lunes, 6 de enero de 2020

ASTEKOAK



Ikasturte hasieran etxerako lanak batere gustuko ez zituela esan zien bere ikasleei. Ikasturtea aurrera joan ahala gero eta etxerako lan gehiago jartzen joan zitzaien. Gabonetako oporretarako gure txikerra etxeko lanez gainezka, leporaino, dago; egia esanda, eta kanpotik etorri garenez gero, egun osoan landalan, jotake, asteartea, eskolara itzultzeko eguna, baino lehenago bukatze aldera.

Nork ez du izan halako irakasle ahobero, itxurazale, inuzenterik, normalean oso gazteak direnak, lanean hasi berriak, zenbat eta gehiago agindu, orduan eta gutxiago egin. Edo bestela esanda: Zenbat eta ipurdia gorago, orduan eta burua beherago?






Atzo arratsaldean Patxi Zubizarreta eta bere emaztearekin topo egin genuen Gasteizen tabernarik taberna gindoazela. Bazen urtebete edo elkar ikusten ez genuela. Patxi da tipo ikarragarri atsegina, ia-ia emazte I bezainbeste . Edozela ere, hitz aspertu eta batik bat goxoak egin genituen, denetarik, seme-alabetaz, hirietaz, I.k irakasle zein irakaskide izan zuen nire osaba JMz, liburuetaz. Eta bai, tristea da; baina, liburuak eta batez ere euskal literatura behin hizpidera ekarrita denok atsekabetzen gara, etsiak edo harrapatzen gaitu, beharbada ni neu inor baino gehiago. Patxik Euskadi Haur eta Gazte Saria irabazi egin du laugarrenez. Orain bai, baldin bazoaz aurten saritutako liburuaren bila EH.ko hiriburu guztietan dauden makroliburudenda oso ezagun batzuetara baliteke ez topatzea, eta bai ordea enpresa edo jabego berekoa den argitaletxe baten liburu guzti-guztiak, hau da, direlako liburudendak delako argitaletxearen saltoki hutsak balira bezala ozta-ozta.





ESPAINIAKO EGOERA POLITIKOA ETA NIRE AMA PUNKIA

Ama maite dut, maite, jakina. Halere, nik uste urrundik hobeto maite dudala ondoan izanda baino. Izan ere, nire amarenean egoten naizela ezin diot alde egiteko irrikari eutsi, ez baldin bada Oviedora ihesi bueltatzeko, bai behintzat etxe inguruko mendi edo basoetan barrena. Ez dut modurik nire amarekin ezertan bat egiteko, beti ari gara eztabaidaka edo ustekabeko errietetan edozein huskeria edo gaizki ulertzea dela kausa. Horrexegatik ere bera beti ari da niri ixilik egon nadin esaka, aginduka, maiz nik ahoa zabaltzeke ere. Eta ez dago konponbiderik, nire amak aspaldi erabaki egin baitzuen ez duela gainerakoen argudio edo aholkuei ezertan erreparatu behar, hots, ez duela inolako ahaleginik egin behar gainontzekoen iritziak kontuan hartzeko guztiz zentzuzkoak izanda ere. Gauzak horrela, berdin dio haren buruaren kontrako erabakiak hartzen baldin baditu, antigoaleko punkarren modura auto-suntsipenera bidea hautatu baitu bere ingurukoen esanei beti muzin eginez; berak ondotxo badaki maite dugunok zuzen gaudela bere burua zaindu zein sendatzeko aholkuka ari garenok; baina, ez dio axola, bere askatasuna nola edo hala murriztea eskatzen ari garelakoan dago eta. Horrenbestez, haren onbeharrez esan edo egin nahi dugun oro bere burugogorkerian amore ematea bezala hartuko digu. Eta jakina, hori ezta bera hazi eta hezi bezala, ezta bere patua bera onera aldatzea nahi dugunon gogo eta asmo onak aintzat hartzea, printzipioz edo arauz muzin eta izkin egitea baizik. Ba, gaur egungo eta betiko Espainia nola edo hala, kosta ahala kosta, ekinaren ekinez, eraldatu edo mejoratu bahi dutenekin antzeko-parezido



Tradizioari beti muzin eta burla ere egin dion ipurterre honek gaur tradiziozale amorratua bilakatu da. Bai, alde batetik azken urteotan nire koinataren anaia nagusiak, sukaldari benetan fin eta saiatuak, nire amarenean afari beti berezi, txukun eta izugarri goxoa prestatu ohi duelako Gabon gauerako. Horrenbestez, nik gaur, eta urtero lez, bizi osokoa, txikitandikoa, prestatuko dut ezer berrrik gaineratzeke gauerako zein biharko; karrakelak, almejak saltsa berdetan, gambas al ajillo, bogabanteak, etxean egindako errabak, itsasoko lubia labean eta agian ezin tradizionalagoa dena gure etxeetan: gauean aza eta arkume errea biharamunerako. Honekin batera, jakina, sagardoa eta urtero ere Gabonetan edan ohi dugun ardoa: Solagüen eta Ostatu. Jakin badakit gure Arabako Errioxan ehunka upategi daudela, atzo bertan Guardian zenbait berri dastatzeko gogo bizia piztu zitzaidan. Halere, zertarako aldatu, zer dela eta ezer berririk sartu urtero, ez berdina, bertsua baizik, berez bizitzaren etengabetasuna ospatzen duten jaiegunotan. Gauzak horrela, eta urtero lez ere, ZORIONAK ETA URTE BERRI ON! maite eta estimatzen zaituztedan guztioi. Aurten, agian, osantsuago jango eta gutxio edango dut; baina, zaudete lasai, datorren urtean eta funtsean ezer aldatuko ez denez elkarrekin egongo gara berdin-berdin. Ezta plan txarra, ez horixe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...