viernes, 28 de febrero de 2020

EUSKAL ROCK&ROLLAREN GAINEKO BI ZERTZELADA



Hitzen Uberan.eko Komunitatea sailean argitaraturikoa: http://www.uberan.eus/?komunitatea/Txema/item/euskal-rockrollaren-buruz-bi-zertzelada


Lehenengoa.

Bart gauean irakurria, Joxean Agirreren GIZAJOEN KATALOGOAN liburuan; nik uste pasarteak merezi duela hona osorik ekartzea:

"CICATRIZ EN LA MATRIZ -Eukal rockaren aurpegi biak, argiena eta ilunena, biltzen dituen talde gasteiztarra. Las Nieves psikiatrikoan eraturiko lehen desintoxikazio unitatean sortu zen. Migel Gutierrez psikiatrak kontatu duenez, 16 heroinomano zituzten taldean, eta okupaturik edukitzeko hasi ziren hainbat ekintza antolatzen, baserrietara irteerak eta kirol ekintzak, esate baterako, eta egitarau horren barruan bigarren eskuko bateria bat erosi zuten. Gero Cicatriz osatuko zutenak hor hasi ziren entseatzen. Taldearen bigarren kontzertua punk samarra izango zen, Nacho kantariak Eguzki Irratiko elkarrizketa batean kontatu zuenez. "Lolak, San Markos tabernako jabeak, ea inauguraziora joango ginen galdetu zigun eta baietz esan genion. Berrogeita hamarren bat lagun agertu ziren, gehienak tripiarekin pasatu samarrak, eta giroa berotuz joan zen. Jendea elkarri botilak botatzen hasi zen eta zaurituak egon ziren. Batzuek lurrean zerraldo bukatu zuten. Jabeak gure zaleak izan dira geroztik. Handik egun batzuetara Lolarekin topo egin genuen berriro, eta ea zergatik inauguraziora ez ginen agertu galdetu zigun. Orduan ohartu ginen tabernaz nahastu ginela eta, San Markosera beharrean, San Rokera joan ginela". (Elena Lopez Agirre - Del Txistu a la telecaster)
 
GIZAJOEN KATALOGOA - Joxean Agirre

Bigarrengoa

Hor nonbait aditu diot "Rocka Puntuan!" liburuaren egile Alberto Irazuri honako hau: "80ko hamarkadan euskaldun berri urbanoek defenditu zuten euskarazko rocka". Halere, denak ez ziren euskaldun berriak, ikastolan edo etxean bertan txikidandik euskaraz ikasitakoak baizik, hiriburuetan betidanik euskaldun zaharrak egon baitira Boronian gehienek kontrakoa uste izan arren; Hertzainak-eko Josu Zabala otxandiar gasteiztartua kasuko, besteak beste, eta Gari bera Hertzainak-eko gasteiztarrak haren bila Legazpiraino joan ziren umemokoa zela. Edonola ere, egia da euskarazko rocka fenomeno zeharo urbanoa zela Josu Zabalak berak hainbat aldiz azaldu bezala, hirikumeen rocka euskaraz egiteko konpromiso edo erronka hutsa. Nola ez, rocka sortzez urbanoa izanda ere, eta nekazal arloan aldiz trikitrixa edo rantxerak nagusi gehienbat. Areago, Arrasate bezalako herri erdi euskaldun bateko RIP taldeko euskaldun zaharrek erdara hutsean kantatu ohi zuten, seguru asko gogoko zuten punka edo erdaraz baino burutu ezin zutelako. Bestalde, ezer harritzekorik ez, punka ei zegoen ororen kontra matxinada itxuroso hutsa izan baldin bazen, hau da, gure nagusien balore edo ikus/pentsalmoldeen kontrako jarrera parrandazale bat, non sortu behar bestela, Urkiola aldeko baserri auzo batean edo?
 
Gauzak horrela, ez litzateke batere gaizki, musikarenean edo edozein beste arlotan, hiriburuetako euskaldunok euskalgintzara egindako ekarria noizbaiten benetan aintzat hartzea, aitortzea, zeren eta gehienetan delako euskalgintza hiriburuetakoek txitean-pitean maltzurki esan ohi dugun Boroniara mugatua soil-soilik izan dela ematen baitu.
Beste egun batean idaz/hizpidera ekar genitzake Euskal Rock gero eta mitifikatuagoaren letrak, horietan denetarik jorratzeko dexente baitago, eta gehiena behintzat ez hain ona, 80.etako kume asko eta askok uste bezala, hain zuzen. Baina, bai, hori beste kontu bat da gure orduko gizartearen eskizofreniarekin erabat lotuta.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...