lunes, 20 de marzo de 2017

"ITXURAZKO ITXURATI HAIEK (Bixente Serrano Izkok TESTAMENTO DE UN IMPOSTOR hizpidera dakar.)




"Ea balio duen iruzkin honek Txema Arinasi bere urtebetetzeari topa egiteko txartel gisa.

Pertsonaia interesgarria, garai eta molde bateko ikur eta metafora dena, Txema Arinasek marraztu diguna bere «Testamento de un impostor» izenburuko azken eleberrian. Jesuita bat, misiolari Venezuelako ohian eta bazterreko aldirietan, nahiz eta intelektual prometagarritzat ikusita Konpainiaren katedra unibertsitario altuenetan (Deustoko batean, Venezuelan gero) lekua eskaini zioten. Berak, izan ere, nazional-katolizismoan hezia (frankismoko Euskal Herrian), bere egin zuen eliza katolikoak eta Jesus-lagundiak itxurazko prediku zuten pobreen aldeko lana. Bitxia pertsonaia, bitxia denez, pobreen aldeko bere engaiamendu horretan eta bere ibilbide intelektualean. Spinoza zale, Voltaireren izpirituko, apaiz gorri agertzen zaigu bere testamentuan bizitzaren amaieraren bezperetan. Eta Nietzschearra, bere ospe intelektuala lorturik izan arren Nietzscheri eginiko kritikei esker, ikuspuntu katoliko guztiz ortodoxotik eginak. ‘Nietzschearra’ diot, hau da, Nietzscheren “Jainkoa hil da” lemarekin sinetsirik azkenean. Hala ere, apaiz eta jesuita jarraitzen du protagonista narratzaileak testamentua idazten duenean: bere engaiamenduari atxikia, baina horretara lerrarazi zion fede erlijiosoa guztiz galdua. Engaiamendu sozial eta kulturalari atxikia, baina aspaldi ikusia horretarako Jainko baten beharrik ez zuela: justizia sozial eta solidaritate senak ez duelakoan zertan oinarritu erlijio batean. Alta, jesuita eta Konpainia kide jarraitzen du. Hain zuzen ere, bere engaiamenduan jarraitzeko, Konpainiak halako Korporazio/Konpainia/enpresa baten antza bizimodua ematen diolako. 

Hiru aste-edo duela, unibertsitate garaietatiko lagun batekin egin nuen topo kalean, eta, ez dakit nola, apaiz gorri haiengana lerratu zitzaizkigun hitz aspertuak. Kontatu nion lagunari eleberri honetako pertsonaiarena, eta berak ezaguturiko bertze apaiz batena kontatu zidan, benetakoa berau. Jesuita ez, apaiz sekularra zen, ene lagunarekin askotan solasean omen ibilia, baina Txema Arinasen pertsonaiaren antzeko parezido: Iruñerriko apaiz gorri haietako bat, PCkoa, eta erretretan jada, aukera izan zuen Kubara joateko, eta hara joan eta urtetan iraun. Umorez erraten omen zion ene lagunari bere fede erlijiosoa galdurik izan arren apaiz ofizial gisa jarraitzen zuela, azken finean bere bizibidea baitzen. Erran nahi baita, Txema Arinasen pertsonaia ongi erroturik dago errealitate historikoan.

Garai haiek bizi genituen askok ere, nazional-katolizismoaren barnean hezirik, prediku hipokrita haien alderik positiboenarekin, inozo, sinetsi genuen, eta solidario, misiolari, militante, iraultzaile edota guzti bihurtu ginen, baina goiz ala berandu konturatu ginen horretarako ez genuela inolako fede erlijiosoren beharrik (kontuz: badakit gaur egungo hainbat “postmodernok” ideologiarik gabeko pentsamoldetzat jotzen duela berea, erlijiotzat jotzen duela edozein ideologia, eta, hortaz, erranen duela inoiz ez geniola utzi nolabaiteko erlijioari), eta ateo edo agnostiko bihurtu ginen, gure engaiamenduari era gizatiarrago batean atxikirik. Aparte utzirik zer uste dudan “postmoderniako” horien ustezko errealitatearekiko fededunez, kontua da irudi orokor eta estereotipaturik dugula apaiz “gorri” haiei buruz: denek eliza katolikoari eta apaizgoari utzi ziotela, ezkondu zirela eta langile edo sindikalista edo politikari bihurtu zirela, nola edo hala. Ba ez, gutxi batzuek behintzat apaiz izaten jarraitu zuten, Txema Arinasen eleberriko protagonistak bezala, engaiamenduari atxikitzen jarraitu ahal izateko bizimodu gisa hartuz apaizgo ofiziala, eliza katolikoa edota norbere ordena erlijiosoa lanpostua ematen zien enpresa bezala hartua. Itxuratiak, zer erranik ez, eta iruzurgileak ere bai nondik ulerturik, baina hazi egin zituen enpresaren itxurazko printzipioei fidel betiere. 

Saltsa nahasia, lodia eta ederra hura! Primeran islatzen duena Txema Arinasen eleberriko “impostor” honek. Garai haietako antifrankisten eta nazional-katolizismoaren aurka nola edo hala engaiatu ginenen metafora bizia."




No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...