viernes, 2 de julio de 2010

NAHASMENDUA



Goizean lehenengo aldiz Gasteizen bakarrik nengoela, hau da, Mr barik, eta erdialdetik nindoala, General Alava kalearen aldetik, aspaldiko Kolkai jostailu denda eta gaur egungo Baskoniarenaren aurre-aurreko eraikin dotore, zuri eta sasi modernistaren azpiko oso denda ezagun batean honako hau irakurri ahal izan dut izki handi-handitan: REBAJAK. Zer esanik ez, harri eta lur geratu naiz supituan. Badakit hiriko euskadun gehienon euskara maila oso halamoduzkoa dela, ze ingotzagu, baina halako erderakada galanta zabalgune historikoko erakuslehio itxuroso batean irakurtzeak min besterik ezin zidan egin, ez baita oso ohikoa kaleko euskaraz bakarrik entzun litekeena, hau da, euskaldunzahar peto-peto eta ia eskolagabekoen ezpainetatik entzunda, hain konplexu barik idatzita ikustea.

Erdarazko "rebajas" hitza esateko hainbat neologismo dago, bi nagusiak "beherapenak" eta "merkealdiak". Badirudi urteak joan ahala gure eraskuslehioetan nagusitutakoa "beherapenak" dela. Ederto. Niri ez zait batere gustatzen, egia esan ez deritzot oso egokia edo zuzena, baina zer ote dakit nik. Baina tira, beharbada erdarazko "rebajas" hitzak behar bezalako zentzurik ez izatea, normalean prezioen egokipenaz ari baikara, oso gutxitan birritan egindako beherakera edo. Dena dela, badirudi ere "beherapenak" hitza erdarazkoaren pare-parekoa izatea, prezioak benetan beheratu bezala edo, gero ez da egia, sarri baino gehiagotan ez dira beheratzen, egokitu baizik, baina... Nik uste "merkealdia", hau da, gauzak merkeak direneko aldia, egokiagoa dela, azken finean hori baino ez dira udakoak, udara arte ez saldutakoa nola edo hala ateratzeko saio porrokatua.

Rebajak hitza hain agerian ikusteak gauza bi pentsarazten dizkit, alde batetik egilearen okerra erdaraz idazterakoan, eta bestetik euskara oso ondo edo ezer ez zekienaren eskua. Badirudi azken honi eman diotela euskeraz jartzeko agindua eta berak errazenera jo zuela, hau da, "k" aniztatzailea erdarazko "s" ren ordez idaztera.

Bestela ezin da ulertu, zeren euskara jatorrean idazteko gogoa baldin bazuen gutxienik "Errebajak" jarri behar izan zuen, edota jatorrago izate aldera, hau da, Gasteiza erosketetan joan ohi den Aramaio-Debagoienea edo Otxandio-Legutio aldeko edozein euskaldunzaharrek esan balu bezala: "Errebajiek" edo.

Badago, berriz, hirugarren aukera bat, nahaste-borraste itzel bat egin nahi izana, hau da, bi hizkuntzen nahasketa edo elkargurutze petral bat, krisialdian gaudela eta hainbeste tinta ez xahutzearren, nolabait esateko. Horrela izan ezkero, ordea, nik proposatuko nituzke ondoko elkargurutzeak euskañolaren bidetik: Hatzienda Forala, bonberotzainak, Munizipaltza, Sanidakidetza, Presidentelari edo Eusko Gobernutzoa...

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...