BERROGEIALDIKOA


Baskongadetan Koroabirusaren eragina Asturiasen baino hamaika aldiz handiagoa, zitalagoa, izan da; halere, Batzokiherrian hainbat ikasle maiatzak 18ean eskoletara itzuliko dira ikasturtea borobiltzeko asmotan, EAEn, Asturiasen aldiz ez, euren etxeetatik ezinezkoa, ezbidezkoa, zaielakoan edo. Eta hori beti kontuan hartuta euren etxeetan inoiz baino lan gehiago egin dutena, bakarrik eta ordutegi barik. Denok dakigu nolakoak diren nerabeak, nolatan erlazionatzen diren, zeintzuk diren euren lehentasunak delako testorenonak akuilatuta. Ez dut fitsik ere ulertzen. Mendebaldeko Nafarroan Asturias aldean baino azkarragoak, iaioagoak, sendoagoak, adoretsuagoak ote dira? Noiz eta zer dela eta gutxieneko arriskuaren legea bertan behera laga egin da? Norbaitek azal diezadala, bai; baina, faborez, oraintsu arte "Urkullu ekonomia langileen osasunaren gainetik ipintzen ari dela" aldarrikatzen zuen inor izan ez dadila ere, hots, ikasle zein euren familiena hutsaren hurrengoa bailitzan. 




Goizero fijo. Adiskidetuko al gara atzenean? Txakurrekin, nire bizi osoan edukitakoekin, senitarteko zein zenbait adiskiderekin bezala suertatzen zait, maite dituzula halabeharrez; katuekin, ordea, eta basurde, orein, otso, sai, hartz, arrano, mirotz, belatz, erbinude, azkonar, azeri, (basa)hontz eta abarrekin bezala, ezinbestez miretsi eta estimatu beharrean nago. Saguzarrekin aldiz "eztakitpanik"... ederra egin digute eta!




Niaren nagusitasun erabatekoaren garaia


"Nik korrika egin behar nuen goizero bezala, nik nire eguneroko mendian zeharkako ibilaldia ezinbesteko nuen, nik nire niretarrak besarkatu behar nituen, nik nire astebururoko mozkortxoa desiratzen nuen, nik nire hiriko kale nagusia zapaldu behar nuen nahitaez, nik nire seme-alabak euren parketxo kuttunera eroan behar nituen derrigorrean, nik nire txima luzea gaur bertan moztu behar nuen, nik nire..." Ez dago "gu", dena da "ni", euren buruaz baino hitz egiten ez duten miloika hiritar umegabetu eta edozein huskeriagatik saminkorrak euren zilborrera begira bizi dira euren aldamenean gainerakoak oraindiokan ere kutsatu eta hil bitartean, dena dagoeneko bertan behera geratu balitz bezala, dena bi eguneko amesgaiztoa izan balitz bezala, dena gobernu gaizto, zoro eta baldar baten ustekabeko kapritxoa izan balitz bezala.



Gure gizartearen porrotik handiena, ageriena, behinena, gizabanakoen Nia maite, nahi eta behar dugun ororen ardatza bilakatu izana omen da






Kalera zoaztela gainerakoenganako bi metroko distantzia gutxienez, ezin da inor besarkatu, ezta musukatu ere -eta nigatik balitz ere nire paretik pasatzerakoan begira geratzen zaizkidanoi zartako bana emango nieke nire intimitate sakratua urratzeagatik-. Gauzak horrela, galdera da; baina, baina zuek ze hostia egiten zenuten lehenago, sikopata horiek???




Aitak esan zion:


-Hau guztiau zurea izango da, seme; zu izango zara nire oinordekoa.



Aitak ezin zuen ulertu semearen erantzuna, maskarilla ipinita zuela purrustada bat begitandu zitzaion eta.




Eta kalera irten ginenean hantxe bertan zegoen ez hain aspaldi utzi genuen oro. Txoriak inoiz baino ozenagorik txioka, zerua inoiz baino gardenagoa, mendi, baso, larre eta zelaietako berdea inoiz baino orlegiagoa, zuhaitzak, arbolak, sastrakak zein txarak inoiz baino bipilagoak, bizitzaren usain guztiak inoiz baino jatorragoak. Hor kanpoan, oro har, dena sendoagoa balitz bezala. Gu geu birusa bagina bezala.

Comentarios

Entradas populares