viernes, 15 de junio de 2012

GAZTEAK ETA EUSKARA GASTEIZEN



Honekin batera doa txosten bat ikaragarri mamitsua, Gasteizko gazte euskaldunen jokaerak zein pentsamoldeak polito jorratzen dituena. Niri behintzat oso gogoetagarria begitantzen zait belaunaldi arteko aldeak nolabait asmatze aldera. Badirudi nire hiriko gaur egungo gazte euskaldunek euskararekin zerikusirik duen guztia oso bestela dakusatela edo gutxienez guk inoiz izan edo sumatu egin ez genituen ñabardurez. Besteak beste, esan liteke oso gainetik ez direla gu ginen bezain politikazaleak, ez dutela euren euskararekiko atxikimenduaren premia guk izan ohi genuen bezain presente edo. Bestela esanda, ez direla gu bezain abertzale edo euskaltzale sutsuak. Ikuspegi zabalagoak dituzte, badakite gure hirian euskararen kontrako jende pila dagoela, baina eskandalizatu edo biraoka hasi beharrean saiatzen dira hauen ikuspegia ulertzen, badirudi euskararen etsaien argudioei adi egoteko ahalegina egiten dutela, gauza direla nola edo hala sektarismoa alde batera uzteko, eta horri guztiz azpimarratzekoa zein txalotzekoa deritzot. Badakite bizi diren gizartea oso anitza dela, onartzen dute, uste ez baitute euren betekizuna gizarte horren nondik norakoak aldatzea dela euskaldun edo abertzaleagoa bilakatu dadin. Badakite euskara eta batez ere euskaraz egiteko dituzten hesiak edo oztopoak gainditzea beren eskutan dagoela ez beste inorenean, eta zintzoak dira zer dela eta euskaraz behar edo nahi adina egiten ez dutela diotenean. Ene aburutan hori oso ona da, aspaldiko kontu ustelak, itsutzen gintuzten ideologiarenak edo leialtasunarenak alde batera utzi beharrean baikeunden errealitatearekin etengabe kolpeka ez egitearren.

Edonola ere, ez dakit zeren kontura ezer edo inor epaitu behar nukeen, hona hemen txostena eskuratzeko helbidea, esanak esan badago gauza bat benetan argia, euskara badela aspalditik Gasteizen txertatua, baliteke erabileraren %5 hori oso eskasa izatea, agian eta batez ere ezagutzarekin alderatuta, hau %27 ingurukoa baita, baina desoreka hori, EH osoan suertatzen dena bestalde, behar bezala ulertzeko, gure hiriko historia aintzakotzat hartu behar genuke ezer baino lehen, orduan konturatu ahal izango ginateke garenaz zein benetan izan nahi eta ahal garenaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario