domingo, 20 de mayo de 2012

LUBAKIETATIK



Oso oker zegoen Fernando Aramburu idazlea euskarazko idazleek ETAren gaia gutxitan, nekez, soslai edo jorratu egin dutela esan zuenean oraintsu. Ageri zen badagoela bibliografia luze eta agian sakon ere bat ETAren kontura eta euskaraz barra-barra gainera. Hala ere, beste (H)aranburu batek esan du aste honetan euskarazko idazleok ez dituztela ETAren biktimak aintzakotzat hartu; edo bestela esanda, ETAri buru luze idatzi dutela, batik bat etakideen gorabeheren kontura, edo behin berriro bestela esanda, betiere ETA zein bortizkeriaren gaia jorratzeko borreroen ikuspegitik egin gurago izan dute. Zer dela eta? Ezin jakin baina bai behintzat igarri, etakideak gertuago zituztelako, euren bizi-ingurukoak izan zaizkielako, herrikoak, auzokoak, kalekoak, eskolakoak. ETAren biktimak ez hainbeste, euren herrian, auzoan, kalean, eskolan bizi zitezkeen baina egiatan ez zituzten kidekotzat hartzen. Eta sentitu senti zekaketen ere biktimon heriotza eta senitaterkoen dolumina, noski baietz gizakume hunkiberak diren aldetik. Baina, urteotan idatzitakoari erreparatzekotan badirudi biktimak ETArenak edo gutxienez giro abertzalekoak baldin baziren dolua oso bestelakoa omen zen, sakonagoa, hunkigarriagoa, gertuagokoa; bestela ezin da ulertu nola urteak pasa ahala delako gatazkaren nondik norakoak enegarrenez jorratzeko punta-puntako euskal idazle batek erahildako Lasa eta Zabala etakideen gaia hautatzen duen behin berriro; nire uste apalean behintzat ezin nabarmenago da idazleari Lasa eta Zabala gertuagoak egiten zitzaizkiola ETAk garbi zezakeen edozein beste gizakume baino. Antzeko zerbait suertatzen omen da kontuan hartzen baldin badugu adituen aburuz euskal nobelarik gorena, apartena, Hamaika Pauso, protagonistak betiere etakideak direla gehienbat.

 Ez da beraz harritzekoa, ez baldin bazara aldez aurretik harritu nahi, Luis Haranburuk patriotcanon batez hitz egin izana, euskarazko eleberri gehienetan argi eta garbi antzematen zena, bai alde jokatzeko zein kontra, hau da, ETA eta bere ingurukoak nolabait goraipatzeko zein gordin-gordin gaitzesteko ere, hau da, patriotcanon delakoari gogor eusteko zein muzin egiteko. ETAren biktima gehienen mundua ordea ez zen euskarazko idazleena, ez zeuden haien artean, ez zituzten ezagutzen, hori dela eta noizbait edo nonbait aipatzekotan nabarmen zen urrundik, oso, zekusatzatela, ez zegoen inolako enpatia saiorik, ez baldin bazen, noski, ETAren jarduna oker zegoela esateko, hots, euskal abertzaletasunari kalte baino egiten ez ziola argudiatzearren; ETAren biktima gehienak, ez baldin baziren etsaiarenak, bestelako inolako aipamenik merezi ez zutenak horrenbestez, efekto kolateral hutsak omen ziren.

