miércoles, 1 de agosto de 2012

EGUZKIPEKOAK




Arbasoenean, banuen gogoa Matxibrao izeneko bidezidorretik zehar San Gines alderaino joateko. Eta hara joan ginen eguzki galdatan laurotariko hiru oinez eta umea nire legogainean. Ederra benetan bidea zein alderdia, Castillo izeneko muinoa zeharkatu eta auskalo nork egindako eskulturez txipriztindurik, arte, pinu eta mahastiez inguruaturik. San Gines ermita Toloño mendiaren magalean dago, izen bereko parkean, Bastidatik kilometro batzuetara. Ibilbide benetan zoragarria, bertatik Tolono mendilerroko Atxabal, Leon, Herrera eta abarreko mendiak ikus daitezke, baita Ebro ibailaldearen mendebalde gehiena ere, bai ikuspegi liluragarria, ez dut hitzik, ez eta gogorik ez, bertara joanez bakar-bakarrik antzeman litekeen edertasunaren nondik norako agerien kontura idazteko. 

Eta bazaude, noski, zure arbasoenera bueltan, txikitan bezala, ia urtero birritan edo bezala, bai aspaldi horretan ere herritik lasai asko ibiltzeko aukera barik, ez baldin bada gauza bategatik besteagatik da, oraingoa bero sapa zen aitzakia ni larrutzeko familia oso abuztuko eguzkipetik eraman izanagatik, nori burutu abuztu minean halakorik egitea, nork gogoan hartu behar zuen atzokoa ez zela egunik aproposena hara joateko. Baina zein den egun hori, hori irizpidera ekarrita errieta areagotu baino ez nuen egin, horrelakoetan betiere suertatu bezala, oraindio ikasi ez baitut zer edo zer leporatzen didatenean ixil-ixilik aditu baino beste aukerarik ez dudala, beti men egin behar dudala nahitaez, ni beti oker nagoelakoan, nire leporatzaile laztana aldiz beti zuzen, nola ez, horretarako propio jaioa eta iaioa bailitzan.

Eta San Gines ermitaren inguruan geundela, haraino familia ia herrestaka eraman eta gero, parkeko mahai batean eserita nik goiz-goizean prestaturiko bokata ezin goxoagoei koska egiten, inguruko zuhaitzen itzalpean  eta Toloño magalean ugari den haize lasterrak jota, nola ez ekarri akordura txikitako hainbat eta hainbat pasadizu aiton-anomonean, lehengusuekin eta, nola ez goxatu hain gertuko edo bihotzeko dudan ikuspegiaz, nola ez kontatu nire seme nagusia hortik gertu Atxalde dagoela, bere aitajaunak erosi, atondu, ustiatu eta saldu egin zuen mahasti zoragarria, nola ez galdetu nire buruari behin berriro zer dela eta holakoetan nagoela nire laztanak beti mingostu behar didan astialdia, zer dela eta beti kalapita edo errieta izan behar edozein huskeriaren kontura, zer dela eta beti ere herritik ia arinketan alde egin behar oso nekatuak daudelako edo auskalo zertatako oso berandu ote delako. 

Beti ihesian, iraganetik batik bat, oroitzapenak soberan baleude bezala, nire sustraiekin topo egiteko eskubidea ez banu bezala, den-dena orain adi ari naizen Ruber Ordorikaren kantuan bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...