jueves, 16 de marzo de 2017

Idazle konprometituak


2017-03-16 / Txema Arinas -
 Idazlea http://www.berria.eus/paperekoa/1905/033/001/2017-03-16/idazle_konprometituak.htm
I
rakurri berri ditut euskarazko bi liburu idazlearen betekizunarekin nolabait berradiskidetu nautenak: Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia (2016) eta Aritz Gorrotxategiren Zer egingo dugu orain opariekin (2017). Idazlearen betekizuna, zer demontre da hori? Edo bestela esanda: idazlearen betekizuna ez al da zenbat eta liburu gehien saldu, orduan eta hobeto, hau da, edozein Dolores Redondoren modura edo? Baliteke, nork bere aukera edo ustea. Ni ordea oso txatxua naiz, oso, eta badut oraindik ere literaturari buruzko oso ikusmolde erromantiko edo inozo bat. Izan ere, nik nire egiten ditut Miguel Sánchez-Ostizek Derrotero de Pio Baroja (2000) liburuko hitzok, non idazle donostiarrak bizitzari zein literaturari aurre egiterakoan omen dauden bi jokabideetatik zein aukeratu ez zuen argi eta garbi adierazten duen: «Lehenengoak darama, Barojak dio, itxurakerian bizitzera, talde edo tribuaren legeak onartzera, kontzientziak ezkutatzen duenarekin men egitera, gehiengoaren (edo kuadrila famatuaren) irizpideekin bat egitera, betiere tribuaren arrimuan goxo-goxo segitze aldera. Sinesten ez duguna errespetatu behar dugu (Luis Murgiak —Barojak— La Sensualidad Pervertida eleberrian esango du argi eta garbi)» (30 orr.).


Gauzak horrela, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia-k ikaragarri asebete nau bertan tribuaren lege zaharrari aurre egiten dioten herritar batzuen kronika benetan mamitsu, zintzo eta gordina kontatzen baita. Edo zehatzago esanda, Urretabizkaiak Hondarribiko alarde tradizionalari uko eginez mistoa aldarrikatu eta antolatu zutenek, berak barne, jasan zituzten ondorioak, hau da, arbuioak, mehatxuak, korromioak kontatzen dizkigu ikuspegi zeharo literario batetik, hau da, hiritarren arteko desadostasuna zein balizko konponbidearen inguruko gogoeta sakon eta zintzo bat eginez, Arantxak berak egunkari honetan bertan oraintsu azaldu bezala: «Desadostasun baten aurrean, gure jokaera nagusia da iritzi desberdina duena etsai bilakatzea. Adostasunaren bertuteak ikasi ditut, desadostasunei esker». 



Arantxa Urretabizkaiaren liburuak idazlearen ustezko edo balizko betekizun bat gogora ekarri dit, bai, bere garaiko gatazken nondik norakoen berri ematen duen idazle konprometituarena. Areago, tokian tokiko tribuaren kontra, hots, gehiengoaren harrizko uste edo ohituren kontra idaztera ausartzen den idazlea dugu Arantxa Urretabizkaia, betiere uste edo ohitura sendo horiei aurre egiten dien gutxiengoaren parte izanda edo, gutxienez, kronikari.



Alde horretatik, Aritz Gorrotxategiren Zer egingo dugu orain opariekin? ipuin liburuan antzerako pertsonaia bat azaltzen zaigu beste tribu agian apurtxo bat handiago baten uste edo ohitura sendoen kontra: «Ordura arteko lagun batzuek bizkarra eman zioten, ez ikusiarena egiten zioten. Zenbatean kantatu zituen bere artean Garik epela hitzaz hasi edo bukatzen ziren bertsoak: epela-ospela-bela-kandela, edo labela-itzela-manibela-umela... Presoen aldeko saio batean parte hartzeko hots egin zioten, eta baiezkoa eman zuen. Presoengatik baino gehiago, jendaurrean kantatzeko aukerarengatik. Musikariek musika eskalak nola, bere buruak errimak eta neurriak osatzen zituen etengabe, obsesiboki. Hala ere, gutxitu egin ziren kantatzeko aukerak. Bere belaunaldiko bertsolari gazteak puntan-puntan zebiltzan, eta horietako batzuk Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalerdietara eta are finalera ere heldu ziren. Beharbada horregatik jasotzen zituen dei gutxiago saioetan eta bertso bazkari eta afarietan parte hartzeko». (75 orr).



Baditugu, beraz, tokian tokiko tribuaren harrizko uste edo ohiturei bizkarra ematen ausartzen direnen kontakizuna, eta batik bat pairatu behar dituzten ondorioak, idazbidera dakartzaten bi euskal idazle saiatu eta ausart —ez dira bakarrak, noski ezetz, nik oraintsu irakurritakoak baizik—; baina, hala eta guztiz ere, idazle konprometituen tradizio zahar bezain gutxi/gaitzetsiarekin nolabait berradiskidetzen gaituztenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...