jueves, 17 de mayo de 2012

BARATZEKO BIRAOA

Badirudi oraindik ere eskoletako patioetan gehien erabiltzen den biraoa marikoi dela. Ageri da urteak pasa ahala, mota guztietako homofobiaren kontrako kanpainak-eta, ezkontza homosexualak legeztatu eta gero ere, homofobia pil-pilean dagoela haurren ahoan. Ezta beharrezkoa azpimarratzea honen zioa, ezin argiagoa baita haurrek euren nagusiei aditzen dietena baino erabiltzen ez dutela, haiek baitira gure gaur egungo homofobia mota berri bati eusten diotena: isilpekoa, jendartean inola ere erakusten ausartzen ez direna gaizki ikusita dagoelako, jakina, baina, etxe barruan ordea beti bezain sarriago bai, egun nagusi dena itxurakeria baita, inondik ez halako biraoak erabiltzea beste gizakume batzuk gaitzetsi, gutxietsi izatea den egiazko ustea.

Tristea da oso, baina aitortu beharrean gaude homofobiari dagokionez halako hamaika eztabaidagaitan bezala darraigula, badago gutxiengo bat benetan ezbidezkoa edo zitala dela sinetsita dagoena, eta gero gehiengoa, usadio zaharrei ekinez berezko deskriminazio larria oso argi ez duena, maritxuak baino ikusten ez baititu bai telebistan, bai edonon, agertzen direnean. Eta horrela ez bada, biraoa etengabean erabiltzen duen asko eta askok homosexualak egiatan onetsi ezkero, badirudi ez dutela oso aintzakotzat hartzen erabiltzen dutenean haurrak aurrean ez izatea, haiek ezin baitituzte behar bezala bereizi biraoaren nondik norakoak, haiek ezin dira jabetu haren esanahiaz, ezin dute somatu zer-nolako ezbidezkoa eta krudela izan daitezkeen oharkabean, zer-nolako mina eragin dezaketen. Hobe genuke beraz kontu handiz erabiltzea haiek tartean egonda halakoak adi ez diezazkiguten.

Esango didate ez dela hainbesterako, exajeratzen ari naizela, biraoak gure hizkuntzaren parte izanda ez ditugula ezertan baztertu edo demonizatu behar, erabiltzekotan textu-ingurua asmatu behar dugula, ez besterik. Baliteke, baina ondo asko gogoratzen dut txikitan nola etengabe erabiltzen genuen "anormal" edo "atzeratu" hitza elkarri biraoka. Areago, gaur egun Ertzaintzaren akademia dagoen Arkaute herrian bazegoen adimen urrikoendako barnetegi moduko bat lenenago aipaturiko biraoa bezala balio zigutena; Arkatutekoa ematen duk! Gordinegiak omen? Baliteke, haurrak izan ahal bezainbeste edonola ere. Gaur egun, ordea, handitan, badakigu zer-nolako itsusia eta batik bat ezbidekoa omen den norbaiti "atzeratu" edo antzerakoa esatea, zer-nolako gaiztoa izan daitekeen egiten duena eragin dezakeen mina edo kaltea kontuan ez baitu inondik inora, zer-nolako errukitasun eskasa erakusten duen. Nik uste gaur egun gizalegezko inork halako biraorik erabiliko ez lukeela inor ustekabez zein guztiz doanik ez iraintze aldera; ea noizko gogoan eta kontuan hartzen dugu marikoi hitzarekin beste bezainbeste suertatzen dela, inor ustekabez eta guztiz doanik iraindu, mindu dezakegula.




No hay comentarios:

Publicar un comentario