domingo, 11 de abril de 2021

AZKEN EGUNOTAKOA


Badakit hitz guztiz ederragoak daudela, baina
Nire aburuz
Haragikeria da, duda barik, liluragarriena
Nire gusturako
Bekatu den oro laburbiltzen du ezin hobeto
Nire gaztaroan
Sexua, droga eta ronkalola, orduko zoramena
Nire gogoan
Txortan egin ostekoak zein mozkorrondokoak
Nire damua
Behinola egokiro maitatu zein edan ez izana
Nire zoria
Urteen poderioz gaztetako sua moteldutakoan
Nire onbeharrez
Orotan jakin dut asmatzen haragiaren plazerra
Nire orainean
Entrekula dut gaur egun gehiegikeria bakarra
Nire patua
Lehen bezala txintxoen sudur zimurra eragitea
Nire geroa
Tentsio altu zein kolesterolaren ajeen mendea
Nire kontsolamendua
Haragiarenak nolabait beti ditut nire aldean



Ba al dago ezer zentzugabekoagorik zure herriko plaza munduko politena dela esatea baino? Baliteke zuretzat kuttunena izatea, gauza guztiz zentzuzkoa, noski, bertan koskortu zarelako, zure bizitzaren parte delako ezinbestez, bertan oroitzapen bereziak dituzulako. Baina, munduko politena ote? Ezagun al dituzu munduko plaza guztiak, alegia? Benetan uste al duzu gainerako herrietako plazak itsusiagoak direla euren biztanleen begietara? Ba, beste hainbeste bizitzaren edozein arlotan; ez gara, ez, munduaren neurria dena gure zilborraren tamainakoa dela sinetsi edo sinestarazteko. Ba hori, herri guztietan txakurrak oinutsik.
 
ANE pelikula ikusita ez dakit zer den gehien aztoratzen nauena, bertan kontatzen dena oso gertuko dudana, ala guztiz kontrakoa, zorionez aspaldi-aspalditik arrotz suertatzen zaidana. Aneren pertsonaia -eta hemen lau haizetara esan beharra dago ni Patriciarekin txora-txora eginda nabilela aspalditik-, bestalde, oso gertukoa ere begitantzen zait, ezin esan ez dela nire hirian, edo herrian, edonon topatzen den nortasun oso-oso bertakoa, hau da, emakume gogorra bezain harroa, gainerakoekiko zakar, gozogabe, fidagaitz jokatzeko joera bizia duena gizalegea otzantasunarekin nahasten duena. Izan ditzale bere motiboak ala ez, auskalo, pelikulan bertan oso azaletik baino antzematen ez baitira, eta edozein kasutan ere inguratzen dutenekiko etengabe erakusten duen zakarkeria sarri askotan oso doakoa iruditzen zait. Gauzak horrela, badut ustea pertsonaia exajeratuegia dela ikuslea kosta ahala kosta harritzearren edo, hau da, berez dena baino zakarragoa. Hala ere, nire emaztearekin pelikula ikusten ari nintzela berak aitortu zida, maiz egin bezala bestalde, Gasteiza heldu zen aurrenekoan jende gehiena oso zakarra begitan zitzaiola, hau da, edonora zihoala, taberna batera, denda batera, bulego batera, tratua ez zela batere atsegina, hotza eta harroa baizik, besteekin, aurrekoekin, gizalegez, amultsu, hau da, Asturias aldean legea izan ohi dena, jokatzea nolabaiteko amore ematea bailitzan. Nire aldetik, aldiz, baietz baino ezin nion esan, ondotxo asmatu eta paraitu egin baitut betidanik nire hiri/herkideen berenezko zein alferrikako zakarkeria; elkarrekiko tratua pena/lotsagarria izan ohi da/zen gehienetan, hau da, edonor azaltzen zaiela aurpegian bekozkoa beti jarrita, badaezpada, auskalo zer dela eta, irribarre zabal eta gizalegetsu baten ordez. Zorionez, emazteak berak aitortzen dit, gauzak askotxo aldatu egin dira orduz geroztik, Gasteizen behintzat, esan liteke nolabait pittintxo bat hazi eta hezi egin garela gizarte bezala, eta ez dut uste zergatia adieraztea merezi duenik. Batek daki, baina, menturaz eta ezari-ezarian... Julen Artsuaga bildukideak bezalako asko eta askok oraindik ere guztiz kontrakoa gogotik erakutsi arren, noski.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...