domingo, 13 de mayo de 2012

FARSANTEARENAK



Ez nuen, asmorik, ez eta gogorik ere, hau kontatzeko, huskeria galanta deritzodalako, baina gogoratu berri dut zuzeu webaldizkarian agertzen den berri honen kontura: 

Badirudi eskuma frankista ordezkatzen duen PP alderdi politikoak estrategia berri/zahar bat jarri duela abian: beren murrizketekin herri xumean beraiek sortzen duten bizitza baldintzen kaskartzearen ezinegona eta amorrua etorkinen eta musulmanen aurka bideratzea.
Bertakoak lehenbizi“  kanpainaren harira PPren ordezkaria den Basagoitiren adierazpenak  izan dira ezagunenak; ozenki zerbitzuetan dauden arazoak eta gabeziak etorkinei leporatzen.
Antzeko zerbait esan dute etxebizitzaren arazoari buruz;  etorkinek pribilegioak omen dauzkate bertokoen gainetik, eta horregatik PPk etxebizitzak esleitzeko “bidezko sistema” eskatzen omen du.
Azken egunetan ere Gasteizko Alkatea den Javier Maroto (PP) gure herrietan meskitak irekitzearen aurka agertu da lehengoa ez izan arren; Bilboko Alkatea Azkuna jaunak (EAJ) legezko trikimailuak erabiliz Basurtuko meskita irekitzea  ekidin zuen 2011an.
Banuen Maroto alkate jauna facebookide, eta berarekin inolako harremanik ez izanda ere, berarenganako inolako begikotasunik ez egia esanda, txitean pitean sartzen nintzen bere horman ea zertan ziharduen jakiteko asmotan, hots, kuxkusean. Behin bere horrialdean, eta badirudi berauk idatzi eta erantzun ohi duela, ezin nabarmenago egiten da alkatearen egin onak eta ezin hobeak ere saltzeko modukoa dela, ez besterik. Bada, gainera, benetan lotsatzekoa nola saltzen duen bere alkatelana, zer nolako herrikoikeria gordina, noraino gauza den gutiz modernoa eta eraginkorra izan gura duen betebehar bat. Baina, hala eta guztiz ere, idazten diotenen koipekeria ere are azpimarragarriagoa omen da, ia-ia iruzkin guztiak aldekoak baititu, hau da, ez baldin badira animoak emateko, bai behintzat oraindik ere haren politika neurrietan gogorrago, ausartago, izan dadin etengabeko eskakizunak, edo bestela esanda, Maroto alkaterari zer edo zer leporatzekotan motz geratzen dela. 
Ondo ba, alkatearen facebook horrialdeak ez zuen beraz ezer benetan interesgarririk, politikari arrunt baten erakusleiho lotsagarria baino ez baitzen. Hala ere, orain dela pare bat aste edo, eta Basagoitiren adierazpen petralon harira, Bertakoak lehenbizi“ , bere horman sartu egin nintzen behin berriro kuxkusean. Zer esanik ez, bertan agertzen ziren iruzkin ia guztiak Basagoitiren aldekoak omen ziren. Orduan idatzi egin nuen oso kezkatuta nengoela ezin ageriago begitantzen zitzaidalako PPkoak krisiaren aurrean jende xehearen arreta zein kezkak txiroenganantz desbideratzen saiatzen ari zirela sinetsita nengoela, Basagoitiren jokabideak antz handia zuela Europako ultraeskuineko hainbat diskurtsorekin, besteak beste Frantziako Marie Le Penenarekin. Idatziak idatzi, bost minutuz baino ez ziren luzatu nire hitzak, ezabatu egin zizkidaten oso-osorik. Honezkero, berriro saiatu nintzen Maroto jaunak berak egindako adierazpen baten kontura, berak idatzi zioenez bazen garaia norbaitek gauzak ziren bezalakoak esan zitzan, inor esatera ausartzen ez zirenak hain zuzen ere, Fernandorenak ote. Orduan ere lotsaizunari ezin eutsi eta iruzkin bat utzi beharrean somatu nuen nire burua. Ezer gaitzetsi bainoago Jean Maire Le Penek berak  aspaldi egindako antzerako adierazpen bat kopiatu egin nion hitzez hitz frantsesez. Zer esanik, ez nuen inolako erantzunik jaso, eta bost minutu pasa ahala berriz ezabatu egin zidan/zidaten iruzkina. Sumindu egin nintzen, noski, batez ere jakinda, Marotok berak esan zuenez, irainak edo iruzkin iraingarriak baino ezabatzen ez dituela, eta nireak ez ziren inondik ere horrelakoak, alafede. Baina orduan bai, hirugarren edo laugarrena ezetsi eta gero farsante hutsa zela idatzi nuen. Jarraian, nire kontrako iruzkinak erreskadan, ez zela bidezkoak, irainekin inora ez nindoala eta abarrekoak....

Astebete pasa eta Marotok mezkitena plazara atera zuen.Berriro sartu nintzen haren horrialdean jakinminak akuilaturik, ea zer edo nola azaltzen zuen bere horman plaza aurrean botatakoak. Espero bezala, mezkitak baimentzearen kontrako adierazpenak behar bezala azaldu ezean, aldeko iruzkinak baino ez zituen jasotzen alkate jaunak. Ezin nion eutsi zerbait ez idazteari, ez zuen zentzurik, ondo asko banekiela berehala idatzitakoa ezabatuko zidala, baian idatzi egin nuen, berriro Maroto alkate eta bere alderdikoek mulsumanekiko erabiltzen duten herrikorkeria zitala eta batik bat erabat arriskutsua salatu nahian, berriro ere Le Pen eta enparauekin parez pare ipiniz. Oraingoan aldiz ez zidan iruzkina ezabatu, oraingoan bere facebook horrialdetik erauzi egin ninduen, kale gorrira bota egin ninduen gure alkate paregabeak; harekin ezertan bat ez etortzea iraina bide zen-eta.



No hay comentarios:

Publicar un comentario