Egon badaude salbuespenak, noski, besteak beste Jokin Muñozen Bizia Lo edo Mikel Hernández Abaituareren zenbait pasartetan, baina, oro har, ezin uka euskarazko idazleon benetako enpatia beste aldekoekikoa zela gehienbat, guztiz enpatikoak baitira ere printzipioz adiskide, auzokide, abertzalkide dituztenen esanak eta eginak gogor eta sakon kritikatzen dituzten beste idazle batzuen liburuak; Juanjo Olasagarreren Ezinezko Maletak edo Xabier Montoiaren Denboraren Izerdia kasuko. Azken honen kasuan, esaterako, errazago, atseginago agian, egiten bide zitzaion beste biktima batzuk gogoan hartzea hauen saminaz edo idazterakoan, lubakien herrian nork bere ideologiaren arabera biktima batzuk ontzat ematen ditu soil-soilik, eta bestetzuk aldiz zeharkako ondorio hutsak, ez besterik, edo zehatzago esanda, euskal abertzalea baldin bazara aintzat hartzeko biktima ia bakarrak Gerra Zinbilekoak omen dira, eta PPkoa izanda ETArenak baino ez daudelakoan egongo zara halabeharrez.

Edonola ere, Haranbururen adiezpenek ikaragarri harrotu egin duten bere idazkideen lumaren hautsa. Beste Arambururekin suertatu bezala, biziro asaldatu egin dira guztiz ezbidezkoak direlakoan,  haiek asko eta luze idatzi egin dutelako ETAren kontra. Esan liteke min egin dietela Haranbururen hitzek, haiek egon nahi ez duten lekuan kokatzen baititu batez ere, beste alderantz begiratzen zutenekoan hain zuzen ere, biktimak nola edo hala eta auskalo zeren susmopean zituztenekoan, Euskal Aberriaren askatasunaren aldeko nondik norakoak betiere garrantzi handiagokotzat hartu zituztenekoan askatze borroka horren eragindako hildakoen aldean. Eta ez daude eroso, ez zaie batere gustatzen dakusatena, egia esan oso itsusia begitantzen zaie argazki horretan azaltzen den burua, ez omen da eurena, haiek ez direla uste baitute beste gizaki itsusiago batzuk baizik. 

Hori dela eta, ez da harritzekoa Luis Haranburu eta Luisa Etxenike idazleek egindako salaketaren aurrean honako erantzunak irakurtzea: 

 Ez aditzeak ez du esan nahi jendea isildu denik, baina "kuadrilla" honek esandakoari kasu handirik egitea ez dakit oso sanoa ote den... Halere aspaldi norbaiti kantuan honako hau entzun nion: "Handitzen zarenean ikusiko duzu isilik egoteak zenbat balio dun. Jarrai zure bidetik hobe da horrela. Gauza denen gainetik haizea bezela" . Xuabe- xuabe udaberriko ferekaren antzera ta entzuten ez duenak berarentzat kalte.


Noski ez dela batere sanoa besteari aditzea, zure ikus/pentsamoldeak kolokan jar ditzake, eta hori, jakina, 
batez ere besterik ez duzunean, oso gogorra izan liteke, geda zaitezke oinarrizko iritzi barik, geda zaitezke 
gainera tributik landa, inoren lurraldean ez. Horrexegatik hain ezinbesteko zaie asko eta askori delako 
ekidistantzia, bai berunezko urteetan zein oraingoetan ere, batez ere orduan gertatutakoaren berri ematerakoan, eutsi egin behar diote gogor-gogor lehenago uste zutenari edo gutxienez delako ekidistantziari. 
Bestela nola zuritu, noren aurrean aitortu, urteotan sinetsi eta lagundutako kalde eta min guztia alperrrikakoa 
izan dela, egiazko biktimek ez dutela inolako kulparik hilda izateko, erahil egin zituztenak errudun bakarrak 
direla eta, nola edo hala, zuritu edo lagundu zituztenak konplizeak izan zirela nahitaez. Ezin dute hain argi eta 
garbi  ikusi, etsaiaren azpijokotzat hartu behar, honen enegarren saioa euren aberriaren kontra, euren borroka  gutxieste aldera. Horrexegatik ere oso bestelako errelato baten bila eta beharrean omen daude; 
ezin dute sinetsi lantzean behin gauzak haiek uste eta batez ere gustatuko zitzaiena baino sinple eta argiagoak direnik, egiak min egiten diote-eta.


No hay comentarios:

Publicar un comentario