jueves, 10 de enero de 2013

ARESTI ENEGARREN BIDER GUZTION AURRETIK ERE



Maldizio betikoa (Manuelentzat)

Zuei,
Bartzelonako euskaldun
unibertsidade-mutilak,
egian diotsuet,
zuen arteko batek
baldin eta esplotatzen badu,
hemendik hamar edo hiru urtera,
beraren anaia
obrero
edo kontadorea,
hori,
zuen arteko
hori,
neure maldiziorik borobilenarekin
hornituko dudala
sekula-sekulorum,
mundu honetako
puta semerik
semeena
bezala.

Gabriel Aresti

Harritu egin nau oraintsu Elgoibarko lagun batek ezagutarazi zidan Arestiren poema ez dakit ahaztu edo ezezegutako ikaragarri eder, gogor eta hunkigarri honek. Irakurria dut Aresti oso-oso gaztetatik, esan liteke euskaraz irakurri egin nuen aurrenekoa izan zela, ondo asko gogoratzen baitut, hor nonbait gainera idatzi bezala aspaldi, nire hiriko Santso Jakintsua kaleko Axular liburudendan Harri eta Herri poemategia izan zela nik agian erositako lehenego liburua. Orduz geroztik, zer esanik ez, Aresti betiere izan dut eredu. Beharko, Arestik ezin hobeto ordezkatzen baitu nik gertukoen dudan euskaltasun mota ia bakarra, bai zeharo urbanoa den aldetik, horrenbestez, eta betiere ni ustez noski, buru zabalagokoa, abegikorragoa, anitzagoa, eta zer esanik ez pentsamoldeei dagokienez, nik ere Arestiren modura duda asko eta asko izan ohi dut abertzaltasun zein euskaltzaletasunaren inguruan, edo bestela esanda, baldin badut herri alu honetako gauzei aurre egiteko jokabide bat hori heretedoxia edo etengabeko disidentzia baizik ezin da izan.

Maite dut, beraz, Aresti, gertuko zein egiazko egile handi-handitzat hartzen dudan aldetik, seguru asko euskal literaturaren gorenekoa, blog honetantxe bertan auskalo zenbat bider idatzi bezala, eta horrexegatik ere harri eta zur utzi egin nau Iñakiri esker inondik inora gogoratzen ez nuen poema hau deskubritu izanak; baina, aldi berean ere Arestiri nion estimu ikaragarria areagotzen didana, poema honetan ondo asko erakusten baitu enegarren aldiz bilbotarrak ezer baino lehen gizonezko ondradu eta bihotz handikoa zela, bere garaiko hainbat euskaltzalek baino argiago izan zuena zeintzuk ziren gizon ondradu eta on baten lehentasunak. Gaur egun tamalez ere asko eta askok nahikotxo argi ez dituztenak, ezin baitira parekatu borreroak eta hauen biktamak. Baina, zertaz harritu behar, badakigu nor bere lehentasunek definitzen dutena, eta herri alu honetan bakoitzak badaki nortzuen alde egonda zeintzuk diren lehentasunak horiek, badirudi bakan batzuenek gizakia helburu dutela eta bestetzuenek ostera euren herri edo zehatzago esanda alderdikoak soil-soilik. Eta beharbada ere, horrexegatik erabat ahaztua izan da poema hau, baztertua, ezkutatua, estalia, ezin hobeto adierazten zuelako zein izan behar zuen gizaki zintzo eta bihotz oneko  lehentasun bakarra edo gorena. Eta ez,horrela ikusita, ezta batere harritzeko urtetan, hainbeste odol isuri arazi egin den zoko madarikatu honetan, Arestiren izena ikastetxeak edota kaleak izendatzeko baizik baliatu izana, bazen oso modu sotila hain idazle eta gizon handi baten itzalari muzin egiteko, bere izena harri bilakatuz hain zuzen ere, berak beste poema ezagun batean zehatz-mehatz salatu egin zuen bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...