lunes, 20 de agosto de 2012

KALEKO DOINU ILUNA


Bada astebete oporretatik edo itzuli ginela, edo hori azpimarratzen dut aurten gure gurasoenean zein nire bikotearenan egon baikara haurrekin, hau da, gure Oviedoko egunerokotasuna aldatu egin dugula soil-soilik. Baina, tira ba, bueltatu gara etxera, oraindio etxe duguna laster berriro aldatuko garelakoan bainago, beste mundantza petral bati ekin beharrean, pentsatze hutsak loa kentzen dit. Bueltatu gara eta ene kasuan hilabete pasa eta gero gure ingurukoarekin topo egin dut, hau da, oporrak baino lehen utzitako kale giroarekin, ezin petralagoa hau ere krisia dela medio. 

Izan ere, nire goizeroko kafetegira sartu eta ezinbesteko diosalak eta elkarri eman eta gero serbitzari eta jabeari galdetzen diot ea noizko bere oporrak, iaz bezala bigarren hamabostaldirako edo? Aurten oporrik ez, negozio ez baitabil batere ondo, oso oker baizik, gainbeheran, eta gainera badirudi irailean are okerrago. Lehen, aldiz, egunkariaren bila joana nintzen, igandean itxita ikusi nuen paperdenda baina jabeak berehala argitu zidan ez zegoela oporretan, zubia lau jaiegun hartzeko aprobetxatu zituela bakar-bakarrik, ez besterik, aurten berak ere ezin baititu benetako oporrak hartu, berea ere gainbeheran doa-eta. 

Eta ez naiz orain akordatzen nora sartu edo norekin hitz aspertuetan egonda antzerako zerbait kontatu zidan, gauzak ezin okerrago doazela eta, gainera, gaurdaino nahika ez bailitzan, etorkizuna are ilunago antzematen da. Baina ez dizute ezer azaldu behar, ez duzu inolako ahozko testigantzarik jaso behar zure inguruan gertatzen ari den gainbehera izugarriaren berri izateko, ezin nabarmenago baita kalean gora edo behera zoazela, edonondik zoazela, inoiz ez bezainbeste denda edo negozio itxi baitute kanpoan zeundenean, gauza benetan harrigarria, benetan beldurgarria.

Eta kaletik zehar zoazela ere gero eta eskale gehiago abuztu minean egonda ere barnealdeko hiriburu batean, bertakoei zein turista bakanei eskatzeko ahaleginetan, edozein txorakeria egiteko prest, edozein jarduera oinezkoen atenzioa erakarri ahal izateko. Besteak beste, txunditu ninduen koartila batzuk eskuetan kantatzearen ekiten zion gazte batek, ondo asko gainera kantatzen zuen, nabari zitzaion bazekiela zertan ari zen. Mutiko ikasia beraz, auskalo zer dela eta kalean eskale, zerk bultzatu zeun eskean egitera, zerta ari zen lehenago, zein zen bere istorioa, nolako tristea, iluna, zoritxarrekoa. 

Orduan gogoratzen duzu Katedral Plazan arrabita jotzen egon ohi den agure errumaniarraz, egia esan ez daki jotzen, ozta-ozta egiten baitu, sarri askotan min eta guzti egiten dizu belarrian. Baina hantxe dago beti eskean, eta eman ohi diozu saiatzen saiatzen delako kalean musika jartzen, uste duzu hori nahitaez eskertu behar duzula txanponen bidez, horrela irakatsi nahi izan diozu zure seme nagusiari, izan bitartean arte egiten saiatzen denari saritu behar zaio. Baina, itxurakeriak alde batera,  orain ez dela asko arte agure errumaniarra bezalako eskaleak pasaiaren parte ziren, ia ezinbestekoa, gure arestiko aberastasunaren islada ia folklorikoa. Gaur egun eskaleak gu bezalakoak dira, bertan jaioak, gazteak, ikasiak, horrek ez badizu gogoeta egiteko motibo edo kezkarik akabo.

Pena ematen dizu, beharko, inork ez bailuke kalean egon behar printzipioz, ez behintzat arrakastasua litzatekeen gizarte batean. Gurea ez da, aresti izateari utzi egin dio, gureak erreka jo du, bistan dago tamalez. Eta zu behartua zaude zoriari eskerrak ematera, ondo asko dakizulako zoriari esker zauden bezala zaudela, oraingoz eta ustez behintzat arriskutik at, oraingoz hauek bezalako sarrera zozoak idazteko moduan ia potrojorran.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...