viernes, 9 de julio de 2010
GU GARENAREN GORABEHERAK
Euskaraz ez dago dudarik, nortasuna nor egiten gaituena edo nor izatearen ezaugarri sorta definigaitza omen da, eta kitto. Baina identitatea oso bestelakoa da, kontzeptu latino bat da zeharo lotuta dagoena, ez garenarekin, jaio, koskortu edo gutxienez maite dugun herriarekin baino. Horrela esanda oso argi ematen du, baina ez, ezta inondik ere, nonbait jaio, koskortu edo maite izateak herri hau nola edo hala definitu edo bereizten dituen mito, sinbolo edota ikurrekin bat etortzea eskatu ohi digu nahitaez. Nork edo nortzuek eskatzen digute nazio bat definitzen duten ezaugarriokin bat egitea? Auskalo, baina jaiotzen garenez geroztik ari dira etengabe nazioaren leloarekin gora eta behera, zer garen, nongoak eta maiz ere zeren alde edo kontra irakasten saiatzen direnak, tribuaren buzuzagiak zein aztiak, bai eskolan edo kalean, bai familia edo lagun giroan, eta badaezapada heldu eta gero ez gara konturatu, hor ditugu gobernua zein alderdi politikoak behin eta berriro, egunero, gogoratzearren.
Alde horretatik badago jende pila munduan zehar oso argi dituela bere ezaugarri edo fideltasun nazionalak, Lionen jaio denak fransetsa du bere burua eta Madrilen jaiotakoak espainol peto-petotzat hartuko. Tamalez, Espainian bertan badago biztanle edo herritar pilak ez duela bere nazio fideltasuna oso argi, egon badaude ere inola ere argi nahi ez ditugunik, mugak zein banderak oztopo baino begitantzen ez zaizkigunok, bost ardura digunok tokian tokiko leialtasun faltsuak edo bederen duda-mudazkoak, batez ere betiere beste batzuek, historian zein gaur egungo goi erakundeetakoek, eramoldatuak edo ausaz asmatuak ere izan direnez gero. Badira esaten digutenak espainolak garela izen hori daraman lurralde historiko eta ia geografiko ere batetan sortu eta bizi garelako, baina egon badaude ere guztiz kontrakoa eratzunten dietena aurrenekoei, ez garela espainolak euskaldunak baino, gure herria zapaldua bizi dela Espainaren mendean, eta mendekotasun hori nola edo hala, noiz edo noiz, lepo gainetik kendu behar genukeela kosta ahala kosta, azken urteotan gure herriaren askabidean genbiltzala, eta hori dela eta nire modura aiko-maikoetan ari den oro traidore edo txoropito hutsa dela halabeharrez.
Baliteke, baina banderak gogoz eta bihotzez maite dituztenen ondoan bagaude ere batere gogoko ez ditugunak, ez baldin bada atzerrian larri-larri gaudela gure enbajadarena laster eta edonon antzemateko edo kutxa automatikoan gure gogoko hizkuntza hautatzerakoan. Bagara ere jende pila segun noiz edo nola bata ala bestea aintzakotzat hartzen dugunok, hau da, batzutan espanoila izatea komeni zaigunean argi eta garbi aldarrikatu ohi dugunok ,eta baita bestetzutan euskaldunak bakarrik sentitzen garenean inolako arazorik gabe aitortzen dugunok ere. Baliteke ere egunaren arabera bata ala besta gogoz eta bihotzez sentitzea, baliteke ere bokalez bukatzen diren hiletan espainola eta gainerakoetan aldiz euskaldun peto-petoak, hau da, inor baino abertzaleroagoak. Hau guztia horrela izanda bistan dago, ageri-agerian, indentitatearenak berdin digula egiatan, ez dugula behar bezala seriotan hartzen edo gure gogara bederen modaltzen saiatzen garela nork bere apeta edo interesen arabera. Egia esan, gure bizian nongoak eta areago nortzuen alde garen baino gauza guztiz garrantzitsuagoak direlakoan gaude.
