viernes, 13 de abril de 2012
AGUR GOMAZKO PILOTEI
Nire lehenengo oroitzapena Franco hil eta gero, haurra nintzen, nik uste zorigaiztoko martxoak hiruan izan zela, egundoko iskanbilak Gasteizko kaleetan, bizi ginen etorbideraino iritsi zirenak, jendea lasterka eta aldraka poliziengandik ihesi, hauek atzetik tiroka, kezko poteak, berunezko balak noski, eta gomazko pilota delakoak. Nire lehenengo oroitzapena ama leihotik poliziei oihuka, euren bidegabeko indarra gaitzesten zien, gure etxe aurrean manifestari batzuk gogoz eta gogor jipoitzen ari baitziren. Amak ezin zuen jasan, amak zer edo zer egotzi behar zien lurrean etzanda zeuden lagun batzuen kontra kolpeka errukigabe ziharduten agente haiei. Bat-batean, haietariko batek eskuan zuen pilota-jaurtigailua nire amaganantz jiratu, apuntatu egin zion zuzen-zuzen, barrura sartzeko garrasika ala bestela tiro egingo ziola mehatxatuz. Ama, ordea, beroago jarri zen, ikaragarri aztoratu egin zen, nola ausartuko bera bezalako andre xehe eta errugabeko bati mehatxu egitera. Errietari eutsi zion, denetarik esan zion txakur hari, txakur jotzen ari baitzen, duda izpirik gabe. Orduan, polizia tiro egitear zegoela edo, aitak besotik oratu eta barrurantz bultzatu egin zuen, nahi al duzu ezbeharra izatea?
Egun hartan gomazko pilotak ezagun egin nituen gertu-gertutik nire amaren aldamenean bainengoen leihoan, harrezkero are gertuago eta maizago izan ditut. Gomazko piloten mehatxu etengabekoa gure gaztaroan. Nola ez, esan liteke argi eta garbi etengabeko manifetan koskortu egin garela oso-oso gaztetatik eta ozta edozein aitzakia zela kausa, ez dela beharrezkoa zer dela eta azaltzean, jaio garen herrian jaiota behintzat ez. Eta manifa guztiotan “haiek” azaldu orduko gomazko pilotak mehatxu baino gehiago, gomazko pilotak ikur ziren, haien bidegabekeriarena hain zuzen, lehenengo pilota jaurti orduko bazenekien ez zegoela ezer eztabaidatzekorik edo, korrika egiteari ekin behar zenion txakurren bortizkeria bidegabekotik ihesi. Gomazko pilotak ziren gurekin erabili ohi zuten erantzun bakarra, aldez aurretik ondo erabakita baitzuten ez zegoela konponbiderik protesta egin nahi genuenekin, hori zen eurek bete behar zuten agindua, gomazko pilotaren jaurtiketa oldarrez eta gupidagabe egurra emateko oharra. Gomazko piloten jaurtiketa omen zen astebururoko melodia, taberna barruan zeundela eta leihotik jendea antxintxika igarotzen zenekusala, ondoren, manifestarien atzetik segika, gomazko piloten jaurti hotsa, bazenekien behin berriro iskanbilak zure astialdia hankaz gora jarriko zuela. Eta egon, egon zintezkeen taberna barruan babestuta zeundelakoan, baina ez, zeren ezustean azaltzen ziren haiek euren pilota-jaurtigailuei oratuta eta gutxien espero zenuenean tiro egiten zuten zoro moduan, berdin zien eragin zezaketen kaltea euren asmoa gu denok ikaratzea baino ez baitzen, mendeku egitea gure herrian bizi zuten egoera benetan berezi edo zitalagatik. Askotan ere, zu agian manifara joana ez zinela, baina zure inguruan eta astebururo bezala sutan zegoela, tabernatik irten eta adi-adi egon behar zenuen gomazko pilotarik ez jasotzeko, kalea tiro-zelai hutsa baitzen. Eta hain usukoa omen zen guda giro hura, ezen ez zenion zure asteburuko parranda egiteari utzi nahi betiko lez tabernarik taberna joan-etorriari. Orduan gauza bakarra egin zitekeen: kalean piloten tiro hotsei erne egotea, badaezpada, bazenekielako ustekabean jo zintzaketela, edonola ere alde zaharreko bazterretan erdi babestuta zeuden txakurren diana hutsa zinela, euren amorruaren helburu, besterik ez. Hala eta guztiz ere, ausartzen zinen, zer-nolako arriskutsua izan zitekeen ondo jakinda ere, bazelako duda izpirik gabe, gogoratu besterik ez duzu egin behar begia atera zioten ezagun genuen Lopez de Zubiria izeneko gazte hori, baita horrezkero, noizik behin eta hau bezalako beste hamaika lagun edo egunkarietan azaltzen ziren beste batzuen izenak ere. Eta gogoratzen ari garela, nola ez egin elkarri erakusten genizkion piloten zauriak, orbanak edo beltzuneak, joko benetan beltza, bai noski. Eta piloten tiro hotsek etxeraino ere laguntzen ziguten, harik eta oheraino heldu eta behin eta berriro loa lapurtzen ziguten amesgaiztoetan murgildu arte.
Baina gomazko pilotak izan omen ziren gure gaztaroko ezinbesteko osagai bat, haiek barik ezin ulertu izan ginena, bizi genuena, gure historia txikia, geroko kontakizun ditxosozkoa, bortizkeria politikoaren erruz pairatu egin dugun zentzugabekeriaren beste alderdi esanguratsu bat. Kontakizun horrek bat baino gehiago duelako, eta guzti guztiak jorratu beharrean gaude gutxienez egiantzekotasuna gero eta handiagoa izan dadin. Bestela, nola azaldu guren ondorengoei gomazko pilota baten jaurti hotsak eragiten digun hotzikara.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
INVIERNO A LA VISTA
T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...
-
La verdad es que no le veo gracia alguna a partirle la cara a nadie con un objeto contundente, ni siquiera por el detalle de que haya sido c...
-
Dentro del saco sin fondo que contiene todos los mitos, tradiciones y puros atavismos que, según entendidos, conforman la identidad vasca, p...
No hay comentarios:
Publicar un comentario