domingo, 9 de enero de 2022

SUFRIKARIOKO TRANBIA


 

Atzo Lisboari eskainitako ETB1ko Munduko Plaza saioa ikusten ari nintzela banekien gauena Lisboarekin amets egingo nuela lokartu orduko. Zer dela eta? Ba, nik uste txikitatik zortzi edo bederatzigarren bider bertan egon naizelako, azkenak, jakina, nire emaztearekin zein gure bi kakanarruekin. Eta pentsa bezala lotan banengoela Lisboan bertan nengoen nire emaztearekin. Zoragarria, nosk, non hobeto maiteen dudan hiri horretan baino. Halere, eta lehenago idatzi bezala, hainbat aldiz bertan egona naiz, hortaz, oroitzapen pila; baina, beharnada, askotxo ere ez oso egokiak nire emaztearekin nenbilela. Zergatik? Beitu, esaterako, Moreria auzoan genbiltzala, aldapan gora eta behera, kale batetik beste batera aldatu eta aurretik aspaldi-aspalditik ez ikusitako neska-lagun ohi bat zetorrela asmatzen nuen. Nik, jakina, nire emaztearekin Lisboan zehar ibilaldi erromantikoa egiten ari nintzela, ez nuen inolako gogorik neska-lagun ohi batekin topo egiteko, batez ere “aspaldiko, Txema, nolatan zu hemendik, zer moduz zure…” hitz eta pitz hasteko. Horrenbestez, eta bat-batean kale, plaza, zoko edo zirrikitu guztietatik agertzen ziren neska-ohiekin, gehienak egia esanda ezezagunak, gehienak mota, jatorri eta itxura guztietakoak, ilebeltzak zein ilehoriak edo ilegorriak, zuriak zein beltzak edo beltzaranak, altuak zein txikiak, lodiak zein argalak, jatorrak zein OPUSeko unibertsitatera joandakoak... nola edo hala, kosta ahala kosta, saihesten saiatzen nintzen, sarritan ere oso modu dorpe edo zabarrean, zeren, halako batean, Amoreiraseko behategian geundela, eta nire emazteak niregana “Txema, Txema!” ia aldarrika zetorren brasildar beltzaran bat ikus eta batez ere aditu ez zezan haren belarriak eskuez estali, haren burua oldarrez itzulerazi eta ozta-ozta ezustean behategian behera bultzatu egin nuen. Neska-lagun pila, bai, eta gehienak, egia esanda, nik sekula ez ezagututakoak, benetan diot, nik inoiz egon ez bainaiz bi metro eta koskako angolar jainkosa batekin, ai egon banintz, “esagurot”… mundua hobeto ezagutzeko…; baina, ametsak amets dira, beraz, ageri zen sufrikario moduko batean nengoela, taxuzko amesgaizto batean. Gauzak horrela, erabaki egin nuen Belem alderaino doan tranbia hartzea, bertan biok elkarrekin lasai askoan paseatzeko asmotan behar beste leku eta batik bat bide zegoelakoan; baina, tranbiara igo eta bat-batean jabetu egin nintzen nire ustezko edo balizko neska-lagun ohi guztiak bertaraino zihoazela, nola ez, beharko, Lisboako ibilbiderik ezagun eta xamurrena denez, badakizue, Belémeko Dorretxoa ikuste aldera. Ezin asmatu, beraz, zer nolako sufrikarioa Jeronimotarretara iritsi arte, denak batera, portugaleraz eta nik benetan zertaz ari ziren jakiteke, "Desgraçado, você disse que não foi feito para o compromisso e agora com este pivete de vocês vão viver em Astúrias", hau da, azkenengoz itzarri egin nintzen arte. Arindu ederra, bai noski. Halere, ez nahastu, ni sekula izan ez bainaiz egiazko gonazale porrokatu bat edo, ametsetan propio ez baldin bada, jakina. Atzo errua izan zen lotara aurretik Matthew McConaugheyren Ghosts of Girlfriends Past pelikula ikustea; txarra baino txarragoa.

* Marrazkia, badakit ez dela ezer apartekorik; baina, bai nik egindakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

INVIERNO A LA VISTA

         T anto ejercicio en casa y caminata vespertina me está dejando baldado. Anoche volví a quedarme dormido hacia las once de la noch...