-Eta jendea?
-Auskalo! Zu, badaezpada, segi joka!
Zer gara gu, Titanicko Orkestra ala zer?
-Antzeko-parezido
-Koroabirusa Iceberg omen dugu?
-Galanta!
Zenbatgarren eguna. Eta biharamuneko albisteei adi egon beharrean, hau da, eguneroko hildakoen zenbaketaren zain egon ordez, birusaren inguruko gorabeheren beldur egon ordez, politika txit zikin eta nardagarriaren azpijoko aluaz enegarrenez ernegatu ordez, eguneko leloa dela medio ingurukoekin hitz eta pitz, ez baldin bada eztabaidaka edo noizik behin errietan ere, jardun ordez, etorkizunaren nondik norakoei buruz etengabeko gogoeta zuri-beltzak egin beharrean, hots, goizotan ozta-ozta kutsadurarik gabeko zeruari, urruneko mendien gaineko ikusmira izugarri gardenari zein oraindiokan erabat moteldu gabeko ixiltasun zirraragarriari erreparatuko banie soil-soilik, ez al nintzateke guztiz zoriontsuagoa? Baliteke, bai; baina, ez dut uste gai izango naizenik, ez.
Ezetz, ez garela krisialdi honetatik mejoratuak irtengo, ez dela funtsean ezer aldatuko. Baliteke hasiera batean zenbait gauza zehatz, koiuntural edo estruktural aldatzea, hobetzea, berpentsatzea; baina, gizakumeok denbora aurrera joan ahala denok lehengo lepotik. Pentsa, noiz aldatu da gizakia krisialdi, gerra edo zoritxar batetik, edozein hondamenetatik Historian zehar? Inoiz ez, gizaseme-alabok betikoak gara, Gure gizatasuna ezta sekula santan aldatzen, ezin da aldatu gure izanaren ardatza delako. Esaterako, atzo bertan nire emaztearen lagun batek, Oviedoko ospitalean lan egiten duen fisiioterapeuta saiatu batek, koronabirusaren larrialdia baretu ahala mota guztietako gaixoek eurekin beste behin ere zakar jokatzen hasi direla aitortu egin zion, hau da, izurriaren ustezko edo balizko arriskua moteldutakoan osasun langileekiko ohiko gizalege zein egonarri eza itzela erakutsiz. Areago, nik esango nuke antzeko zerbait ezin ageriago antzematzen zaiola arratsaldero osasun langileen omenez egiten den txalo zaparradari, egunean baino egunean apalagoa, motelagoa, omen da. Bestalde, non daude, hots, non ezkutatu dira, publikoa zen oro suntsitu nahi zuten liberal sutsuak, euren sakelatik gainontzekoen premiak eta inondik inora subentzionatu nahi ez zituztenak? Uste al duzue hau guztiau pasa eta gero plazara sozialdemokrata porrokatu aldatuta bueltako direnik? Hori bai, hondamendiaren tontor gainean gaudela guztiz gurezkoa da jaitsiera bigunagoa izango delakoan egotea.
Egunean baino egunean
gogoa gero eta ilunagoa
Gainbehera etengabean
Hala belzten dut animoa
Izan gara optimismoaren morroiak,
geroan ametsak genituen nagusi,
patuari muzin egindako ume bihurriak,
biziaren hauskortasuna ez dugu ikusi.
Orain nonahi hondarrak
Etorkizuna doa pikutara
Gaurgero dena zakarrak
Laster heldutako ikunkara
Txema, arren, domeka da, ez izorratu!
Pozarren jaiki nahi nuke nik ere,
baina, goizean beluxa egin dut zabaldu
"Maldan behera doa aguro nire..."
No hay comentarios:
Publicar un comentario