Gainontzekoek ordea ez dute hain garbi, gainontzekoek euren identitatearekiko leialtasuna eskatzen digute etengabe, erabatekoa, bestela akabo, nirekin ala nire kontra, hemengoa ala kanpokoan, zuri ala beltz, ur ala ardo. Ezin dute ulertu biak gustuko izan ahal izatea, ura zein ardoa, eguna edo egarriaren arabera edan nahi izatea. Horrelakoek behin betiko, behingoz, hautatzeko eskatu ohi digute, euren alde edo aurka. Ezezt esatekotan zureak egin du, hau da, euren neurriko aberkide bat izateko eskakizun guztiokin bat ez baldin zatoz izorratuta zaude, akabo, c´est fini, ez zaituzte inoiz euren arean onartuko, tributik at zaude, are okerrago, etsaiaren besoetan, eurak ez bezalakoak, kanpokoak, beti etsai izan ohi baitituzte, ezin dute bestela ulertu, ezin dute kasketean sartu indentitatea ez dela ezinbesteko betekizuna, gogoa baino, gogoa bikoitza, hirukoitza edo enekoitza izan daitekeenik. Gogoa ala sentimendu hutsa, eta sentimenduetaz ari bagara auskalo bakoitzak bereak. Nire sentimenduak oso bitxiak baitira, ez dira batere sinpleak edo trinkoak, guztiz anitzak, aldakorrak eta kapritxosoak ere bat. Zeingotzat horrelakoa banaz, hain ganorabakue, aldabera hutsa. Gainera ez ditut oso argi, inondik ez, gure identitatearen nondik norakoak, herri bezala behintzat, noraino garen hain bereziak edo desberdinak gainerako espainolekiko, edo nolako benetako euskadun peto-petoak euskara eta Euskal Herria zinez maite edo gutxienez ezagutzen ditugun aldetik, batzuentzat E.H Abandoko Zoroak asmatutako Euzkadi nazkante bizkaizante hori baita bakar-bakarrik, edo bestela esanda: Batzokilandia. Egiazko Euskal Herria, zazpi eskualdetakoa. E.H oso anitza da, baditu ia oso bestelakoak diren hamaika pasaia edota bizimodu, zazpi herrialdetan banatua dago eta bakoitzak baditu ere bere historia eta nortasun propioak, bereziak, eta kasu askotan ere gainerako herrialdeekiko inkopatibilitate handiak ere bai. Eta hau guztiau gutxi balitz bezala bere biztanleak ere anitzak eta ezberdinak dira, nork bere euskaltasuna oso modu bestelakoa ulertzen duena, aintzat edo ez hartzen duena. Badu ere, alajaina, euskal herri egiten duten gutxieneko ezagutzaile komun bat, batzuetzat oso azalean dagoena, oso garrantzitsua dena, bestetzuentzat ordea anekdota hutsa, iraganeko gauzak, azaleko bitxikeriak edo aztarnak. Bestela ez litzateke EH izango, eta batzuen ustetan ez bezala ezta euskara bakarrik, oinarrizkoa izanda ere, historia bera baino, zazpi herrialdeena, nor bere kabuz baina aldi berean zazpiak bat ere izan dira, sikiera borondatez, eta hau ulertzen ez duena, edo nahi ez duena, historia ikas dezala eta kitto. Horrexegatik begitantzen zait guztiz hutsala, ez baldin bada petrala, eta behin baino gehiagota ezatsegina eta oso bortitza edo ezbidezkoa ere, betiko abertzaltasunaren ikusmolde trinko eta baztertzailea, bata ala bestea baina inola ere ez biak batera, edo bataren hau eta bestearen hori, ez du gehitzen, baztertu baino, gainera aspalditik baztertzen, zokoratzen, uxatzen ari da hainbat euskaldun, besteak beste nafar gehienak, Bizkaian sortutako euskaltasunaren ikuspegi ziztrin horrekin inola ere bat ezin datozenak, euren erresumaren ezaugarri, ikur eta batik abt aniztasuna sekula onetsi ez dituena, gaitzetsi baino. Eta baita kanpotik etorritako hainbat euskotar berri edo beren ondorengoak, ezin direnak inola ere ondo moldatu euskaltasunaren definizio murritz edo bortitz batekin, hau da, etnizista hutsa, joandako mendeko kontzeptu kaskar eta zaharkitu batzuk oraindik darabilzkiena. Horrexegatik ere azken urteotan euskal abertzaltasunak ez du gehitu, kendu baino. Eta horrexegatik ere merezi zuten aukera hauteskundeak baino lehenago indentitarearen ikusmolde hain hestu eta kaskar hori behin betiko gainditzea agindu egin zigutenek, nik behintzat sinestu egin nien, hain sinisbera naiz-eta.
