Goizeko zazpietan jaiki naiz; baina, euria gogotik ari du. Hortaz, ibilaldirik ez, ez dut asmorik etxera blai itzultzeko, nahiko makal, atsekabeturik nabil eta atzodanik. Eta honek guztionek nori axola dio? Nori ardura zaizkio benetan hemen idazten ditudan txorakeriak? Zer dela eta harresi honetara igo behar dut burutik pasa zaidan oro ozta-ozta? Zergatik hedabide hau etengabe erabiltzen dut nire zentzugabeko gogoeta gogaikarriak parrastaka eta maiz ere hausnarrean behar bezala egiteke isurtzeko? Zer ote dut nire gogoan halakorik egitera egunero bultzatzen nauena logika zein zuhurtziaren kontra? Hain handiustekoa al naiz idatzi ohi dudanak inori nolabaiteko interesik izan ahal liokeelakoan egoteko? Ez al dut inor nire inguruan hitz aspertuak egiteko, nahi beste aspertzeko, lotsagorritzeko, kakazteko sare honetan ezezagun ditudan gehienak alde batera lagata? Tira ba, goizeko hitsarekin gosalorduan egindako gogoeta txatxuak.
Gaurkoa ez nekike nik nola azaldu; behelaino gutxi, zerua oraindio hodeiez estalita; baina, han urrunean oskarbi moduko arrakala itxaropentsua asterako iragarkizun guztien kontra. Beldur naiz antzinako azti edo druiden gisako "augurus" iragarle bat bilakatzen hasi naizen konpultsiboki; laster hegaztien hegadei erreparatuko diet. Oraingoz behintzat txorien txioei adi nabil etxeko egunerotasun itogarrira bueltatu aurretik. Halere, akordura ekarri dut hemen Asturias aldean 1 Fasean gaudela, baina egiazkoa, ez Iñigo eta enparatuek asmatutakoa, O,5 delako adar jotzea; hortaz garajeko kotxea arrankatzen saiatulo naiz nola edo hala.
Eta bien bitartean, Batzokierrian, 1 mailaren nondik norakoak eztabaidagai betiere batzokiaren gobernuari kosta ahala kosta eustearren; baina, hori bai, helburua oso bestelako bat balitz bezala sinestarazi nahian, hiritarren osasuna kasuko.
-Zuek uste'sue mosketauko ez dienik herri batetik bestera aldatu ezin dana konturatutakoan, 0 fasien gengosenien les?
-Bai zera! Geure faseunoa mundu mailan pionerua dala, batezbe Espainakoan aldian, esaten badotzegu, sinestuko duskue fijo. Ala ez da beti eta printzipioz aditu gura dabiena?
-Bai, zegaiti ez, gaurdaino danerako balixo izen dosku, ezta? Ganera, terrazak eta zabalduko dotziez!!!
-Eta zelan justifeketan dogu be udalerritik atara ahal ez izatea, baina maiatzan 18ien ikasleak ikasgeletara bueltau beharra, batezbe kontuen hartuta beste komunitate batzutan, Asturiasen esate baterako, ikasturtea laster etxeetatik amaitutzat emongo dabiena.
-Bardin, betiko lez, horretan be pioneruak garela esanaz.
-Horixe bai! Eta bide batez osasuna geure lehentasun bakarra dala aldarri eingo dogu enegarrenez. Bakioko txakolin gehixo?
-Beharko, beharko...
-Gora ta gora beti...
No hay comentarios:
Publicar un comentario