lunes, 18 de junio de 2012

IKATZAREN KOLOREKO ETORKIZUNA


Larunbat goizean lanbro zein euripean jeiki eta Meatzerrietara joan ginen Meatzaritzaren Museoa ikustearren. Delako Museoa El Entrego herrian dago eta haraino jo egin genuen guri bisita egitera etorritako L&B adiskideekin. Kostata, gure kotxez gidari gindoazenak behin baino gehiagotan galdu egin ginelako Langreo aldetik igarotzerakoan, nire laztan asturiarra hiriko kale mehar zehar eta norabide bakarrekoak alderantziz zeharkatu nahian izan bailitzan. Baina tira, hirian zein errepidean itzulinguruka ibili ostean atzenean iritsi ginen, auskalo nola gu bageundelako zeharo galduta, eta hein handi batean inondik inora topatzen ez genituen iragarkiei esker.

Behin Meatzaritzaren Museoan sartuta, ikaragarri gozatu genuen bertan antolaturiko erakusketan gora eta behera. Primerako begitandu zitzaidan, bai bertan erakusten zituzten lagin zein idazkunak aintzat hartuta, bai hauek guztiok irakasten dizutenari erreparatzekotan, nire ustez museoetan oso bakanetan bezala.

Geroxeago bajatu gintuzten egiazko meatzuloa islatu nahi zuen solairu batera, igogailua ere meatzariek erabiltzen dutenaren antzerakoa zen, efektu bereziekin eta guzti, behin barruan solairuz solairu beheraka eta ziztu bizian bazindoaz bezala txirrinotsa ozen-ozen. Behin meategian edo, enetzat ezer berririk ez aspaldian bertan egon bainintzen. Baina, aitortu behar oraingoan lehen baino atseginagoa egin zitzaidala bisita. Zer dela eta? Seguru asko meatzuloan zehar ginderamatzan gidari-meatzariak oso atsegina egin zigulako, zela haren hitzaldia oso zehatza eta aldi berean mamitsua ere, zela meatzuloan barrenako ibilera oso arina begitandu zitzaidalako, nahiz eta ia denbora osoan umea eskutik tiraka zein besoetan hartuta izan. 

Bada, noski, oso bisita ilustragarria, ezin hobeto erakusten dizkuzuna meatzako aspaldiko lan baldintza gogor-gogorrak, zer nolako lanbide neketsua zen, nola bilakatu egin den gaurdaino. Hori dela eta, nola ez egin gogoetarik behin azalera bueltan, nola ez izan kontuan eskualdea pairatzen ari den kinka larria Espainako Gobernuak erabakitako %ko 60ko murrizketen erruz. Egia da, bai, nik neuk idatzita dut blog honetantxe, ikazgintzak ez duela etorkizunik ez baita batere errentagarria, Espainian bertan ekoiztea hamaika aldiz garestiago suertatzen dela Europako beste herrialde batzuetatik ekarri baino. Areago, oso kutsagarria ere omen da. Egia da ere azken hamarkadetan meatzak banan-banan zerratzeko eta bertako langileei zein euren familei laguntzeko diru laguntza eskergak eman zaizkiela ia debalde, ezeren truke ez, emandako diru guzti hori eskualdeko ekonomia iturria errotik aldatu edo beste ekoizpen arlo batzuetara desbideratzeko ozta-ozta erabili dutela. Alabaina, errua norbaitena baldin bada ez dut uste behargin xehearena dela, baizik eta diru-laguntza horien nondik norakoak ebatzi egin dituzten sindikato buru zein agintariena, haiek izan baitira egiazko errekonbertsio bati aurre egin baino lehen oso bestelako neurriak hartu dituztenak diru laguntza horietaz profitatzearren. Esango digute merkatuaren gorabeherak lege dituztenek langile horiek zeharkako kalteak direla, historian lehen makina bat aldiz antzeko gauzak suertatu direla edonon, meatzaritza bezalako industria bat ezin dela mantendu diru-laguntzen bitartez. Baliteke hori guztiau zuzena izatea, nik ez diot ezer oro har.  Izan ere, Zapateroren gobernuak meatzariekin akordio bat sinatu egin zuen non diru laguntza horiek epeka murriztea adosten ziren; oraingo gobernuak ostera akordio hori bertan behera utzi eta diru laguntzak zirt edo zart ezabatzea ebatzi du. Zer ondorioztatu, beraz, oraingo agintariei langile xehearen etorkizun beltzak bost axola diola, ez besterik, merkatuaren lege gordina, inolako edo bestelako giza gogoeta edo lehentasun barik, beraiena dela ere bai.

Bai, etorkizun beltza, meatzerrietan barna zoazenekoa bezainbat, bertan edonora zoazela beherala iraganak paisaian zein meatzerrietako hirietan utzitako ikatzaren arrastoena besteko.


No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...