jueves, 20 de febrero de 2020

AMA KOPETARAINO


Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailean argitaraturiko ipuina, ASPERRA izeneko ipuin sortakoa: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/ama-kopetaraino


 Ama etorri zaigu sano aztoratuta. Gaur goizean hiri erdiko kalerik luzeenetik zehar zihoanean etakide bati eztanda egin dio bonba batek, bizkar gainean zeraman motxilaren barruan. Egundokoa izan omen da eztanda. Beharko, badirudi kotxe baten azpian ezartzeko asmotan bonba-lapa bat zeramala, auskalo norenaren azpian. Ez dakit ordea, amak ziplo esan bezala etxera heldu orduko, Jainkoari esker, eta norbaiti lehertzekotan, berari lehertu zaio eta ez objektibotzat zuen errugabeko gaixoari. Edonola ere, berriro diot, eztanda sekula ez bezalakoa izan omen da, hau da, gure hirian bertan sarri pairatu egin ditugun aurrekoekin (gure hirian aurreko bonba eztandekin parekorik izan ez duena). Gehienekin behintzat ez, baina nik gogoratzen dut ondo asko duela bizpahiru urte hiriko etorbide nagusian bizi nintzela, epaitegien ondoan kokaturiko bonba-kotxeak eztanda egin zuenean ere goizean goiz. Komunean nengoen bizarra egiten eta ozta-ozta ez nuen sudurra moztu bertantxe eztandaren burrundarak bizarra kentzeko aparra musuetan zein aitzurra eskuan nituela astindu ninduenean. Gero gerokoa, betiko leloa, hamaika aldiz lehenago ikusi edo entzundakoa, inguruko txirrin guztiak joka hasi ziren zoro moduan. Hura zoramendua, hura! Batik bat nor edo zer lehertu egin den ez dakizula, denetarik burura datorkizula, zuretarrak non dauden asmatu behar dituzula lehenbailehen, badaezpada, beti badaezpada norbait kalera irtena bazen momentu hartantxe… Zorionez, denok etxean geunden, eta zorionez ere inor ez zen hil epaitegien ingurumarietan, errepidean bertan zein eraikinetako estalki edo etxaurretan triskantzak baino suertatu ez baitziren; edo bestela esanda, epaitegien inguruko kristal bat ere ez zen osorik geratu. Badirudi oso goiz zela, artean inor ez iritsia epaitegira eta auzoko gehienak ohean edo jaiki berriak. Eskertzekoa omen, nori ordea ez dakit, terroristen baldarkeriari agian, behar bezalako kotxe-bonba bat ere jartzen ez dakitela, gero eta eskarmentu gutxiagokoak direla hedabideek beraiek diotenez azken urteotan etengabe, baten batek daki nortzuen aldean, zaharrak aparteko aditu edo trebeak izan balira bezala edo. Edonola, bai susto handia, baita edonori bihotzekoa emateko modukoa ere.
Gaur goizekoa ordea, eta betiere gure amaren hitzetan, egundokoa izan da hiri erdian bertan suertatu baita, hau da, dendaz zein jendez gainezka egon ohi den Frantzia kalean, beharbada hiriko ibiliena astegun buruzurietan zehar. Jainkoari esker ere, gure amak berak hitzez hitz esan bezala ere, oso goiz zen, hots, kalea erdi hutsik eta denda gehienak itxita edo irekitzear zeuden.
-Esatea ere ile-apaindegitik eta guzti aditu dugula eztanda. (Ile-apaindegitik eta guzti aditu dugu eztanda, bai horixe!)
Gure amaren ile-apaindegia hiri erdian ere dago, baina Frantzia kaletik nahiko bazter. Izan ere, bonbak eztanda egin duen kaletik gure amarenera iristeko bospasei kale zeharkatu behar dira aldapan behera. Dena dela, eztanda hotsak harrapatu ditu gure ama eta bere lankideak goizeko aurreneko bezeroak artatzeko prestatzen ari zirela.
-Berehala asmatu dugu bonba bat zela, zer bestela.
Asmatu ahal izan dute nola edo hala eztandaren indarra bonba lehertu eta gero, hau da, alarma, sirena edo mota guztietako txirrinen harrabotsa hiri erdi osoaz eta beste jabetu orduko.
-Pentsa erdiguneko banketxe zein hiriko dendarik dotore edo garestienetakoak denak batera, zalaparta ederra.
Ezin asmatu izan dituztenak, hau da, ile-apaindegian eztandaren astindu leuna sumatu eta honek eragindako eskandalu itzela entzundakoan bonbaren nondik norakoen konturakoak. Hala ere, eta azken hamarkadotako usadioen puruz, susmoak zabaltzeari ekin diote berehalakoan gure amak, bere langileek eta ile-apaindegira sartutako lehenengo bezero biziro aztoratuek.
