lunes, 25 de junio de 2012

BELAUNALDI ARTEKO IXIL EZATSEGINOK





Larunbat goizean Tximiso tabernan, aiton-amona batzuk eta ustez iloba duten gaztea barraren izkina bateraino sartzen dira. Aitona makurra da, txapelduna, amona burua tente-tente eta dotore-dotore jantzia, biak igandean mezatara joan balira bezala. Iloba, ordea, hogeita hamarka urtekoa, makal-makala, bizar urria, laukidun alkondara darama, belarritako bat ere bai, urduri dago, ezinegonik. Aitonak egunkaria hartu eta leitzeari ekiten dio, amonak begiratu luze eta sakona botatzen du tabernatik ilobari adi-adi egon bitartean. Mutikoa kontu kontari ari da barra gaineko pintxoen kontura. Euskaraz ari dira, zzzz, tssss. Giputzak, baina ez Gasteiza lantzean behin etortzen diren Debagoieneko euskadunak, hauek ez baitute "z" edo "ts" bereizten, mendebaldeko euskararen "s" eta "tz" baino. Giputz-giputzak dira eta badirudi, nik behintzat hala irudikatzen dut, Gasteizen bizi den ilobak gonbidatu egin dituela hiria ezagut zezaten, horrexegatik hain dotore jantzi dira hirira bisitan etortzeko.

Ilobak, ordea, ez dirudi oso eroso, badaki haren aiton-amonei ez diela askotxo axola erakutsi edo bera ere nahiko arduragabe kontatzen ari zaiena, aitonak behintzat ez du egunkaritik bista baztertzen, ezta imintziorik ere, eta amonak bere irriparrerik zuriena erakusten bide dio gazteari. Izan ere, ilobak hirupalau hitz esan eta gero ezin zuen asmatu bere aiton-amonei zer esan, hirurok ez zekiten elkarri zer esan, hiz aspertuak baino astinduak ematen dute. Horrenebestez, aitonak egunkaria goitik behera errepasatu, amonak iduna ahalik eta gehiago luzatu, teinkatu eta iloba nora begira ez zekiela larri-larri zein asper-asper eginda. Orduan, zera otutzen zaio ilobari bere aiton-amonen arreta nolabait suspertzearren edo, pintxoen gainerako komentario bat, auskalo zein ez bainion oso ondo aditu, Tk hartutakoa ordaindu zein alde egiteko eskatzen zidan-eta. Baina, zerbitzariari kobratzeko eskatu bitartean, aitonak bere ilobari zer-nolako eta berebiziko ezaxola zein destainaz begiratzen zion errepatu nuen, esan besterik ez zitzaion falta, baboa halakoa!, agian bere aita izan balitz esango ziokeen, baten batek daki. Baina, krudelena, latzena edo, amonaren begiratuan antzeman nuen gupida amaigabekoa, benetan lotsatzeko modukoa, negar egitekoa, alegia. 


Pena, pena ikaragarria eman zidan ilobak, nola ez errukitu berataz, elkarrekikoa ahalik eta atseginen egiten saiatzen ari zen bakarra bera zela ematen baitzuen, aiton-amonek ostera Gasteizko kaleetatik arrastaka eraman balitu bezala jokatzen zuten, zeharo gogait eginda berarekin, egundoko esfortzua egiten ari bailiran, suertatuko ilobarekin nahitaez eta nola edo hala moldatu beharrean baleude bezala, eta gainera etsita, inor hobea ez zutelakoan. 


Triste, oso pasadizu triste eta txepela, noski baietz. Alabaina, nire gurasoenera heldu eta arratsaldean beraiekin hitz eta pitz aritu eta gero, nik bakarrik kontu kontari ari nintzela konturatu orduko, betiko lez egundoko ahaleginetan ari nintzela haiekin igarotako astialdia nolabait atseginago egite aldera, inoiz lehen ez izandako solasbidea berreskuratu nahian edo, egiatan elkarri esateko ezer gutxi dugula jabetu egin nintzen ziplo. Oso ezberdinak gara, izan ere ni gainera koxkortu egin naiz nire gurasoen esan gehienei muzin eginez, euren pentsa/ikusmoldeen kontra nolabait esateko, ia ez dugu ezer amankomunean, betiere aparteko kontuz ibili behar dugu elkarri deus esateko, eta gehienetan ere ez dugu elkarri esandakoa behar bezain ondo ulertzen, hori edo agian ez digu batere axola, eta bai, nola edo hala itxurak egiten saiatzen gara, dena itxurakeria baita elkarrenganako maitasunak eraginda, ez besterik. Horrebestez, nire gurasoenean nagoelarik baldin badago nagusi egiten zaigun zerbait elkarrekin gaudela ixilak omen dira. Horretan baitatza nire gurasoenganako maitasuna noizean behingo ixiltasun desatsegin, deseroso, desperante batean, ez dakigu elkarri ezer mamizkorik, bihotzekorik, egiazkorik esaten. Eta zer esanik ez, hau gogoan hartu ahala Tximiso tabernako iloba berehala gogora ekarri egin nuen tupusteko elkartasun batek eraginda edo.



No hay comentarios:

Publicar un comentario