martes, 8 de mayo de 2012

IPARRALDEAREN PREMIA



Frantziako hauteskundeen kontura, atzo Iparraldeko emaitzak nituen irizpide, badirudi hainbat eta hainbat euskaldun edo euskaltzalek Iparraldeaz duen ikuspegi liluragarria, edo bestela esanda Benitoren kantek zein zenbait euskal literaturak eragindako lirismo gezurrezkoa. Zer dela eta? Ondo asko azaltzen zuen haren zeunet.eko zutabean Hasier Etxeberriak: Le Grandeur euskaltasunaren gainetik omen baitago iparraldetarren ikus/pentsamoldeetan. Kontatzen zuen ere Hasierrek igandean Lapurdi barrenean euskaraz galdezka ibili zela, ia inork ez zion euskaraz erantzun ustez euskaldun peto-petoa den lurralde batean, benetan esanguratsua gure hizkuntzaren etorkizunaz gogoeta egite aldera. Eskandalagarriena, ordea, benetan txunditzeko modukoa, Iparraldeko hainbat herri euskaldun jatorretan FNkoek lorturiko emaitza ikaragarri onak, izutzen du harritu bezainbeste.

Hau dela eta, nola ez ekarri akordura orain dela urte mordoa Xiberuko Barkox herriko plazako pasadizua. Bageunden taberna bateko terrazan goxo-goxo eserita eta gure aldamenean Oñatiko bikote bat mintzo ari zen bertako hirukote batekin. Oñatiarrak euskaraz ari ziren beren herriko berbeta benetan bitxia baturatzen, Xiberuko hirukotetik bate batua eta xiberera nahasten ari zen frantsesa bere lagunekin mintzoan tartekatu bitartean. Hiru xiberutarrek euskara zekiten, baina euskaraz ari zenak baino gainontzeko biek ez zuten ia inoiz hitz egiten, frantsesa eguneroko hizkuntza zuten eta gainera ondo asko erakusten zuten onatiarrekin hizketan baino ez baituten erabili eta agian kili-kolo ere. Bazioten aitamak euskaldun hutsak zituztela, hauek hizkuntza irakatsi egin zietela txikitan, baina frantzesa eskola zein kaleko hizkuntza zutenez arras nahiago zutela, errazago egiten zutela, gogokoago ere agian. Izan ere, onatiarrekin hitz eta pitz egin eta gero, hots, oñatiar bikoteak alde egin orduko supituan ekin egin zioten elkarren artean frantzesez egiteari, euren egiazko hizkuntzari, hain zuzen.

Pasadizu hutsa eta bakarra, noski, baina Iparraldea bilakatu zen euskaltzale askoren gogoan euskaltasunaren ikurra eta beharbada ezin okerrago hara joandako gauzak oso bestelakoak baitira. Zoaz Donibane Garaziraino, Benafarraoako hiriburura, ikurrinak nonahi, gehienak turistei saltzeko zain, antzeko zerbait Eskual Herria afiche gisa saltzeko parada eskaintzen duenarekin suertatzen zen, hots, hegoaldean politika aldarrikapenekin lotua izaten dena Iparraldean turistendako salgai hutsa, ezin adierazgarriagoa bi Euskal Herrien arteko bateraezintasunaz eta funtsean elkar ezinikusiarenaz ere bai. 

Bai jaunandreok, euskara desagertzear dago Iparraldean, Hegoaldean ari gara aspalditik eta etengabean gure hizkuntza suspertzeko dirua erruz xahutuz, gero eta esparru zabalagoetara hedatu nahian, zabaldu egin ditugu ikastolak zein euskaltegian Erriberan bertan, kexu ari gara guk nahi beste euskaraz egiten ez delako ikastolakumeon artean, euskara eguneroko bizimoduan duen presentzia eskasaz, euskal hedabideei egindako oztopo zein diru murrizketetaz; eta Iparraldean, aldiz, alde batera utzi egin dute, ez besterik, ez zaie axola, ez dute maite, gogait baino egiten dielakoan edo. Frantses dituzte euren buruak, edonola ere Frantziako edozein hiritarren iritzi edota kezka berberak dituzte, horrenbestez ez da batere harritzekoa gainerako Errepublikan gertatu bezala bertan ere FNkoek hain sostengu handia jaso izana, ez da harritzeko Iparraldeko euskaldun gehienak nekazal arloan bizi izanda.

Baina ez etsi, zer dela eta ametsak edo bertan behera utzi behar halako huskeria bategatik, Iparraldea ez da kontzeptu geograkikoa animikoa baizik, euskaltzaletasunaren oinarri, hots, euskaraz zein euskaltasunaren osagarri edo ezaugarri guzti-guztiak ezin hobeto, txukunago, zintzoago gorde egin dituen lurralde mitikoarena. Haren premian gaude.

*Bihoa honekin batera Benitok ezagutarazi egin zuen xiberotar katu zoragarri hau, nolabait ere hemen aipatutako guztiaren harira.


No hay comentarios:

Publicar un comentario