-Hori izan da Olagibel kaleko komisaldegian.
-Ala Gobierno Militarraren ondoan, udaletxean bertan edo beharbada Barcelonako Hipercorren gertatu zen bezala…
-Bonba-lapa delako bat izan baldin bada, edonon edo edonori lehertu ahal izan zaio.
-Ez dut uste hori izan denik. Zapartekoa egundokoa izan da. Hori izan omen da lehergailuz jositako kotxe bat poliziaren furgoi baten edo auskalo zeren zain zegoela.
-Bai, eztanda berebizikoa izan da.
-Beharko, badirudi bonba bizkar gainean zeraman mutiko bati lehertu egin zaiola – gaineratu du ile-apaindegira sartu berria den emakumezko gazte eta mehe batek, hilean behin bakarrik eta betiere ilea mozteko propio etorri ohi den bezero batek.
-Benetan diozu? Zer nolako ezbeharra!
-Esango dizut, badirudi hamaika zatitan lehertu dela gorpua, bazeudela inguruko denda guztietan mutikoaren haragi puskak sakabanaturik erakusleihoetako beira hondakinen artean – azaldu du bezero gazte eta meheak.
-Ene, hau triskantza, hau!
-Itzela bai, aseguru-etxeetakoek dendariei ordain diezazkiekete erakusleihoak eta, baina mutiko horren amari inork ez dio semea bueltatuko – bizi osoko bezero edadetu batek.
-Noski ezetz, Pilar, ez hamaika puskatan lehertutako mutikoaren amari, ez eta honen semeak nonbait kokatu nahi zuen bonbak birrinduko zituzkeen dohakabeen amei ere – parte hartu du nire amak.
-Baina, Margari, ez esan halakorik, mutiko bat hil da, hori izaten da beti errukia merezi duena – berriro emakume edadetuak.
-Ah ba? Ba nik ez dut uste kasu honetan ezer edo inor urrikaltzeko dagoenik – gure ama gero eta asaldatuagoa-, guztiz kontrakoa, dendariei eragindako kalteak alde batera utzita, nik uste poztu beharrekoa dela bonba hori erabili nahi zuenari berari lehertu izana.
-Aizu, emakume, nola esan dezakezu hori, gizajo bat hil da, zure semea bezalako bat.
-Ez, Pilar, gizajo bat baliteke, bai, baina inondik ez nire semea bezalakoa, nire semea fakultatean ikasten ari baita oraintxe bertan, ez inongo hiriko kale batean paseatzen bonba bat bizkar gainean norbait garbitzeko asmotan.
-Gizajo horren heriotza Euskal Herriak pairatzen duen salbuespen egoeraren beste biktima bat da – bota egin du bezero gazte eta meheak.
-Noski, Zuriñe, noski, eta ia astero mutiko horren kideek garbitzen dituzten gainontzeko gizajoak ere bai, ezta? Baina, zuek zeuek ez duzue sekula komentario bat ere egin horren kontura, zuek ETAk norbait akabatu egin duenean etorri zarete nire ile-apaindegira ezer gertatu ez balitz bezala, hau da, atentatua ez beste gainontzeko edozein beste txorakeria irizpidera ekarriz, berdin dio egun hartan hamaika polizia garbitu dituen kotxe bonba batek eztanda egin duen, zuek beti halako albisteei sorgor bazinete bezala.
“Bai jauna, banengoen kopetaraino hainbeste itxurakeriaz” esan digu gure amak bere kontakizunaren akabera zela adieraztearren. Nabari zaio goizean ile-apaindegian izandako hika-mikak arrunt atsekabetu egin duela. Ez da harritzekoa, lagun eta ezagun ditu ile-apaindegiko lankide zein bezeroak aspaldi-aspalditik, estimatzen ditu zinez; baina, berak segituan aitortu digun bezala, “bazen garaia nire barrenak husteko”. Eta bai, bistan dago onik egin diona aspalditik gogoan zuena botatzeak, bere garaia zela bere ondokoei leporatzeko delako itxurakeria. Ni amak zuzen jokatu duelakoan nago, berarekin bat nator gainera erabat eta orotan. Ez dakit, ordea, gure aita ere gurekin dagoen ala ez. Ez dakit gure amak gaur goizean gertatukoaren berri eman bitartean tutik ere esan ez baitu, aitzitik, sukaldeko mahaira eseri eta berak arineketan prestaturiko bakailao piperrekin eta tomate saltsan zanpa-zanpa irensteari ekin dio ogi-barra hainbat mokorretan leher egiten zela haren eskuetan.
-Ezin al zinen isilik egon, ezta? Zer dela eta ezer esan behar zenuen?

*Txema Arinas - ASPERRA izeneko ez argitaratutako ipuin sortakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...