Zoritxarrez, hilabeteak joan ahala eta euskaltasunaren inguruko eztabaida aspergarri eta amaigabeak alde batera lagatzea proposatu zigutenak oso bestelako zeregin baterako aprobetzatzen ari dira hausteskundeek emandako aukera: euskal abertzaleek urteotan ezarri edo inposatutako sinbolo guztien deseuztapena. Alabaina, ez dituzte baliogabetu nahi abertzaleak ez diren gainerako euskal hiritarrok gustorago edo libreago egon gaitezen. Ez, ezta hori inola ez, badirudi baliogabetu nahi dituztela beste kolore bateko indentitate bat ezarri edo inposatzeko asmoz. Hori dela eta, gehienok maite edo gutxienez onetsitako E.H.ren mapa aldatu, estatuaren bandera edonon jarri ikurrinaren alboan, euskararekiko edozein gauza lupaz begiratu eta murriztu, edota Espainako gainerako komunitate autonomo guztiekin parekatzen gaituen edozein gauzatan bat eginez jardun dute gure agintari berriek. Honi guztioni "normalizazioa" deitu diote, hau da, normala haiek egin dutena adierazi nahian, eta ondorioz orain arte besteek egindako guztia anormala balitz bezela. Baina orain arte egindakoa gehiengo batek eskatua edo behintzat gogoan hartua zela ahazten dute, ahaztu ahaztu egin dute ere gehiengo hori oraindik dagoela hauteskudeak hauteskunde, eta ahazu nahi izango dute lau urte barru gehiengo horren sentimenduak aintzat hartzekoak ere direla, ez baitira anormalak, bestelakoak baino, abertzaleak. Orain eroso ez daudenak haiek dira; orduan, zertan egin dugu aurrera? Zertan hobetu gar? Zertarako hainbeste agindu edo egitasmo bateratzaile edo eskuzabal? Gezurretan ote zen, trikimailu hutsa ez batzuekin ez besteekin, idenditatearen leloaz potroetaraino geundenon botoa eskuratzearren? Auskalo! Baina badirudi hau guztia kanpoan gehienbat ondo baino hobeto ulertzen duten normalizazioaren alde egin eta egiten ari direla, baina inola ere ez euskal herritarron bateragune lasai eta atseginak, anitzak, sortzeko asmoz, gehiena jota estatuaren morroien apeta jakobinoa asetzeko soil-soilik.
Jakina, nire nortasuna identitatearen eztabaidaren gainetik dago, baina hor nonbait jaio, koskortu naizen aldetik badut ere eskubide osoa egoki, asetu eta agian ere laketzen nauen euskal identitate bat nire kasa moldatzeko, eta gainera honek ez du ezertan beste batzuenarekin, nire herkideenarekin kasuko, bat etorri behar, gainera gehienetan ez du egiten, oso tipo arraroa naiz-eta... I needn´t Spain or Basque Country, I need peace, freedom and my friends...
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario