko behar adina argibide emango digulakoan. Alabaina, eta orrialdeak aurrera joan ahala, beldur naiz gogoko bezain ezinbesteko genukeen argibidea gero eta murritzagoa den. Esaterako, ez dakigu ezer Oihanaren aitaren ideologiari buruz edo, gutxienez, zein izan zen ETAren aitzakia bera garbitzeko eta are gutxiago hilketaren aurreko zein osteko inguru-mingurukoei buruz. Beste hainbeste Oihanaren herriko zein garaiko Euskal Herriko giro politikoaren nondik norakoez. Bestela edanda, orrialdeak pasa ahala, Oihanaren aitaren hilketaren inguruko dena oharkabean ostentzen da istorioaren muina Oihanaren mina baita, erabat. Hartara, eta gorago esan bezala, liburuaren orrialde gehienak Oihanak bere minaren kodeaketaren inguruan ardazten dira, maiz oso metafora ederretan, bere ingurukoekiko elkarrizketa benetan mamitsuez jasandako tragediaren kontura. Hau guztiau, gainera, oso euskera ederrean idatzita, irakurketa zalu eta samurra eskaintzen diguna oso. Horrenbestez, ez da batere zaila liburuaren azken zatiraino iristea ia ustekabean hainbeste orrialdetan barrena gai berberaren inguruan jirabiraka ibili eta gero, hau da, beste aldeko biktimen minarekin talka edo topo egiteraino. Edo bestela esanda, mezurako bidean jartzeko moduan. Dena primeran dago antolatua delako mezua uztearren, eta ni minaren inguruko gogoetek beharbada demaseko orrialdeak dituztelakoan egonda ere, baita testuko elkarrizketek zein amaierako gertaerek ezinbesteko egiantzekotasuna izan dezaten ere. Halare, ez dakit nik zenbait pasartetan balizko edo ustezko eztikeria sinesgaitz bat behar bezala saihestuta, betiere idazleak kosta ahala kosta zabaldu nahi digun mezua benetan nabarmen izan dadin, hau da, esplizituegia.

 

“- Aitarengandik hurbildu zen eta atzera begiratzen lagundu dit. Gogorro izan da, baina ondo sentitzen naiz.

-          Baina zertaz, Oihana! Zertaz hitz egin duzue! Aita gurea da, zurea eta niea. Eta ez beste inorena. Ulertzen duzu? Zurea eta nirea.

 Oihanak Migueli begiratu zion eta Martini gero. Edalontzi huts gehiegi barraren gainean.

- Aitak gizartearena izan behar du, Martin.

- Hara, hori erakutsi dizu Santi delakoak Eta nor da gizartea? Hiltzaileei ongietorriak egiten dizkiena? -Martinek sakelakoa hartu eta argazkiak erakutsi zizkion Oihanari, aste horretan bertan zabaldutako bi albiste ziren-. Hriena ere bada gure aita? Ez dizu nazkarik ematen?

- Nazka ez, Martin. Min ematen dit, ikaragarrizko mina.”

 

Edonola ere, badakit idazlearen erabaki guztiz zuzen eta errespetagarria dela, berak ondotxo baitaki noraino eroan guran duen bere istorioa. Eta jakin badakit, beharko, nire iritzia guztiz subjetibokoa dela, beharbada nire irizpide literarioak oso bestelakoak direlako, nik errealitate bat taularatzerakoan gordina nahiago dudalako, baina aldi berean ere hain agerikoa ez dena, testutik ondorioak nik neuk atera baino. Baliteke ere nik  bizitza edo gizakien jokaerari buruzko oso iritzi onik ez izatea, agian giza harremanei dagokien orotan neurez ezkorragoa naizelako, eta ondorioz eta printzipioz mezu eredugarriei muzin egiteko joera garbia dudalako, argilunen estetika auskalo zer dela eta hamiaka aldiz gehiago maite dudalako. Denak ote dira nire akatsak, jakina, inondik inora ez Irati Goikoetxearen nobelaren ajeak, nire subjektibitate petralarenak baino.

 

Halaber, ez dut inolako durarik Herriak ez du barkatuko nobela  euskal gatazkari buruzko istorio oso aproposa dela euskal irakurle asko eta askok eroso ikakur ahal izan ditzaten ETAren biktima baten barne nondik norakoak eta euren kontzientzia aparteko erresuminik eragin gabe, hau da, ETAk eragindako min edo kalteen aurrean iraganean edukitako jarrera edo portaerarengatik oso interpelaturik ez sentitzeko, hau da, non, nortzuekin eta nola egon zen etengabe gogora ekarri behar izan gabe, enegarrenez esan bezala, istorioaren muina biktimen mina baita, ez biktimen minaren aurrean gainerako euskal herritaron erantzukizuna edo, baina ez behintzat hain premiazkoa bezain zintzoa izan behar duen elkarbizitza eta batez ere balizko berradiskidetzearen bidea nolabait eragotzi bezainbeste. Alde horretatik, beraz, ageri da Herriak ez du barkatuko euskal gatazako biktimei buruzko irakurketa kanonikoa bilaka dadin aukera handiak daudela, alafede.

 

 

Txema Arinas

Oviedon, 2021/04/30


No hay comentarios:

Publicar un comentario

UN POLVO MAYESTÁTICO

        Sueño que soy Jose I de Portugal y que después de pasarme la noche en vela cortejando a la soprano más famosa de mi época, Francesca...